Arkaitz Estiballes
Arkaitz Estiballes

2022-02-08

Adiorik ez, Xanti!

Adiorik ez, Xanti! –

Epaileei buruz idaztea zegokidanean jaso diat hire partitzearen berri, hitzik gabe paratu nauk. Barkatuko didak hire hitzak erabiltzera ausartzen banauk, hik Txomini eskainitako hitz neurtu haiek, hi deskribatzeko ere balio baititek. Ezagutu hindudan apurrean hi ere halakoa hintzen ene iduriz: “Mendi lepoan arbola zaharra lurrari ongi lotua, haize gaiztoak astindua ta eraso asko hartua”.

 

Adiorik ez, Xanti!

 

Baiona Ttipian ezagutu genian elkar, duela hogeita bost bat urte, urteren bat gora behera oroitzen diat eguna. Arratsaldera arte luzatzen zitzaizkigun eguerdi haietako bat huan, Biltxokoko ondoko gelan ari gintuan kantuan zenbait lagun. Txatok egurrezko txirula praken atzeko poltsikotik aterata zian ordurako, Ibonek soinua astinduko zian, Josune eta Oihane ez hituan urruti ibiliko, bok bana eskuan. Julen ziurrenik izkin batean irribarrez egongo huan, Beltza norbaitekin hizketan eta esango nikek Nerbiusek oraindik ez ziala panderorik jotzen. Detaileak lauso oroitzen dizkiat, baina oroitzen nauk, kantu eta trago genbiltzala nola sartu hintzan gu geunden gelako atetik, gizon handia txapel handiarekin. “Hire iduri berdingabea utzi didak betirako, oroitzapenak erabiliaz nolabait bizi beharko”.

Txatok egin zizkian aurkezpenak, nik ez hindudan ezagutzen, hik bahuen nire berri. Ordurako Baionan parranda bat baino gehiago botatakoak gintuan gu, baina ordura arte agertu gabea hintzen hi. Eguna eta ordua hik aukeratu hituan sentsazioa izan nian, ez huan egutegian egun seinalatu horietako bat. Lagunartean gintuan eta bertsotan galdezka hasi hintzaidan, bateko eta besteko kontuak, denak bertso neurriz galdetuak. Galtza bete lan izan nian erantzuten, oroitzen nauk ordu betetik gora iraun ziala elkarrizketa hark eta lehen aldiz bertsolari sentiarazi ninduala. Zorrotza hintzen hitzen tolesduran, atsedenik ez huen ematen bertsotik bertsora, aurpegikera seriokoa irriñoren batek alde egin arren. Bukatu ezineko hura bukatu genianean, ni errendituta ziurrenik, orduan soilik jaso nian hire besarkada, ez huan azkena izango. “Eguzkiaren goxotasuna, erasoaren babesa, nere begien iluntasuna, hire iduririk eza; hi betirako galdu haizela nik ezin nezakek pentsa, izar berri bat aurkitu nahirik zebilek nere ametsa”.

Arratsalde osoa pasa genian elkarrekin Txato eta hirurok, bertsotan eta hizketan, orain Epaixkan, gero Beti Brankan. Hitz gutxikoa hintzela aditu diat behin eta berriz hik alde egin eta gero, ez nagok ados, erantzun neurtukoa hintzela esango nikek. Beste kontu bat huan bertsotan, bertsotan hitz egiten huan hik. Gerora ere halaxe egin genian behin baino gehiagotan Ellande, Ortzi eta Eneritz bertso lagun hituela. Haiekin biltzea huan gustuko, plazera huan Bizkaitik hurreratu eta taldera gehitzea. Bertsolaritzari buruz ere luze jardun genian, izarrei buruz eta argirik ematen ez ziaten izarrei buruz, herriari buruz eta minez. Herriaren minez eta norbere minez, alaba Marisolen minez. “Oihan erdiko haritz tinkoa haundia bezain zuzena, astindu asko hartutakoa, makurtzen ez hindutena; zeinen goxoa hire itzala, guziek maite zutena, euskal lurretan erein hasia, duk gure itxaropena”.

EHNA eskuetan bueltatu hintzan Eskoriatzara hire Twingo txikian, geroztik ez genian elkar hainbeste ikusten. Manifestaldi edo agerraldiren batean topo egiten genianean berriz besarkatzen gintuan eta elkarren berri eman. Urteetan aurrera, pausoa nekaturik henbilela banekian baina oraindik bisitak estimatzen hituala jaso nian abisu. Azaroaren 1ean jarri genian hitzordua, kaferako pastak eraman behar nizkian Aingeruguardara. Bezperan jaso nian deia, makalaldia izan huala. Azkenengoz besarkatu gabe joan hintzen urtarrilaren beltzean. Gutxira joan zaiguk hire ikasle Danel, lehenago ere joan hituan larregi… Hire xumean eredu izan haiz, Xanti, ekintzaile sutsu eta lagun maitekorra, argia ematen duten izar horietakoa. Jaso ezak  gure azken besarkada eta adiorik ez, Xanti, egun handira arte! “Euskal Herrian ibiliko haiz haizearekin batera, egin iezaguk argi izpi bat iluntzen baldin bagera, luza iezaguk hire eskua, lehengo bidera atera, hire bolia eta burruka eramateko aurrera”.

Adiorik ez, Xanti! Adiorik ez, Xanti! Adiorik ez, Xanti!