[Azken Beltza] Kalkulatzearena

Ane Zuazubiskar-(r)en argazkia Ane Zuazubiskar 2025-09-05

Kalkulatzearena –

Kalkulatzearena

Bertsolariak kameleoiarenak egiten dituenaren ideia ez da berria; bai, badakigu noiz-zer-nola-nori neurtzen, edo ahalegina egiten dugu behintzat. Neurtu daitekeena birritan eta milimetrora neurtu zalea naizela ere ez da berria ezagutzen nautenentzat. Bertsolariaren fundamentuaren eta hipokondriaren arteko tarte horretan ibiltzen naiz bueltaka saio bezperetan (aitortzen ez duten beste asko ibiltzen diren moduan, dena esaten hasita).

2022ko ekaina, Gipuzkoako herri txiki batetik deitu naute. Nahi baduzue deituko diogu Obaba. Festak antolatzeaz gazteak arduratzen direla, eta egitaraua osatzen ari direla, eta uda hasieran deitu dit neure adin bueltan dabilen neska batek. Baietz noski, libre nagoela eta joango naizela eta esango didatela norekin. Jator-jatorra iruditu zait antolatzailea, nire kuadrillakoa izan zitekeen, eta ilusioa ere egin dit, sekula bertsotan izan ez naizen Gipuzkoako azken puntatik deitu izanak.

2022ko iraila, Gipuzkoako herri txiki bateko festak. Nahi baduzue deituko diogu Obaba. Bertsokidea nor den ere esan dizute aste batzuk lehenago. Laguna, gertukoa, festak diren herrian familia duela esan dit pare bat egun lehenago. “Ze ondo! Kokatzen lan gutxiago, eta adarra jotzeko nahi beste aitzakia”. Makuluekin pasatu dut uda, maiatzean belauna atera nuen, eta duela gutxi itzuli naiz lanera. Kotxea gidatu ahal izan dudan lehen saioa da uda osoan. Taxistarik gabe urduri iritsi naiz erdibidean tokatu zaigun parkinera. Sekulako beroa egiten du, abuztuak gozotik gutxi izan du aurten. Goizeko hamaiketarako egin digute hitzordua. Kotxe bakarrean joan gara: “Zoragarri, ez zait askotan tokatzen halakorik. Beti naiz ‘A-8aren beste aldekoa”. Lasai hartu dugu kafea, meza noiz amaituko. Belaunarekin nahiko lan buruak, eta bertsokidearen lehen ezagunak iritsi diren arte bertsotan egin beharraz ahaztuta nengoen ia: “Goizean egingo dugu ekinaldi bat, bazkalostean bestea, arratsaldean bestea”. Bertsokidearen ezagunek kasu egin digutenean entzun dut buruan ‘klik’: “Gazteek halako lekutan egingo dute bazkaria, aurten hainbeste elkartu dira”. Belaunaz ere ahaztu naiz kasik: “A, gazte kuadrillakoek ez dute guk bertsotan egingo dugun leku berean bazkalduko?”. ‘Klik’ baino zarata gehiago egin dit buruak martxan jarri zaidanean: “Zuazubiskar, maja, zuri gazteek deitu dizute, baina auzoko festak dira, aitaren auzokoen modukoak, eta zu etorri zara Elorrioko gaztetxera joango bazina bezala”. Ez neurri, ez kameleoi, ez ezer. Sekulako beroa, eta ni larruzko sandaliatxoak eta azukre arrosazko lainotxoa dirudien soinekoa jantzita. Aldaparik espero ez eta saio-aurre batean aldapan gora plataformadun abarketatan egitea tokatu zitzaidanetik ez dut halako kalkulu txarrik egin saio baterako. “Aitaren auzoko jaietara ez zinateke horrela joango, ezta erotuta ere. Ba oso ondo, orain burua martxan jarriko zaizu, eta ez dituzu lau oin lotuko ezta amarekin ere”. A priori, gustatzen zait giro hau, ez zait arrotza, badakit zertaz arituko diren elkarren artean, badut zer esana hemen. “Baina punteria etxean utzi duzu, e!”.

Kalkulatzearena

Bertsokideari esan ez esan aritu naiz, baina zortziko handiko doinuekin nahikoa dugu oraingoz. Frontoian ekingo omen diogu saioari: “Bolo txapelketa hasi aurretik pixka bat, amaitu aurretik beste apur bat”. Bertsokidearen beste bi ezagun: “Hau zer da, berria, ala lehengoa?”. “Akabaramos, honen nobia naizela uste dute gainera, zoragarri, Nafarroatik ardo garraio Bn hasi aurretik entzutea komeni zitzaidana”. Amamaren ahotsik ez dut gogoratzen, baina begiak apur bat itxi eta baserriko atarian ikus dezaket niri begira erdi barrez: “Neskatila txatxala hau, haixie nundik datorren be eziñ igerri…”. Ni bertsotara nentorren, eta orain imajinatzen dut kartoizko kutxa bat bizkarrean lotuta letra etzanez idatzita: Barbie kalekume. “Joder, jakin izan bazenu! Zuazubiskar, hartu arnasa”. Egin dugu lehen saiotxoa. Hainbestean, ondo. “Bueno, orain nobiarena pentsatu dutenek behintzat kenduko zuten hori burutik, ez?”. Lasaitu zara. Bolo txapelketa zuzentzen dabilenak nire izena esan duen arte. “Zuazubiskar? Benetan? Klaro, orain heldu bolari, egin erridikulua apur bat gehiago, eta eskatu asilo politikoa Burgosen”. Munduaren bukaeraraino joango nintzateke bertsokide honekin, baina bolo txapelketan apuntatu nauenean mundua bukatzen hasi dela sentitu dut. Bi ekinaldi, txirlo bat bota dut eta beste bat ia. “Bueno, ez duzu Burgosera joan beharrik”. Joan gara bazkaltzera, zoragarri bazkaldu dugu, eta saio luzea egin dugu bazkalostean. “Uau. Zer duzu ahulago, belauna ala burua? Zentratu apur bat maja, potoren bat ere egingo zenuen honezkero. Klaro, zuk gazteak espero zenituen hemen, zure adin bueltakoak, eta hemen zaude, 70 urtetik gorako laurogeita hamar gizonen eta lau andreren aurrean bertsotan”. Bertsokideari galdetu diot bi urte pasatu direnean, eta zuzendu dit susmoa. Umeak eta gazteak eta andreak bazeudela, beti egoten diren moduan. “Efektibamente, urduriegi jarri zara”. Ondo aritu omen gara. “Aber, hipokondriatxo, igual ez da hainbesterako ezta?”. Ardo bat eskatu dut. Gazteen arteko jolasak egin bitartean egingo ditugu azken saioak. Ondo. Markinako gazte kuadrilla bat etorri da (edo Mallabikoak direla esan dizute?), kuadrillako bat ezkontzen dela eta honako plana egin dute. “Ez dakit ardoa den edo zezen plazako haizea, baina hobeto, ez?”. Ilundu aurretik erretiratu gara. “Ez zen horrenbesterako, tia, baina hurrengoan, bakeroak. Eta gosaltzeko, tila bat”. Gaurkoz ardoa. Gustatzen zait Lastur, oraindik ere.

Kalkulatzearena  Kalkulatzearena  Kalkulatzearena