Hizkiz hizki, bertsoaren osagaiak darabilzki
Bertsolaritza, bere horretan, bada zerbait berezia, noski baietz, baina ez bakana. Hau da, mundu osoan zehar ahozko inprobisazio mota ugari daude, aldizkari honetako nazioarteko atalean alez ale baieztatu ahal den gisan. Euskal Herriko bertsolaritza edota bertso mundua berezi eta bakan bihurtzen dituena, beste faktore batzuen artean, autoeraketa da, eta bere baitako zein inguruko mugimendu sortzailea, erreproduktorea, dibulgatiboa…
Hizkiz hizki bertsoaren osagaiak darabilzki –

Hamaika arrazoik eragiten dute zapaltzen dugun lur hau izatea bakarra munduan, non 14.000 pertsona isil-isilik egon daitezkeen areto batean pertsona batek inprobisatuko duen kantua entzuteko zain (eta zifra ez da altuagoa, ez delako jende gehiago kabitzen). Arrazoi horiek ere eragingo zuten, ziurrenik, ahozko inprobisazio tradizional batean espezializatutako hedabide hau, hasteko eta behin, jaiotzea, eta jarraitzeko, aurten 35 urte konplitzea. Gehitu horri bertsolaritzaren ekosistema osoak sortutako proiektu komunikatiboak: Bertsoa.eus, Hitzetik Hortzera, Hitza Jolas, tokiko irrati askok dauzkaten programak, Auspoa…
Aldizkariak hiru hamarkada eta erdi bete ditu, proiektu sendo eta erredakzio talde egonkor batekin. Puntu honetara iritsita guk ere bageneukan urtebetetzea taxuz ospatzeko gogoa, eta han non agertzen den Ane Zuazubiskar, opari-paperaz lazo eta guzi bildutako ideia batekin: “Bertsolaritzaren alfabetoa. Letra bat, gai bat, elkarrizketatu bat. Adibidez, A: Ahotsa”. Hitz gutxirekin konbentzitu gintuen denok, eta hizki bakarrarekin.

Gidoilaria
Zuazubiskar da ABDko gidoilaria, eta atal bakoitzean egin beharreko elkarrizketen nondik norakoak berak finkatzen ditu. Arrasatearrak honela kontatzen du zein izan zen ideiaren abiapuntua: “Bertsolari aldizkarirako egin ditudan lanetan beti egin dugu bertsolaritzaz jarduera artistiko moduan hitz egiteko saiakera bat, beste kultur arloez hitz egin daitekeen moduan. Iaz Azpeitian izan ziren jardunaldi batzuetan bertsolaritzari buruz hausnartzen ibili ginen, eta ohartu ginen komunikabideetan, normalean, txapelketei begirako kontuak lantzen direla batez ere, eta bertsolarien artean ohikoak diren elkarrizketa batzuk, edo gai batzuk, sakontzeko aukera ematen duten gai zehatzak… ez direla hedabideetara iristen; ziurrenik hedabide jeneralistetarako espezifikoegiak direlako. Hori bideratzeko ideia buruan neukala, aldizkariak bideopodcast bat sortzeko aukera jarri zuen mahai gainean“.
Gehienbat telebistari begira idatzi izan ditu gidoiak Zuazubiskarrek orain arte, eta bideopodcastarena “formatu ezberdina” dela dio, “eta gustura” dabilela: “Oraindik ez ditugu asko egin, eta gai bakoitzaren eta bertsolari bakoitzaren arabera, galderak egokitzen saiatzen naiz”. Programa bakoitzari dagokion gaiak eskatzen duen sakontasuna eta zehaztasuna ematea da bere buruari jarri dion helburua: “Adibidez, ahotsari buruz hamar bertsolarirekin hitz egin zenezake, eta bakoitzarekin elkarrizketa ezberdin bat izan. Gai bakoitzari eskatzen duen sakontasuna eman nahi nioke”.
Aurkezlea
Aurkezlea behar genuen, ordea, eta Ane berak gomendatuta iritsi ginen Mikele Arizkorretarengana. Mikele bertso eskolan aritutakoa da, eta aktore eta abeslari gisa ibilbide ederra egin du dagoeneko: zineman Hil kanpaiak filmean edota Bat, Arrano eta Minutu bat film laburretan; telebistan Go!azen, El Internado, Alardea, Ixa, 3ZPA4…; antzerkigintzan “Bihar arte soilik” eta “Ekain & Mikele”; eta audiogintzan Egia Gordinetik!. Legazpiarraren curriculuma ez da saguzarraren eguerdiko doministikua, ez horixe.

Kamera aurrean lan egiten dakien pertsona dela aski frogatua zuen Mikelek aurretik ere, eta hala berretsi du lehen atalen grabaketetan ere.
Arizkorretari tokatu izan zaio aurkezle lanetan aritzea aurretik ere, ekimen handi zein txikietan, baina inoiz ez zitzaion elkarrizketak egitea egokitu. Aitortu digu ez dela gehien gustatzen zaion esparrua, erosoen egoten den tokia, nahiago duelako “pertsonaia batean sartu, pertsona bat hezurmamitu, eta istorio bat kontatu”. Ideia proposatu ziotenean baiezkoa eman zuen berehala, ordea, ez dakielako “ezetz esaten”, baina sekulako ekarpena egin du bere lana primeran egiteko: “Gozatzen saiatzen naiz. Esperientzia hau oso positiboa izaten ari da. Egia da hau oso ezberdina izaten ari dela, ez naizelako bakarrik aurkezle lanetan ari, ekoizpen lanak ere egiten ari naizelako, bertsolariekin kontaktuan jarriz, ordutegiak adostuz… Ez da gidoi bat jaso eta grabaketara joatea bakarrik. Gidoiaz gain beste gauza asko ere prestatu behar ditut. Aurkezle rolean sartzea asko kostatzen ari zaidan arren, asko ikasten ari naiz, eta uste nuena baino gusturago nabil”.
Legazpiko bertso eskolan aritutako da Arizkorreta, eta garai horiek atzean geratu ziren arren, inoiz ez da bertso mundutik aparte ibili: “Nire bizitzako garai batzuetan presentzia handiagoa edo txikiagoa izan du. Txikitan bertso eskolan hasi nintzen, bat-batekoan ere aritzen ginen, bertso eskolako irakaslea izatea ere tokatu zitzaidan… Beranduago erizaintza gradua ikasten hasi eta bertso eskolara joateari utzi egin nion, baina beti mantendu dut bertsozaletasuna. Aitak ere bideratzen ninduen horretara, eta nirekin egon den zerbait izan da nire ibilbide osoan zehar”. Erizaintzarekin batera interpretazio munduan murgildu zen Arizkorreta buru-belarri, eta horretara bideratu ditu gehienbat azken hiruzpalau urteak, bazterrean bertsolaritzaz gain beste zaletasun batzuk ere utziz: musika, tartean. Bideopodcasta egiteko proposamena gustura hartu zuela dio, oso ideia interesgarria, polita eta gertukoa egin zitzaiolako.
Bere burua pertsona “perfekzionista” gisa ikusten du Arizkorretak, eta gidoiak aurretik ondo prestatzea gustatzen zaio. Lehen atalak grabatuta lan taldea ondo aritu zela deritzo, “denok pixkana gauzak eginez, ikasiz”, eta emaitza polita atera dela. Uste du programa bere helburuak betetzen ari dela, gaiak sakontasunez landuz: “Bertsozalea naizen aldetik, uste dut oso elkarrizketa interesgarriak izan direla, aurretik okurritu ez zaizkizun kontuak, bertsozale gisa bertsolari baten ahotik gustura entzuten direnak… Uste dut oso saio politak aterako direla”.
Urko Uranga, Anartz Bilbao, Beñat Hach Embarek eta Unai Gaztelumendi
Grabaketa taldea
ZuZeu hedabide digitala da, blog sare moduko bat, non, izenak dioen gisan, zu zeu izan zaitezkeen edukien sortzailea. Edonork idatzi dezake bertan, eta tarteka, beste toki batzuetan ez bezala, erabiltzaileen arteko iritzi trukaketak eta eztabaidak izan ohi dira. ZuZeu aitzindaria izan zen audiogintzan, euskaraz podcastak ekoizten hasi zen lehen hedabidea izan baitzen 2019an, Barruan Gaude eta Euskal Gaizkileak programak tartean, esaterako.
Podcast mundua ez zaie batere arrotza egiten, beraz, ez Urko Urangari ezta Anartz Bilbaori ere. Anartz Bilbaok sarritan publikatzen du Urpeko Bonbarda izeneko podcasta, mundu osoko musikari eta musika estiloak aztertuz. Urko Urangak ere ZuZeuk eginiko podcast guztiak gainbegiratu ditu, eta iaz bere podcast propioa sortu zuen, beste taldekide batzuekin batera: SSK (Sumin, Samin eta Kaos).

Bertsolari aldizkariarekin egiten ari diren lanak, ordea, beste zeregin batzuetan jarri ditu buru-belarri: Uranga bi mugikorrekin grabatzen, Hach Embarek argazki kamera batekin, eta Bilbao audioa grabatzen. Audioen gaineko edizio lanen azken ukitua ere Urangak egiten du, ondoren podcast formatuan zabaltzeko prest egon daitezen. Bideopodcastarena gogoan zebilkiten ideia zela aitortu digute: “Bertsolari aldizkariarekin kolaborazioan egiteak lagundu du erabakia hartu eta pausoa ematen. Ondo sentitu gara, prozesuak ezberdinak dira, baina ikasteko balioko digun esperientzia izango da, eta hankasartzeak eta gauza txikiak hobetzen joango gara denborarekin. Esperientzia berriek beti sortzen dute aldi berean beldur apurtxo bat, eta baita ilusioa eta gogoa ere”.
Edukiari dagokionez, eta formatua “motza” izan arren (20-25 minutu inguru iraungo du atal bakoitzak), “ohiko bertsolaritza elkarrizketetatik harago doan saio bat dela” iruditzen zaie. ABD bideo formatuan youtuben dago eskegita, eta bertsolari.eus zein zuzeu.eus atarietan ere ikusi daiteke. Podcasta, aldiz, aipatutako bi atarietan egoteaz gain, hainbat audio plataformatan entzun ahal da: Apple Podcast, Player FM, Deezer… eta abar luze batean.

Eszenaratzea
Unai Gaztelumendi bertsolari, diseinatzaile eta marrazkilaria arduratu da ABD podcastaren eszenaratzeaz. Aldizkariko erredakzioko kidea da añorgarra, eta bera arduratzen da berau diseinatzeaz. Programaren logoa egiteaz gain, grabaketetarako Euskaltzaindiak Donostian utzi digun etxeko ganbara ere atontzen ibili da. Ez da zeregin berria Gaztelumendirentzat, aurretik Linboa programaren eszenaratzea prestatzen aritutakoa baita: “Aldizkariari duela urte batzuk irudi berri bat eman zitzaion, eta ildo horri segika bideopodcast honetan irudiak bilakaera logiko bat dauka. Aldizkariaren estetikarekin lotura mantentzen saiatu naiz, baita ABD edo alfabetoa entzutean burura datorkigun irudiarekin ere: hizkiak, liburuak, apalategiak… Estetika hori mantentzen saiatu naiz, eta ganbaratxo honek laguntzen du horretan. Bertsolariren ganbara edo liburutegia irudikatzen saiatu naiz”.

Bertsolari aldizkariaren logo berria diseinatu zuenean, Gaztelumendik tipografia berri bat sortu zuen: “Zerbait organiko samarra, bertsoa bera gauza bizia delako, ez nuen zerbait oso digitala egin nahi”. Aitortu digu askotan gertatzen zaion zerbait dela hasieran ideia bat izan, lehen konposizioa egin, txukun samar ikusi, baina buelta gehiago ematen hasi eta lau ordu geroago lehen marrazkira itzultzea. Lehen sorkuntza beti perfekzionatu beharko dela dio, baina hor dagoela edo egon daitekeela muina: “Bertsotan ere horrela izaten da, bakarkakoan ez atera hirugarren ideiarekin, lehenarekin atera bestela hor geratuko zara eta”.
Bertsolari izateak horrelako lan bat erraztu edo zaildu egiten duen galdetuta, erantzun argia eman digu: “Niri zaildu egiten didala esango nuke. Egin nahi dena egitea errazagoa da, badakizulako ze publikori begira dagoen egina, baina zu ere horren parte zara. Entzuleak edo ikusleak nire oso gertuko profilekoak izango dira. Hainbeste harreman izango ez dudan marka bat sortzen dudanean, nire irizpideak dauzkat, baina behin lana entregatuta harremana eten egiten da, eta markak bere bidea egiten du. Hau, ordea, nirekin daramat. Aldizkariaren logoa daramadan bezala. Horrelakoetan zorrotzagoa naiz nire buruarekin, eta gabeziak askotan ikusiko dizkiodan bezala, asmatuko dudan elementuetan nire eskua ikusiko dut. Beraz, errazagoa da, bai, baina ardura handiagoa ematen du”.
Beste zeregin batzuen artean, lerro hauek idazten ari denari edizioa eta zabalpen lana tokatu zaizkio. Oinetako berriekin gertatzen den gisan, hastapenean pausoka hastean oinak zelebre samar nabaritzen dira, baina laster ajatuko ditugu zapata hauek ere.
Amaitzeko, erredakzio talde osoaren izenean, eskerrak eman nahi dizkiogu Euskaltzaindiari, grabatzeko tokia uzteagatik; eta Keler garagardo etxeari, lau zororen proiektu hau babesteagatik.
Ea zer okurritzen zaigun 35 urte barru.






