Azken puntua

Iker Gorosterrazu

Iker Gorosterrazu

2020-12-29

Azken puntua –

Aunitzetan hasiera oso argi ikusten dugu baina akabera inoiz ez da aurreikusitakoa izaten. Ala bai, bertsoei buruz ari garenean behinik behin. Edo ez.

Azken puntua

Hasieretan ilusioa, gogoa, ezinegona, poza, urduritasuna,… gainezka izan ohi dut. Akaberan sentsazioak deskribatzea niretzat zailagoa da eta ez naiz zerrendatzen hasiko argi ez dudan kontu bat.

Hasiera nolakoa izanen den hasi baino lehen asmatu edo jakin dezaket gehienetan; betiere nere esku dagoenean. Hondarrekoa, ailegatzen denean ere, zalantzaz beteta nago.

Zenbat gauza hasi eta ez ditut akitu? Zenbat gauza akitzerakoan konturatu naiz hasiera bat izan dutela? Zenbat gauzetan amaieran oroitu naiz hasierakoaz?

Baina ez, argi eta garbi erakutsi izan didate bidea dela garrantzitsuena, hasieratik bukaerara doana. Betelana betetzeko lanak, modu ezberdinetakoak. Bidean ikasitakoa ezin da amaierarekin alderatu, azken puntuak ez ditu inoiz aitzineko puntu guziak bilduko. Hori bai, segi dezagun bertso eskoletan bukaeraren garrantzia azpimarratzen.

Hasi eta akitzeko aukera izatea ederra da, aukera emandakoa ala norberak hartutakoa izan, emandakoa ere hartzen baitugu. Korapiloak sortu eta askatzea erraza bezain zaila da baina horretan ere trebatzea da interesgarriena, esperientziak pilatzea. Ikasteko ikasgai sobera ditugu egunerokoan eta plazerez ikastea bezalakorik ez dago. Orri txuri baten aitzinean egoteak sortzen duen hotzikara plazerarekin lotzea lortuz gero ez da deus akituko.

Gai ez naizela pentsatzeagatik kontu gehiegi utzi ditut hasi gabe eta erronka berriei ateak zabaltzeko modu bakarra gai naizela pentsatzea da.

Beraz, ez dakit hurrena zer eginen dudan baina gauza bat argi gelditu zait: deus ez da akitzen.

Iker Gorosterrazu

Azken puntua