Bertsoak buruz –
Txikitan Algortako San Nikolas ikastolan egiten genituen eskolaz kanpoko bertsolaritza klaseak. Fredi etortzen zen astero eta bertso-idatziak lantzen genituen gehienbat, baita bertsolaritzaren historia ere. Memoria lantzeko ariketak beti egoten ziren presente. Bertso zaharrak buruz ikastea garrantzitsua zela argi geratu zitzaigun.
Gogoan dut, behin, Fredik, Txirritari buruz hitz egin zigula. Bere bertso bat irakatsi zigun eta buruz ikasi behar izan genuen ikasle guztiok egunean bertan. Oraindik ere ez dut ahaztu.
“Deabruan gisako
bare adarduna,
nola tratau dezu bart
nere babarruna?
Lehengo egun batean
hil nizun laguna.
Geroztik hemen zabiltz,
triste, alarguna..
Jo ta botako zaitut
sasian barruna”.
Eta zuk? Zenbat bertso dakizkizu zuk buruz?


