Izaro Bilbao
Izaro Bilbao

2025-12-22

Bertsozale unibertsala

Bertsozale unibertsala –

Arendt-ek esaten zuen soilik Jainko posturatik erabaki genezakeela zer den subjektu unibertsala, zer datorkion berez eta naturaz gizakiari. Ez al du bertsolariak maiz bere burua Jainkoaren paretzat jartzen? Ez al dugu, gure errimatzeko gaitasun guztiz ikasi eta %0 naturaletik mundua metrikaz epaitzen? Ez al dugu hortik hitz egiten, hortik erabakitzen?

Azken urteetan aldaretik jaisteko eta jaitsiarazteko saiakeretan ibili dira zenbait. Subjektu unibertsalaren problematika bolo-bolo ibili da bertso-munduan (ere). Eztabaidatu da bertsolariaren irudi unibertsala baztertzailea den, irreala izateaz gain. Kide transfeministek salatu dute bertsolariez a priori datorkigun irudia zein den: gizona, “euskaldun zaharra”, zuria, heterosexuala… Finean, hegemonikoa. Finean, bertso munduak ez dauka beste mundu baterako ate magikorik.

Bertsolariaren irudi unibertsala bezala, bertsozalearen irudi unibertsala ere existitzen da. Publiko hegemonikoak diskurtso hegemonikoak bultzatzen ditu, publikoari kantari baikabiltza. Horien txaloak, barreak eta oilo-ipurdiak bilatzen ditu bertsolariak. Ez ditugu bestelako mezuak zabalduko, ez bagara bestelako publiko batengana heltzen.

Bertso-zirkuitu alternatiboak ikustera joaten direnak, oro har, ez dira bertsozale sentitzen. Bertsoa gogoko dute, bai, irriz irteten dira saioetatik. Hala ere, bertsozale deituko balute haien burua, harritu egingo ginateke. Badauka pisua hitzak, oharkabean, ezta?

Horregatik, bertsozale kontra-hegemonikoak bertsolari kontra-hegemonikoak bezain garrantzitsuak dira; agian, bata bestearen ondorio eta elikagai. Zain ditzagun gure inguruan dauden proto-bertsozaleak, sor ditzagun espazio erosoak eta oholtza entzungarriak haientzat. Artea ez da ezer mezurik gabe, eta mezua ez da ezer hartzailerik gabe. Gure lagunak saioetara etor daitezen, ez soilik konpromisoz.

Bertsozale unibertsala
Arg: Ali Arapoğlu
Bertsozale unibertsala