Enare Muniategi
Enare Muniategi

2017-06-02

Bigarrenez

Bigarrenez

Bertsotan egin genuen bigarren aldia etorri zait gogora, lagun minari musu bat eman nion bigarren aldia, azterketa aurretik birritan joan naiz komunera, eta ordua begiratzeko mugikorra hartu dut bigarrenez gaur goizean. Gogoan dut zuk eta biok poto egin genuen bigarren aldia, amak non eta norekin nagoen galdetu didan bigarren aldia da, bart barra ertzera joan ginen bigarren tragoaren bila eta bazkalostean kafea bigarrenez hoztu zait gaur. Ez da egia, ez ditut aipatutako bigarren aldiok gogoratzen baina bai ostera bigarren aldi hauen lehenengo aldiak, horiek bai, horiek gogoan ditut.

BigarrenezAskotan entzun izan dut bigarren aldi, atal zein aukerak ez direla horren onak. Liburu arrakastatsu baten ostean bigarrena ateratzen dutenean, aurrekoak beste zeresan lortzeko asmoz, edo bikote harremana utzi eta denbora tarte jakin baten ostean berriro ere elkarrekin hastea erabakitzen dutenean, nahiz eta oraindik ez duten elkar barkatu. Gurasoen etxetik joan eta bueltatzea erabakitzen dugunean, ez dugulako dirurik. Bidai bat errepikatzen dugunean, leku berera joan eta museo berberak bisitatzeko. Askoren ustez, lehenengo aldian bizi eta sentitutakoaren bila egiten ditugu gauzak bigarrenez.

Sarri (eta sarrik ez du beti esan nahi) gauzak bigarrenez egiten ditugunean, txarto irten ohi dira, ez dugu ostera ere gurasoen kontrola jasaten edo bikotearekin eztabaidatu baino ez dugu egiten. Alegia, damutu egiten gara berriro ere aukera berri bat emateaz, berriro egiten dugu estropezu harri berberarekin. Baina gauzak txarto irtetea, ez dago txarto; erratzen garen guztietan, momentu horietan ikasten dugu gehien.

Katamalokoek esaten dutenez, egutegiko egun seinalatuen esperoan bizi gara, eskolara joateko lehenengo egunaren edo lehenengoz guraso izango garen egunaren esperoan. Bertsolari askoren kasuan txapelketan parte hartuko duten lehenengo aldiaren zain egon ohi dira. Denok dugu gogoan gauza askoren lehenengo aldia, baina nire uste apalean garrantzi handiegia ematen diegu lehenengo aldiei (gure kulturako ohitura edo izango da). Ordua da bigarren aldi eta aukerei atea irekitzeko, beti ez dira txarrak bigarrenez egiten ditugun gauzak. Har dezagun adibidetzat saio eskas bat: saio horretan abesteko lehenengo aldiari begira eman duzu azkenengo hilabetea eta zoritxarrez, hanken dardarak gainditu egin zaitu. Zer egingo zenuke? Oholtza edo plaza horretara ez bueltatu barruan duzun arantza betirako zeure barruan iltzatuta utziz edo bigarrenez joko diozu atea saiori? Tok-tok, neu naiz, kantatu nezake bigarrenez eta arantza kendu?

Bigarren aldiak ez dira beti txarrak. Atea ireki baino ez zaie egin behar eta dakartena dakartela hartu.

Bigarrenez