Onintza Enbeita
Onintza Enbeita

2024-01-25

Biluzteaz

Biluzteaz –

Egia da sinbolikoki biluztu egin garela emakumeok plaza publikoan lekua hartu ahal izateko. Edo behintzat, emozionalki biluztuta esplikatu dugu zenbat kosta zaigun leku hori hartzea. Arrazoitu egin behar izan dugu gure sentimendu bakoitza. Gertatzen zitzaigunak arrazoi politiko sakonak zituela jakinda ere, pertsonalki biluztea tokatu zaigu. Botere harremanez hitz egin dugunean, edo autogorrotoaz, edo geure buruarekiko gehiegizko exijentziaz, edo sexualizazioaz, edo autoritateaz zein autoritate ezaz, edo dena delakoaz hitz egin dugunean, adibideak eman behar izan ditugu. Erabat biluztu behar izan dugu emozionalki, edo sinbolikoki esaten ari garena sinets zedin. Agian, egongo zen beste bide bat, eta agian beste bide batzuk ere ibili ditugu, baina biluztearena kontzienteki askotan eta inkoentzienteki batzuetan, gehienok egin dugun zerbait dela uste dut. Inork ez zigun halakorik egiteko eskatu zuzenean, baina egon da zerbait, bada zerbait halakoak egin behar ditugula sentiarazi diguna.

 

Biluzteaz
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa finala, Bilbo, 2023-12-16. Arg: Bertsozale Elkartea

 

Bizkaiko Bertso Txapelketako azken finalean pausu bat aurrera eman genuela iruditu zitzaien askori, pasatu egin ginela beste askori, barre egin zuenik egongo da eta biluztea zein arriskutsua izan daitekeen gogorarazi ziguten zenbaitek. Titi bat erakusteak ez du ezertarako balio eta dena alda dezake aldi berean. Ikusi behar da nondik gatozen, eta nora iritsi nahi dugun. Bai, oraindik gaudena baino urrutirago hel gaitezke; zergatik ez?

Ni “paparra atara eta altu” kantatzen zuten garaitik nator. Nire gorputza hor kokatu behar izan nuen bertsoan egin nahi banuen, eta hor kabitzeko gauza asko gorde behar izan nituen. Batzuk sinbolikoki eta beste batzuk literalki. Lehenengoz Bizkaiko finalean kantatu nuenean, sujetadore erreduktoreak erosi nituen aste bi lehenago egin zidaten komentario baten ondorioz. Ez nuen nahi nire gorputzean hain nabarmenak ziren zatiak nabarmentzerik. Automutilazioa errazagoa egin zitzaidan. Eta ondo ulertu nuen paparra ateratzeak ere mugak zituela guretzat. Paparra atera genezakeen, ez bazitzaigun titiak genituela antzematen.

Orain beste leku batean gaude, eta egoteko moduak aldatu dira. Neska gazteek ez dute automutilatu nahi eta sinisten dute titiak erakustearen permonfaceak lor dezakeen horretan. Eragin egin nahi dute, naturaletik, daukaten gorputzetik, ezkutarazi digutena erakustetik. Eta nik ere zor hori kendu nahi dut neure buruarekin, publikoarekin eta honaino iristeko bidean bide lagun izan ditudan emakume guztiekin: ez da biluztea bakarrik. Gordearazi digutenarekin kantatzea da. Ez dugulako ezer gureagorik gure gorputzak baino.

Biluzteaz