Damutu zara?

Aroa Arrizubieta

Aroa Arrizubieta

2020-06-17

Damutu zara? –

Beldurra zen? Segurtasun falta agian; baina zuk ez zenuen nahi, zuk ez zenuen jendaurrean jarri eta kantuan hasi nahi. Inoiz ez duzu gaizki egiten duzun zerbait egin nahi izaten -are gutxiago jendaurrean- badakizun arren eginaren eginaz hobetuko duzula ziurrenik. Sistemak lehiakortasun -edo lehiakeria?- sustatzen duen heinean, zuk ere mundu guztiarekin konparatzeko ohitura daukazu, besteak baino hobea izan nahian -horregatik beragatik zure burua sarri zigortu baduzu ere-. 

Horrek zure burua gutxiestera zinderaman, besteek baino okerrago egiten zenuela pentsatzera -eta agian hala zen-; baina bi jarrera har zenitzakeen horren aurrean:

1. Denok “ezberdin” egiten zenutela pentsatzea, konparaketetan sartu gabe (ziurrenik hau esatea erraza den baina praktikan jartzea zaila den horietakoa den arren)

2. Okerragoa zinela onartzea zeure buruari -agian hala ez bazen ere- eta hori zeure alde erabiltzea, zure helburu propioak planteatu eta lasaitasun horretatik kantatuz. (Pentsa askoz gehiago baloratzen dela “okerrago” egiten duen bertsolari batek bertso on bat botatzea bertsolari on batek hori bera botatzea baino). 

Eta zure aukera ez zen horietako bat ere izan, uztea baizik. “Zer esango dute?” zen barrutik jaten zintuen esaldia, uztera eraman zintuena. Bazenekien bat-bateko bertsolari bihurtzea ez zela bertso eskolako helburu bakarra, bazeudela gai-jartzaileak, idatzizko bertsoetan aritzen zirenak… Baina horiek ez dira horren lan baloratuak, ezta? Zuk bat-bateko bertsolari izan nahi zenuen; baina aldi berean, zure barruko mamuak (zuk zeuk imajinatutako burlak, gutxiespen begiradak…) ez zizun uzten. Horrek eraman zintuen bertso eskola uztera, -eta ez zinen bakarra izan-. Nori ez zaio inoiz segurtasun faltagatik (edo beste 10000 arrazoi antzekogatik) bertso eskola uztea burutik pasa? Niri behintzat bai. 

Orain esan dezaket ez naizela bertso eskolan jarraitu izanaz damutzen. Eta zu, damutzen al zara?

Damutu zara?

Marrazkia: Txingudiko bertso eskola

 
Damutu zara?