ZIRRIBORROKA

Oihana Iguaran

Oihana Iguaran

2020-06-12

Zirriborroka –

Imajinatzen ilobekin jolasean ari zarenean egiten duzun auto-erretratu hori arte ederren museoan zintzilikatzea zure sinadurarekin? Pentsa zenezake azken bilera luuuuuuuzzeeeeeaaaaak iraun bitartean ohar koadernoan egin zenituen marrazkitxoak sare sozialen bidez biral egitea zure izenean? Pentsatu al duzu sekula lagunartean zaudela egindako bideo txoro bat labur lehiaketa batean aditu epaimahai batek aztertua izan litekeenik?

Zirriborroka

Gure izenean argitaratuak izan aurretik errepasatu, hobetu, zuzendu, aldatu … ezabatu ezinak antsietatea probokatzen du. Jolasaren edo ariketa hutsaren izenean barrura begira egindakoa norbaitek ikustea biluzik agertzea baino intimoagoa da, batzuetan. Are gehiago, ez bagara gertuko talde batez ari, publiko zabalaz baizik.

Beti esaten dugu bertso eskolak konfiantza eta babes guneak direla. Eta hori ez da berez gertatzen; eraiki egiten da. Urteak pasatzen ditugu elkarri gure lehen kolpeko zirriborro horiek agertzen, elkarren aurrean erortzen, marrazten, zorrozten, egiten. Elkarren bistara hanka sartzen eta elkarren belarrien aurrean hazten; gure egun distiratsu, lauso edo antzuak konpartitzen ditugu, datozen bezalaxe.

Autoexigentzia handiko soslaia izaten du bertso eskolako ikasleak, askotan; bereziki suntsitzailea, nesken kasuan, maiz. Nire ispilu bat aurkitu dut akatsik ez egitearren ordu osoa isilik pasatzen dutenengan. Hanka sartu baino, ez kantatu nahiago duten horiekin nire buruarekin konpontzeko daukadan borroka abiatzen dut sarri, euren bidez nire buruari azalduz botatzeko lasai, denok dakigula zirriborro bat dela, ez duela perfektua izan behar.

Bertsoa eta bat-batekoa hori baita: zirriborro bat. Baina artista gehienek proba horiek estudioan egiten dituzten bitartean, gu biluzik agertzen gara, bertso eskolara bezala jendaurrera, egunaren arabera lauso, distiratsu edo antzu, gure lehen ahalegina (eta osoa) eskaintzera. Eztabaida sutsuetan nola, erantzun zuzena hiru segundo beranduago etortzen da maiz burura, edo kotxean etxera bidean hobetzen dugu halako gairen inguruan esan nahi genuena. Bitarte horretan, noski, gure lehen zirriborroa azken emaitzatik gertuen egon dadin prestatzen gara; asko ukitu beharrik gabe lehen kolpe horretan zerbait helarazten. Batzuetan, hain lortzen da emaitza ona, non magia dirudien; eta lortzen ez denetan, beti hel diezaiokegu lehen ahaleginaren joko-arauari.  

Pentsa, jendaurrean bat-batean aritzeko beldurra edo zuzentzeko aukerarik gabe etorritakoa botatzeko kezka gainditzen denean, eta kideenak zirriborro perfektuak diruditenean, patxadaz eta nahi beste aldatuz egin litezkeen lanetara garraiatzen da autoexigentziaren larritasuna.

Terapia handia izan da niretzat kantatutakoa onartzen ikastea, ihes egin didan bertso horri joaten utzi beharra jendaurrean eta horren gainetik jarraitzen ikastea. Hori da gurea, hitzei zirri egitea, borratzeko aukerarik gabe. Eta autoexigentzia bezatzen duzun momentuan, guztiz askatzailea gertatzen da. Hori da gurea: hitzez irri egitearen borroka.

Zirriborroka