Desio bat eskubide

Ane Labaka

Ane Labaka

2017-05-08

Desio bat eskubide

Doinua: Arratsalde on ta aupa zuek

1.Azkenaldian izan naizenez
eztabaiden testigua
berretsia dut: besteak baino
lehen  jartzen da beti “gu”-a.
Ez da haurdunaldi solidarioa,
bai goi-mailako tribua
kapitalismo basatiaren
azkenengo solairua
sabelen alokairua
norbait produktu bilakatzeko
bitarteko da dirua.

2.“Gure gorputzak gureak dira”
beste zenbat esapide…
Huts egin duten mila obulu
eta espermatozoide.
Bakarrik karga genetikoak
egiten al gaitu ahaide?
“Odol berdina izan dezala
sentitu dezadan nire…”
merkatua adibide
pribilejioek bihurtzen dute
desira bat eskubide.

 

3.Milaka ume daude munduan
nahiz ta ezkutatu prentsan
ez daukatenak zer ahoratu,
ez daukatenak non etzan.
Duintasunaren eskubidea
ume orok izan dezan
adopzioa erraztu behar
genuke egia esan
kontraesanak kontraesan
benetan jardun nahiko bagenu
eskubideen defentsan.

 

(Gai beraren inguruan idatzi zuen Ainhoa Agirreazaldegik pasa den astean etxe honetan)

 

Desio bat eskubide

Desio bat eskubide