Itxaso Paya
Itxaso Paya

2026-10-13

Donapaleuko Saioa

Donapaleuko Saioa –

Donapaleuko Saioa
Arg; Bertsozale.eus

Aurtengo Txapelketak utzi dizkit dagoeneko bertso kuttun batzuk. Horietako hiru, Saioa Alkaizak Donapaleun ganbaran kantatutakoak. Badira bertso batzuk puntu jakin batengatik geratzen zaizkigunak gogoan, beste batzuk doinuagatik, errima batengatik edo sortu duten emozioagatik. Saioarenak, ordea, osorik geratu zaizkit. Aitortu behar dut, lehen entzunalditik, bertsoaldiak baino gehiago hiru kapituluko telesail labur bat ikusi nuela.

Gaiak honela zioen: «Geltokira eraman duzu. Joan ez dadin konbentzitzen ahalegindu zara, baina badoa. Nola abiatzen den ikusten gelditu zara». Hiru esaldi, hiru ekintza dramatiko eta, ondorioz, hiru une narratibo. Gaiak ez zuen pertsonaien arteko lotura zehazten, ez agurraren arrazoia, ezta haien identitatea ere. Hutsune horiek guztiak bertsolariaren esku geratu ziren, eta Saioak fikzioa eraikitzeko baliatu zituen.

Gidoigintzan badago oinarrizko printzipio bat: eszena batek zerbait aldatu behar du. Pertsonaiak ez dira eszenara sartzen diren egoera berean ateratzen. Hiru bertso hauetan ere badago progresio dramatiko argi bat. Lehenengoan harremana eta gatazka aurkezten dira; bigarrenean, pertsonaien arteko talka azaleratzen da; hirugarrenean, protagonistak bizitakoa berrinterpretatzen du. Informazioa dosifikatzeko modua, pertsonaien karakterizazioa eta tonuaren bilakaera dira kontakizunari eusten dioten baliabideak.

Eta hori guztia Eguzkiak urtzen du han goian doinuaren barruan, bat-batean. Badakigu bertsolariak ez duela gidoia etxetik idatzita ekartzen, baina horrek ez du esan nahi emaitza dramaturgiaren ikuspegitik aztertu ezin denik. Are gehiago, bat-batekotasunak ematen dio ariketari berezitasuna: errimak eta neurriak ezarritako mugen barruan, Saioak istorioari behar duen erritmoa eman dio.

 

1. atala 

Bost hilabete elkar maitatuz
ohean ze egonarri
laztanak eta plazera ziren
harreman honen oinarri
mesede biok elkarrentzako
gure bihotzen ongarri

Bost hilabete. Ez dira bost urte, ezta bizitza oso bat ere, baina nahikoa dira harreman baten memoria eraikitzeko. Saioak sei lerrotan aurkezten digu bien arteko intimitatea, eta ez du ohiko maitasun erromantikoaren iruditeria erabiltzen. Ez dago promesarik, ez dago betikotasunaren aldarrikapenik. Ohea dago, laztanak, plazera eta elkarri egindako mesedea. Harremanaren aurrekariak gorputzaren bidez kontatzen ditu, eta horrek lehen unetik kokatzen du protagonistaren begirada.

Bertsolaritzan maitasunaz asko kantatu dugu, baina emakumeen desira ez da beti haien ahotsetik kontatu. Hemen lehen pertsonako ahotsak bere plazera izendatzen du, inolako lotsarik edo justifikaziorik gabe. Gainera, «elkar» horrek badu zerbait bereziki interesgarria: harremana elkarrekikotasunaren bidez definitzen du. Bi gorputz, bi desira, bi pertsona. Oraindik ez dakigu nor diren, baina Saioak lortu du entzuleok harreman horren barruan sartzea.

joan behar dut esan zidan hark
ni nago estu ta larri
nahiz konbentzitzen saiatu naizen
kotxean buru belarri
trena ez hartzeko nere azalak
bera behar baitu sarri

Gatazka agertu da. Batek joan nahi du, besteak geratzea nahi du. Bi borondate kontrajarri, eta horrekin nahikoa da tentsio dramatikoa sortzeko. Interesgarria da protagonistak erabiltzen duen argudioa: «nere azalak / bera behar baitu sarri». Lehenengo sei lerroetan ezarritako eremu semantikoa berreskuratzen du. Gorputza zen harremanaren oinarria, eta gorputza da orain absentziaren beldur dena.

Horrelako xehetasunek ematen diote koherentzia kontakizunari. Bertsoaren hasieran aurkeztutako elementuak ez dira desagertzen; gatazkaren garapenean beste esanahi bat hartzen dute. Gidoigintzan planting eta payoff kontzeptuekin lotu genezake: aurretik ezarritako informazioak ondorengo uneetan funtzio dramatikoa hartzen du.

Eta bertsoaren antolaketa bera ere azpimarratzekoa da. Lehenengo sei lerroek harremanaren aurrekariak eskaintzen dizkigute; hurrengoek, hausturaren unea. Saioak gaiari erantzuten dio, baina ez du gaia hitzez hitz erreproduzitzen. Bere kontakizunaren premietara egokitzen du.

barka banoa erantzun dit ta
ni gelditu naiz egarri
ta azken muxu bat eman diogu
biok goxoki elkarri

Eta hor dator lehenengo bertsoaren amaiera. «Egarri» hitzak hasierako plazera ekartzen du gogora, baina oraingoan gabeziaren bidez. Azken muxuak, berriz, samurtasuna eransten dio agurrari. Batek alde egitea erabaki du, eta besteak ezin izan du konbentzitu, baina ez dago gatazka moralik. Ez dago errudunik, ez dago inor zigortzeko premiarik.

Hori ere erabaki narratiboa da. Fikzioan askotan antagonista bat bilatzen dugu gatazka justifikatzeko. Hemen, ordea, pertsonaien desira desberdinek sortzen dute tentsioa. Maitasuna egon daiteke, eta aldi berean, elkarrekin jarraitzeko borondaterik ez.

Lehenengo kapitulua amaitu da. Harremanaren intimitatea ezagutzen dugu, baina oraindik ez dakigu nor den trena hartuko duen pertsona. Saioak informazio hori gordeta dauka, eta bigarren bertsoan egingo du errebelazioa.

 

2. atala

Eskua hartuta eskatu diot
horren izan naiz gardena
baina bera da neska punki bat
autonomi nabarmena
dena harreman ireki dauka ta
askatzeko ahalmena

Hara! Neska punki bat.

Esan beharra daukat une horretan bertsoaldiak beste dimentsio bat hartu zuela niretzat. Ordura arte abstraktua zen pertsonaiak bat-batean gorputza hartu zuen. Ez dakit zuek, baina nik segituan irudikatu nuen haren itxura, janzkera, jarrera eta ia ahotsa ere. «Neska punki bat» esatearekin, Saioak erreferentzia kultural oso bat aktibatu zuen. Eta ondoren, autonomia eta harreman irekia gehitu zizkion karakterizazioari.

Hor dago pertsonaien eraikuntzaren gakoetako bat: informazioa ez ematea dena batera. Lehenengo bertsoan harremanaren intimitatea ezagutu dugu; bigarrenean, pertsonaiaren identitatearen inguruko datuak jasotzen ditugu. Informazioaren dosifikazio horrek entzulearen irudimena lanean jartzen du. Atzera begirako efektua ere sortzen du: aurreko bertsoan entzundako guztia beste modu batera interpretatzen hasten gara.

Eta hemen sartzen da, nire ustez, bertsoaldiaren irakurketa feminista interesgarriena. Gaiak ez zuen esaten bi emakume zirenik. Ez zuen harreman ireki bati buruz hitz egiten, ezta inor punki, okupa edo erromantikoa zenik ere. Aukera horiek Saioak egin ditu. Eta fikzioan hartzen ditugun erabaki horiek ere badute dimentsio politikoa.

Bertsolaritzan diskurtsoaz hitz egiten dugunean, askotan bertsolariak gai baten aurrean hartzen duen jarrera aztertzen dugu. Zer esan duen, zer balio defendatu dituen, zer iritzi plazaratu duen. Baina diskurtsoa ere bada zer pertsonaia sortzen ditugun, zer gorputz jartzen ditugun oholtzan eta zer bizimodu bihurtzen ditugun kontagarri. Gure iruditeria kolektiboa ez da neutroa, eta kulturak badu hura zabaltzeko edo estutzeko gaitasuna.

ni romantika eskatu diot
arren ez joan morena
baina muntatu ta abiatu da
urrutira doa trena

Orain badakigu zer gertatzen ari den. Bata erromantikoa da, bestea harreman irekien aldekoa. Batek geratzeko eskatzen du, besteak alde egin nahi du. Bi mundu, bi maitasun eredu, bi desira. Baina kontuz: ez nuke esango bata askatasunaren ordezkaria denik eta bestea menpekotasunarena. Harreman irekiak ez dira berez feministagoak, eta erromantikoa izateak ez du zertan mendekotasuna esan nahi. Gatazka bi pertsona horiek une horretan nahi dutenaren arteko desberdintasunean dago.

Saioak ez du inor epaitzen. Ez du azalpenik ematen nork duen arrazoia erabakitzeko. Trena abiatu da, eta ekintzak berak eramaten du aurrera kontakizuna.

lehenago zena irintzia da
une hontan hasperena
nere barruan pentsatu egin dut
bihar berriz astelehena
eta ez dakit benetakoa
izan ote dugun dena

Irrintzia eta hasperena. Bi soinu, eta bien artean harreman oso baten aldaketa. Baina niri bereziki gustatzen zaidana astelehen hori da. Izan ere, maitasunaren tragedia guztien erdian, astelehena iristen da beti. Lana, erosketak, eguneroko bizimodua. Ez dago bihotz hautsiagatik mundua geldituko duenik.

 

3. atala

Belaunikatu egin naiz ia
berez horren naiz suizida
kresta ta rimel urruti doa
bera okupetako diba
mundu ezberdinak dauzkagu biok
dakit alditik aldira

Eta hemen dator pertsonaiaren azken pintzelkada: «kresta ta rimel», «okupetako diba». Esan beharra daukat niretzat bertsoaldi osoaren irudirik ederrenetakoa dela. Kresta eta rimela. Punkia eta diba. Okupa eta maitalea. Ez dago kontraesanik, edo, hobeto esanda, kontraesan horiek dira pertsonaia interesgarri egiten dutenak.

Pertsonaien karakterizazioan askotan hitz egiten dugu xehetasun esanguratsuen garrantziaz. Ez da beharrezkoa biografia oso bat azaltzea pertsonaia sinesgarri bihurtzeko. Batzuetan, objektu batek, keinu batek edo janzkeraren elementu batek askoz informazio gehiago ematen du. Saioak lau hitzekin sortu du irudi oso bat, eta entzulearen irudimena arduratzen da gainerakoaz.

Emakumezko pertsonaien inguruan askotan hitz egiten dugu erreferente berriak sortzeko beharraz, baina erreferente horiek ere ez genituzke beste molde zurrun batean sartu behar. Ez dugu emakume indartsu, independente eta eredugarri perfektuen katalogo berri bat behar. Emakumeek fikzioan nahi dutena izateko aukera behar dute: ausartak, koldarrak, desiragarriak, traketsak, autonomoak, erromantikoak, kontraesankorrak. Gizonezko pertsonaiek historikoki izan duten askatasun narratibo bera, alegia.

Eta pentsatu nuen zenbat pertsonaia ez diren oraindik gure plazetara iritsi. Ez existitzen ez direlako, gure kontakizunetan lekua eman ez diegulako. Agian entzule askok ez dute beren egunerokoan horrelako neska punki bat ezagutzen. Kulturak, ordea, badu horretarako gaitasuna: ezagutzen ez duguna gerturatzea, arrotza zaiguna irudikagarri egitea. Liburu batean, antzezlan batean edo telesail batean gertatzen den bezala, bertso batean ere gerta daiteke.

bagoiak pasa egiten dira
bixi txikitik handira
ta pentsatu dut bueno ez zegoen
egina nire neurrira

Eta berriro geltokira. Bagoiak pasatzen dira, bata bestearen atzetik, eta protagonistak, haiei begira, bere ondorioa ateratzen du. Ez zegoen bere neurrira egina. Gustatzen zait Saioak nola lotzen dituen kanpoko mugimendua eta barruko pentsamendua. Ez du esan behar protagonista zerbait ulertzen hasi denik. Irudia hor dago: trena urruntzen eta emakume bat bere buruarekin hizketan.

Hori da bertsoaldiaren beste lorpen bat. Bertsoak entzuten ari gara, baina irudiak ikusten ditugu. Ez da deskribapen luzeen ondorio, xehetasun zehatzen hautaketarena. Gidoigintzan bezala, askotan erakusten denak esaten denak baino gehiago kontatzen du.

Aio esan dit nik espero nun
filmeetako despedida
iskina baten gelditu naiz ta
benga akabo intriga
bazter batean hor gelditu naiz
nire penei begira

Orain bai, azken eszena. Protagonistak filmetako agur bat espero zuen. Besteak «aio» esan dio. Besterik ez. Zenbat maitasun istorio eraiki ote ditugu zinemak erakutsitako agurren gainean? Zenbat aldiz espero dugu gure bizitzak ere gidoi baten arabera funtzionatzea?

Hemen umorea ez da txiste bat sartzeko baliabide hutsa. Pertsonaien arteko kontrastetik sortzen da, eta aurretik kontatutako guztiari zentzua ematen dio. Bata ia belaunikatzeko prest dago; bestea trenera igo eta badoa. Batek filmetako despedida nahi du; besteak «aio» esaten du. Saioak, protagonistaren ahotik, bere buruari barre egiten dio. Ez du haren mina gutxiesten, baina ez du tragedia handi bihurtzen ere.

Azken irudia ere ezin egokiagoa iruditzen zait: emakume bat bazter batean, bere penei begira. Trena joan da, neska punkiak alde egin du eta protagonista bakarrik geratu da. Ez dago azken hitzaldi handirik, ezta ondorio moralik ere. Bizitza ez da beti nahi genuen moduan amaitzen, eta agian horixe da komediaren eta tragediaren arteko muga lausoa.

 

Ikusi Donapaleuko saio osorik Bertsoa.eus-en

Donapaleuko Saioa  Donapaleuko Saioa  Donapaleuko Saioa  Donapaleuko Saioa  Donapaleuko Saioa  Donapaleuko Saioa