Eli Zaldua Barquin
Eli Zaldua Barquin

2026-03-24

Egun perfektua

 

Doinua: Izar ederrak

Zelai eder bat guztiz betea
bitxilorez, krabelinez
Janztea egun bero batean
koloretsu ta ehun finez
Begiratzea gure zerua
Tindatzen morez, urdinez
Barrez lehertu ta amaitzea
Guztiok tripako minez

 

Hondartzan etzan nahiz ta ez izan
hondarra oso begiko
Kaskoak jantzi eta musika
entzutea nirekiko
Eguzki-izpiak bizkarraldean
siesta txikitxo bat, ziplo
Buruan soilik edukitzea
momentu hau eta kito

 

Inoiz egin ez dudan horretan
eskuratzea kemena
Orekatzea azkenik nire
gogoa eta sormena
Uda parteko haize epela
giroaren gozamena
Ta dastatzea inoiz probatu
dudan janari onena

 

Lagunekin ta mahai baten bueltan
edozer esanik altu
Beti mintzatzen garen horretaz
berriro ere mintzatu
Taberna zulo batean sartu,
lotsarik gabe dantzatu
Ohartzea nahi dudala gaua
ez dadin inoiz bukatu

 

Ezinegonik ez sustatzea
normak eta debekuak
Antsietatea eta estresa
nigandik desagertuak
Zinez gustatzen zaidanarekin
ziprinztintzea eskuak
Horren itxura hartuko luke
nire egun perfektuak

Egun perfektua
Arg: Melissa
Egun perfektua