El bueno, el feo y el malo

Arkaitz Estiballes

Arkaitz Estiballes

2021-10-07

El bueno, el feo y el malo –

Hasi dira herrialdeetako bertsolari txapelketak. Eta saioetara joateko irrikan egon arren, lehengo igandean etxeko sofan geratu nintzen. Damutu nintzen saiora joan ez izanaz, telebista piztu eta ez baitzuten “El bueno, el feo y el malo” programatu. Lastima!

 

El bueno, el feo y el malo

 

Dolarraren trilogiatik azkena da “El bueno, el feo y el malo” eta 1966an estreinatu zen. Haren aurretik ikusi ahal izan ziren “Por un puñado de dolares (1964)” eta “La muerte tenía un precio (1965)”. Urteko pelikula bat egin zuten, nahi baino aurrekontu txikiagoarekin. Sergio Leone zuzendariak Henry Fonda kontratatu nahi izan zuen, baina arrakasta gutxiko telesailak egiten zituen Clint Eastwoodekin konformatu behar, ez tirabira gutxirekin, gainera!

Trilogiako lehen bi filmek bi aktore nagusi zeuzkaten. Azkenak 3 ditu, ezinbestekoak hirurak filma osoan tentsioari eta interesari eusteko: el bueno edo Rubio -Clint Eastwood-, el malo edo Sentencia -Lee Van Cleef- eta el feo edo Tuco -Eli Wallach-. El bueno eta el feok hilzorian dagoen soldadu baten ahotik altxor baten berri izango dute. Hilaurrean, el buenori esango dio altxorra Sad Hillen dagoela, eta el feori zein hilobitan dagoen. El malok ere altxorra nahi luke berarentzat eta jarraitu egingo ditu azken duelura arte. Western-en historian lehen aldiz ikusiko dugu hirutara duelu bat, Enrio Morriconeren “El Trío” konposizioak loratua.

Zorionez, bertsolari txapelketak ez dira urtero jokatzen, nahikoa lan ematen dute aurrekontu gutxirekin bi urterik behin ere. Bihoakie nire esker ona antolakuntzan aritzen diren guztiei. Hala ere, txapelketek badute westernetik komediatik baino gehiago, txapelketan ere komedia baino komeria gehiago! Bertso txapelketetan ere badago denek erdietsi nahi luketen altxorra, badaude tiro ziurrak, tiro galduak, bigarren mailako aktoreak, aktore printzipalak, zaurituak, garaileak, hildakoak, bikoteak, azken duelua… eta Enrio Morriconerenak bezala tentsioa jarriko dion sintonia bat.

Txapelketak bikote ezagunak osatu ditu lehiarako zein entrenamenduetarako. Asoziazio horiek eman diote txapelketari maila eta argumentua askotan. Txapelketan zerbait egin nahi duenak landu beharra dauka, bakarka eta lagunarekin. Bakarkako lana garrantzitsua da, baina lagunartekoa beharrezkoa. Punteria findu daiteke banakako lanean, baina dueluaren simulazioak ematen du lasaitasuna. Lagunarte gozoa behar da horretarako, ulerkorra.

Guk txapelketetarako, bertso-eskolako lagunez gain, hirukotea osatu genuen: el bueno, el feo y el malo. Gure artean argi daukagu el bueno Etxahun dela eta el feo eta el maloren paperak Fredi eta bion artean banatzen ditugu, egunaren arabera. Aspaldi hasi ginen hirurok elkarrekin, ilusioz eta gogotsu, desorduetan eta ez neke gabe. Penak eta pozak konpartitu ditugu, elkarri doinuak erakutsi eta baita ezkutatu ere, elkarri adarra jo, elkarri min eman ere ziurrenik, elkar zaindu dugu, elkarren kontra dueluan aritu, eta, batez ere, elkarren lagunak izaten jarraitzen dugu. Urteekin beste aktore batzuk gehitu zaizkigu zerrendara, Beñat eta Ibon, kasurako. Txapelketa garaietan egin dugun lanari esker hobetu dugu bertsotan.

Denborak ez du barkatzen eta el feo eta el malo ez gara Sad Hilleko dueluetara aurkezten. Dena den, hasiak gara errepartoko beste lagunekin batera el bueno entrenatzen. Epikotasunari eutsi nahian, Etxahunen gurasoen etxeko kortan dihardugu aurten ere. Ondoren, etxera igo eta lapikoetatik datozen lurrunen usaina hartu nahian ibiltzen gara. Etxahunen amak asetzen ditu gure beharrizan primarioenak. Afalostean, aitak hankak lurrean jartzen dizkigu eta Greziako irakasle zaharren antzera bizitzaren gorabeherez hitz egiten digu. Horregatik bakarrik merezi du txapelketak!

Penaz, baina baliteke aste honetan huts egitea. Jonekin gelditu beharra daukat. Aspaldi ez dugu elkar besarkatu eta ustekabean herrira bueltatu da Jon. Baina hori beste istorio bat da. Datorren hilabetean kontatuko dizuet.

El bueno, el feo y el malo El bueno, el feo y el malo