Libe Goenaga
Libe Goenaga

2025-12-11

Ernio

Ernio –

 

Ernio
Irudia: @guhobeak

Abisua: Artikulu hau ez da irakurle guztientzat egokia. Pertsona korrektoa edo nahi duzuna interpretatu zalea bazara, STOP! Jarraitu BIBA ZUEK! ikusten.

17 urte nituenetik  urtero abesten dut herriko gaztetxeko bertso-afarian. Espazioa eta baliabideak duela 8 urteko berdinak dira ( abeslari punki ustekoen babekin zartatutako mikrofonoak eta margo akriliko txuria baino kortxo gehiago ikusten zaien mahaiak). Bertso mailak nabarmen egin du gora (batez ere, bertsolariak berdinak garelako eta orain Amurizari eskerrak zortziko-txiki bat kondiziotan osatzeko gai garelako). Saioak ederra izan behar luke, giroan, ordea, arazo bat dago: ez gara lehengo parranda giroan murgiltzen.

Garbi daukat edari alkoholdunek eta drogek ez dutela apologiarik merezi. Kontziente naiz bizitzak hondatu ditzaketela. Eredu, Maialen Lujanbioren  “dena lorea behar zuena bilakatu zen erremin ta bizioa ta desioa batzutan bereizi ezin” edo Aitor Mendiluzeren “sudur-zulotik, sator-zulora, hilkutxa, meza, malko ta lora, laburtuz zoaz horretarako geratzen zaizun denbora”. Baina… ez dakit…. Egongo ote da heroina xiringen eta NETFLIX eta mantaren arteko zeozer…

Bizi izan ezaren nostalgiaz oroitzen ditut patxaran kopa eskuan ospatutako lanbro arteko bertso-saioak. Hala izan beharko ez balu ere, mota bateko bertso-saioetan entzule gisa gehiago inplikatu izan naiz parranda giroan eta sortutako saltsa ederragoa iruditu izan zait. Kontrako aldean, desfasearen aurreko poz momentuek saioa lehertzen lagundu izan didate. Ondo pasatzeari bertso txarrak detektatzeari baino garrantzi gehiago ematea interesgarria da batzuetan. Oxala edan gabe egiten jakingo bagenu, eta ole bestela egiten dakitenak, baina nik behintzat ez dakit.

Gaur egun, txitxi trinkotasunaren aroan, parrandak nabarmen behera eta bakardade isolatuak nabarmen gora egin duen aroan, gazte asko Aquarius bat edan eta etxera joaten dira. Halakoetan helduagoei honakoa entzuten diet:

  • Gure garaian kristona izate luan bertso-afaia! Ehun ta piko buru kabitze lituan gaztetxian ta galtzetan txixak eta danak. Halakok ikearrizkua biltze zin, bua, insuperable!

Nik zuzentasunez erantzuten diet, baina barrutik beste zerbait pentsatzen dut.

 

                                                        ┌∩┐(◣_◢)┌∩┐

 

  • Noizz zahaartu zeeea haainbeste ta zeebaa ustezu ya ez dala zure garaiaa?!! Yooutubeko iruditaan denak ossssso zoriontsu  emateezue ta nikk ere hori naahiii deet!!!!!! 30 urtetiik goraaa bakazuuu ezz izaatia aspergarriyaa ta gure edadekuak badakaee ez jutiaa deporrte iteaa eguneroooo!!!

Total, herritarren igande goizeko Ernioranzko mendi buelta programatuak bertso-afaria izorratu didala.

Ernio