Ruben Sanchez
Ruben Sanchez

2025-12-28

Eusko Bertsolaritza bertso-delitu egileen jatorriaren berri ematen hasiko da

Eusko Bertsolaritza bertso-delitu egileen jatorria –

Eusko Bertsolaritza bertso-delitu egileen jatorria
Arg: Kindel Media

Orain arte, delitu egileen izen abizenak ezagutzera ematen ziren, batez ere, txapelketetan puntuazioak (eta epaileak) susmopean jarri ez zitezen. Hemendik aurrera, ordea, bertso delituen jatorria publikoa izango da. Segurtasun Zailak bertso-ohar baten bidez zabaldu duenaren arabera «Bertso-delinkuentzia gora doakigu, aspaldi Aguraindik bertso plazan langarra ari du, eskuina presionatzan ere hasi digu zaigu, diagnostikoa egiten lagunduko digu».

Erabakia Nafarroako eta Bizkaiko Txapelketak jokatu berritan hartu izanak ere kezkak eta zalantzak sortu ditu. Alabaina, iturri fidagarri samarren arabera, Eusko Bertsolaritzak ez omen zuen nahi txapelketa batzuen eta besteen arteko alderaketak egiten hastea neurriarekin hasi eta berehala, eta «komunitate horiek estigma txarretik/ bereizi ta nolabait babesteagatik» egin duteHain zuzen ere, arrazoi beragatik, ekidingo dute “Araba” bezalako termino esplizituak erabiltzea, “Aizkorri edo Gorbeiaren bestaldea” bezalakoak hobetsita.

“Guek ere bertsolariak garete” Arabako Bertsosaiatuen Elkartetik ez zuten bat-batean adierazpenik egin nahi izan, eta hausnartzeko denbora pixka bat gehiago eskatu zuten. Egunaren hondarrean bertso ohar bat bidali zuten, hona ekarri ezin izan duguna ‒ez zuen errimatzen‒. Bertan salatzen zuten neurriak bertso-komunitate batzuen kriminalizazioa eta diskriminazioa ekarriko duela «Nahiko sufritzen genuen gure abizen konposatuak entzutean, eta orain hau?» (sic) (ez zuten errimatzen!?!).

BertSOS Arrazakeria elkarteak ere ezadostasuna adierazi du: «Zer_ekarpen e(g)iten du jatorria jakiteak hara, hara… aurreiritziak eta estigma handitzea ez baldin bada?».

Xiberükü bertsü lagünen elkartetik, berriz, adierazi dute maskaradetan batzuetan ez dutela errimatzen “gorpütza horditurik, mihia loditurik” ibiltzeagatik. Gainerakoan, biziki ongi.

Bertsolari aldizkariak eginiko inkesta baten arabera, berriz, bertsozale gehienek begi onez ikusten du jatorriaren berri ematea.

Ondo irutzen zaizu bertso-delitu egileen jatorria esatea?

1. Bai, delitu guztietan, beti (%20).

2. Bai delitu larriak direnean (potoak, bi silabako hanka luze/motzak, ergatiboak gaizki erabiltzea, eta txistukariak nahastea). (%60)

3Bai, delitu egilea oso berrerorlea denean (“reinzidentea”) (%15)

4. Ez edo ez daki (%3).

Eusko Bertsolaritza bertso-delitu egileen jatorria