Gabon zuriak –
Doinua: Agur sagar beltzaran
Umetako gabonak
amatxirenean,
etxea apain jarri
umore onean,
mahaian 14 lagun
aztoramenean,
oparien sorpresa
zuhaitz barrenean…
Ez dut garai hoberik
nire oroimenean.
Eta orain Grintx bat naiz
beti eztabaidan,
ezin burua argitu
oheko lastairan,
kapitalismoan ta
kristauen kondairan…
Pentsatu dut aspaldi
ze gertatu zaidan,
orduko ilusioa
nora joan zitzaidan.
Ez espero hemen guru
baten aholkurik,
gabonetako argiek
naute itsuturik.
Hurrengoei ez diet
ebatsi nahi surik
ez irri, ez poz, ez min
ez bizi, ez urik…
Baina ez dut nahi biltzeko
zelofan faltsurik.
Olentzero, erregeak,
opari-ematea,
“Erre pui erre” festa
ta mahatsak jatea,
erregeak opa du
denontzat bakea,
eta urte berri bat
gauza onez betea,
Nola liteke hainbeste
hitz huts esatea?
Hor, galtzerdiak saltzen
ibiltzen den Maki,
Santa Klausen txanoaz
gabonak izaki,
Esan diot “Ez dut nahi,
saldu beste bati.
Nahi baduzu kafe bat”
Ez du nahi, ez daki.
Ez du ematen biok
garenik gizaki.
Maki bere karroaz
kalean urrundu,
Ze afalduko duen?
Etxea urrun du…
Ni gaur aman etxera
berriro bi mundu,
berandu noa berriz
ta ez bi segundu,
“Barkatu, ama, ez dizut
ezertan lagundu”.


