Arkaitz Estiballes
Arkaitz Estiballes

2021-09-09

Gorbeiazpiko laranjak

Gorbeiazpiko laranjak –

“Beatus ille qui procul negotiis, ut prisca gens mortalium  paterna rura bobus exercet suis…” (Horacio, Epodos,2.1.) Kristo aurreko urteetan horixe utzi zigun idatzirik Horacio poeta handiak: Zorionekoa hura, negozioetatik urrundu eta arbasoek bezala, aitaren lurrak bere idiekin lantzen dituena.

 

Gorbeiazpiko laranjak

 

Gure gurasoek halaxe ezagutu zituzten haien aurrekoak ere, idiekin lurra lantzen. Gure aita zenak gerora makina bat izerdi bota zituen gure baserrian, makina handirik gabe, esku lanean etengabe. Haren izerdien hamarrenik ere ez dut botako nik bizitza guztian, baina berari zor diot gure etxe ondoan sorturiko paisaia.

Paisaiak sortu egiten baitira nola bertso txapelketa batean iritzi korronteak, baina horretaz beste noizbait hitz egingo dugu. Gure inguruan pinua izan da beti nagusi, insignisa. Euskal Herrian 1850. urte aldera landatu ziren lehen insignisak Ispasterreko Zubieta jauregiko lorategietan, Karlos Adan de Iartza izan zen bekataria. Pinu mota horrek zuen hazkunde azkarra ikusita, haren semeak Mariok hainbat basotan landatu zuen eta 1913tik aurrera Bizkaiko mendi publiko zein pribatuetan hedatzen joan zen. Pinuak hainbat baserritan gosea kendu du, baserritarren seme-alaba askoren ikasketak ordaindu, kalean eta baserrian lan egiten zutenen arteko errentak orekatu… baina lurra gaixotu digu bera gaixotu denera arte. Orain gaixo berriak datoz, azkarragoak eta bortitzagoak.

Gure aitak ez zuen pinua maite. Bazituen baso batzuk aurretik pinuz landatuak, baina beti entzun nion esaten: “Etxe ondoan ez dot gure pinurik!”. Etxe gainean hektarea bat gaztainondo landatu zuen, ez neke gabe, hamar urte egingo zituen gutxienez, eremu horretan berez ernetzen ziren akaziak mozten, kodaina eskuan, zorroztarria gerrian. Etxe azpiko landetan, lehendik ere han ziren mizpira, pikondo, okaran, makatz eta gereziondoen parean, sagarrondoak landatu zituen (erreineta, errezil, bost kantoiak…). Haiei jarraika intxaurrondo sorta ederra. Geroago etorri ziren beste bazter batzuetan kiwi, feijo eta melokotoiak. Ordurako baserri askotan ikusten ziren fruitu arbolak gehienak. Kapritxo handiz egiten zituen gauzak aitak… eta handik urte batzuetara laranjondoak landatu zituen, iparretik babestuta.

Fruta asko dugu etxean. Baina ni sagarrak nekatu egiten nau, laranja gustatzen zait niri. Inork ez zuen sinesten laranjarik jasoko genuenik Gorbeia azpian, baina aurrekoan kontatu nizuen bezala 100 kilotik gora jaso ditugu aurten. Aita joan ondoren, neuk ere landatu nituen laranjondoak, aurten hasi zaizkit fruitua ematen, justuki aguakateak landatu ditudan urtean.

Gure paisaian fruta arraroa da laranja, baina nik huraxe dut gustuko! Bertsolariekin ere pareko gertatzen zait. Sagar asko daude, gozoagoak, mikatzagoak, itxura eskas baina gustu handikoak, merkatuan saltzeko modukoak, etxean jatekoak eta ganbaran usteltzen direnak… baina laranja gutxi. Sagarrak noizbehinka jan arren, laranja jateak ematen dit plazer. Bertsolarien artean ere urri dira harritzen nautenak, desberdinak direnak, ez dira beti txapelketan onenak izango baina arrastoa uzten dute… Jokin Sorozabal izan zen bat nire kasuan, eta gehiago ere izan dira, baina neuretzat gordeko dut sekretua.

Negu aldera hasten naiz laranjak jasotzen, espero ditugun txapelketen garaian. Ea aurten zenbat laranja hazten diren! Aitortu behar dizuet, negu partean bereziki, euria bota ahalean ari duenean, laranja bila joateko alferkeria sartzen zaidala. Beste behin ere, uzta hona etorriko delakoan, ahalegina egingo dut, baldin eta telebista piztu eta “El bueno, el feo y el malo” ematen ari ez badira. Film arraroa da, westerna izan arren, eszena asko Burgosen grabatu baitziren. Baina horretaz hurrengoan idatziko dizuet.

Gorbeiazpiko laranjak Gorbeiazpiko laranjak