Gure aitari

Felix Zubia

Felix Zubia

2020-03-04

Gure aitari –

Doinua: ETAren su etenetik

Gure aitari

 

Bizitzaren errebueltek

Markak uzten dizkigute,

Memoria bihurtzen da

Buru zaharraren arkupe.

Hizketa denean sarri

Garai joanen irute,

Altxorrak jasotzen dira

Irribarre baten truke.

Gure Aitak aste hontan

Laurogeita hiru urte,

Hitz neurtuz kontatzea

Bertsolarien bertute,

Barruan gorde dudana

Bertsoz azaldu nahi nuke.

 

Sei urterekin ama hil,

Patua zein den krudela,

Babesa nola bilatu

Horren umea zinela,

Aitona eta Izeko

Aldamenean zirela,

Burua zut, lema tinko,

Eta aurrera batela.

Hau da eskaini diguzun

Lehenbiziko erregela,

Albokooi egunero

Oparitutako perla,

Gauza guztien gainetik

Bizitza ederra dela.

 

Zailtasun denak zailtasun,

Bizitzan beti aurrera,

Mastan zabal, hegan beti,

Umorearen bandera.

Festa denetan kantari

Marinelenak, rantxera,

Buruz hamar mila kantu

Datoz hitzetik hortzera.

Mututurik bizitzeko

Ez bizitzea hobe da,

Zugandik ikasi nuen

Garbi noa esatera,

Sentimenduak askatzen

Bertsoarekin batera.

 

Oraintxe hamabi urte

Iritsi zen parkinsona,

Pixkanaka erasanez

Buruko hainbat neurona.

Nahiz eta handituz doan

Ezintasunaren horma,

Ez dituzu inoiz galdu

Poz eta umore ona.

Beraz zuk erakutsiak

Azaltzera nator hona,

Bere ekintzak ikusiz

Neurtzen dela pertsona,

Eta elkar laguntzean

Dagoela zoriona.

 

Zure motortxoa jarriz

Tokatzen zaion neurrira,

Koroko entsegutara

Joatea komeni da.

Zure arima askatuz

Partituraren harira,

Makaldutako ahotsa

Libre doa, urrutira.

Ezin da albora utzi

Hileroko Kantujira,

Lehengoan ikusi nuen

Zure begiei begira,

Zeinen gauza ederra den

Zorionaren distira.

 

Bizitzaren zailtasunek

Sortzen dute mila kalte,

Ezinek eta zalantzek

Itzal luzea daukate.

Labirintoan barrena

Azaltzen da mila ate,

Beldurrak, uste okerrak,

Nola mantendu aparte.

Galdera existentzialak

Zuregana naramate,

Nahiz pasa mila eskola

Eta mila fakultate,

Zure adibidea da

Nire unibertsitate.

Gure aitari