Gure ondoan da

Elixabet Etxandi

Elixabet Etxandi

2020-04-13

Gure ondoan da –

Doinua: Seme ezarri bainauk

Gure ondoan da

Baionako kaleak hutsik, konfinamendu egun batean. GUILLAUME FAUVEAU (BERRIA)

 

 

Txiste artean egin

abiapundua

bihurtu da lobien

arteko gudua.

Bakoitzak bere egi

eta aburua,

eta gaixotu gira,

hau da segurua:

gu baino gaixoago

zelako mundua.

 

Nola sortu da eta

nola da eria

mundu erdia? Sustut,

gu, langileria.

Kapitalismoari

luzatuz begia

Batu ditu gezurra

eta miseria,

Sosarekin erosten

delako egia.

 

Geroz ta hurbilago

zelako hil kutxa

Etxea bete dugu

utziz kale hutsa.

Instituzioetatik

nahi dute usa,

Barkatu bainan ez dut

ulertzen eskusa:

Armen bidez sendatzen

ote da birusa?

 

Txaloka entzun ditut

balkoi eta sala

Baina korona gabe

Ez zen bate hala.

Jantzi xuri atzean

beltza da itzala,

Doblea izanen zen

burgesen ahala,

Osasunak ekartzen

balu kapitala.

 

Etekina/bizia

hasi da derbia.

Lanera derrigortuz

jendeen erdia,

Diruak hautatu du

bere alderdia.

Birusak galdu dezan

bere energia,

Antidotoa al da

gure izerdia?

 

Kaleko eskaleak

edo etorkinak,

senarrarekin preso

dituzten biktimak,

Nola Ongi Izate

estatu gordinak

Koronarekin ditu

eroriz eginak,

garai diferenteak,

biktima berdinak?

 

Zaintzaz, elkartasunez

egin zutabea

mundu honetan ez da

gerorik gabea.

Nahiz guretzat nahi duten

bizitza grabea,

Antolakuntzaz jaso

dugu ondarea:

Saretuz hautsiko da

burgesen sarea.

 

Elkartasun sareek

eginik eztanda

zaintzaz beteko dira

hiri eta landa.

Piramide bat bada

lurrean etzanda

Ta itxoiten baduzu

laguntzaren txanda:

ez da zure gainean,

zure ondoan da.

Gure ondoan da