Aroa Arrizubieta
Aroa Arrizubieta

2020-12-22

Izan zaitez zarena

 

Izan zaitez zarena –

Zenbat aldiz entzun ote ditugu “izan zaitez zarena”, “ez zaitez aldatu, itzela zara” edo antzeko esaldiak; eta entzun ditugun aldi horietatik zenbatetan pentsatu ote dugu nor garen benetan. Izate bakarra dugun ere zalantzan jarri izan dut sarri, pertsona bakoitzarekin ezberdina naizela iruditzen baitzait, eta horietako zein naiz ni? Edo zein ez?

Izan zaitez zarena

 

Oihana Aranak “zer zara?” galderari erantzuten dion bertso sortan ere bazioen “zuk zure burua maitatzeko sortu duzun pertsonaia”; eta zer pentsatua eman dit horrek; izan ere, zenbateraino dira gu guk sortutako pertsonaia horiek? Galdera asko eta erantzun gutxi eman ditzaket egia esan. Bertsotan ere, bizitzan bezala, etengabe sortzen ditugu pertsonaiak, egoeren arabera.

Bizitzan maitakorragoak gara batzuekin, hotzagoak besteekin. Normalean egingo ez genituzkeen gauzak egiten ditugu batzuetan; eta guztiek egingo genuela uste zutena egiteari uzten diogu besteetan. Bertsotan gaia eman eta beste baten paperean sartzen gara batzuetan, egingo genukeena, pentsatuko genukeena, egingo ez genukeena zein pentsatuko ez genukeena -baina pentsatu duguna- kantatzeko; horietako zein gara gu eta zein ez? Askotan epaitu izan ditugu beste bertsolari batzuk ere kantuan erakutsitako pertsonaiagatik, baina zenbat deskribatu behar dugu pertsonaia bat gu ez garela justifikatua egon dadin?

Betidanik esan dit aitak ezin ditugula gure ekintzak “horrelakoa naiz” esanez arrazoitu, nahi duguna garelako, edo behintzat, nahi duguna izaten saiatu beharko ginatekeelako. Hortaz, egin diezaiogun kasu Mercedes Sosaren “​todo cambia”​ abestiari, eta dena aldatzen bada, ez gaitezen harritu ondokoa aldatzen denean. Aldatu gaitezen, elkarrekin eta elkarrentzat; garenetik eta izango garenarentzat.

Izan zaitez zarena