Jon eta kartzelako lana

Arkaitz Estiballes

Arkaitz Estiballes

2021-11-09

Jon eta kartzelako lana –

Aurrekoan kontatu nizuen bezala, Jon etxera bueltatu da eta, ondorioz, hemen ari naiz epez kanpo eta berandu zutabe hau idazten. Jon ere berandu heldu da etxera, eta galdutako denbora berreskuratzen gabiltza. Kartzelako lanak luze joan dira saio honetan.

 

Jon eta kartzelako lana

Puerto Santa Maria. Arg: Beñat Hach Embarek (ZuZeu)

 

2002ko udazkenean eraman zituzten Galdakaoko hainbat gazte espetxera, tartean gure kuadrillako Jon eta Andoni. Kale-istiluengatik atxilotu zituzten, baina ordurako dena ETA da leloa hauspotzen arituak ziren hainbat euskal politikari, barne sailburu arratiarra gidari. Audientzia Nazionalak ez zuen abal hoberik bilatuko! Atxiloketak ere Ertzaintzak egin zituen, kamerarik gabeko geletan xehatu zituzten eta Madrileraino eraman: “Tori zuen oparia, hemen euskal gazteria!”.

Epaiketaz epaiketa eta dena ETA zen lelopean, 50 urtetik gorako kondenak erori zitzaizkien askori. Andoni lehenago atera zen espetxetik, ez bereak bizi izan gabe: bi kartzelaldi, senideen istripuak, kundan edo trasladoan istripu larria… Jon 3. graduan atera da 19 urteren ostean, oraindik ere kartzelan egiten du lo. Haiekin batera atxilotutako batzuek espetxean jarraitzen dute. Askorentzat ez dira preso politikoak, baina, batagatik ez bada besteagatik, badira. Izango dira ekintzok egitean motibazio politikoa ukatuko dietenik. Baina horiek ere nekez ukatuko dute kondena amaigabe horien erroetan inpultsu politikoak daudenik, eta hain zuzen, horrek ere, askok kontrakoa nahi luketen arren, preso politiko bihurtzen ditu.

2002ko iraila erdialdera Bizkaiko Bertsolari txapelketarako prestatzen hasia nengoen ilusio handiz. 2000ko finaleko oroitzapen gozoak nituen artean. Azaroaren 24an Bermeoko frontoian kantatu orduko gertatu ziren atxiloketak, gogoa belztu zitzaidan. Oroitzen dudan lanik txarrenetako bat bertan egin nuen eta bukaerako agurrean Arkauten ere torturatu egiten zela salatu. Saioa bukatu eta oso bertsozalea zen justizia sailburua hurreratu zitzaidan tonu gogor samarrean: “Hi Estiballes, hik gaur be in behar, gogortsue izin dok bota dokena”, labur erantzun nion: “Gogorra bai, baina guzurre ez! Ta hik nik baino ardure handiegoa dekok!”.  Gure arteko harremana ez zen horregatik gaiztotu, harreman ona izan genuen luzaroan. Jakin badakit handik aurrera atxilotuen egoerarekiko kezka handiagoa adierazi zuela. Ez berak esanda, beste iturri batzuetatik baizik. Estimu handitan nuen.

2002ko udazken hark bizitzak aldatu zizkigun, baina ordura arte ere ez ginen ikusi eta bizi gabeak. Haurra nintzela aitak lagun bati atxiloaldian zer egin zioten galdetu zionekoa daukat gogoan: lagunak alkandora zabaldu eta elektrodoen erredurak eta kolpeen ubelduak erakutsi zizkion nire aurrean. Horixe izan zen nire lehen kontaktua bizi izan dugun gatazkarekin. Galdakaoko bertso-eskolan hasi eta gutxira atxilotu zituzten Marije eta Joserra senar- emazteak. Oroimenean dauzkat Marijek Yaseriasetik bidaltzen zizkigun bertsoak. Handik urteetara Santutxuko bertso-eskolara Tasiok eta Txapik ere bidaliko zituzten haien sortak, gerora ikasle izan genuen Iurgirenak iritsiko ziren… bertso-eskolan konpartitu  genituen Joserraren minak semeen atxiloaldietan… Uste dut jendaurrean Galdakaon abestu nituen lehen bertsoak Aitor Jugoren ongi etorrian izan zirela… ongi etorri gutxitan ez nuen kantatuko… agurrak ere dexente, tamalez… Eta oraindik ere bada harritzen denik presoei kantatu izanaz!

“Hik ez daukak beste gairik?” galdetu izan didate edo leporatu, ez daukat argi. “Opel corsa bati ere kantatu nion” erantzuten diet, baina egia izango da gatazkari buruz gehiagotan kantatu dudala. Bertsotarako gaietan ere sarritan agertzen zen euskal presoen egoerari buruzko aipuren bat. Azken urteetan aipamen gutxiago egiten zaiela esango nuke, arazoak berean dirauen arren. Eguneroko gaiei buruz aritzea ere badagokigu bertsolarioi: konpondu gabeko arazoez, munduaren noranzkoaz… Baina bertsolariak beti ezin du aukeratu zeri kantatuko dion, askotan gai-jartzaileak emango dio bidea.

Lan nekeza da gai-jartzailearena eta berebiziko garrantzia dute egungo bertso-saioetan, zer esanik ez txapelketetan. Badakit gizartearen kezkak gaietan islatzen saiatzen direla. Horregatik aurten jokatzen ari diren txapelketetako gaietan euskal presoen egoerari buruzko zenbat gai agertzen diren ikusteko irrikan nago, zenbat eta txapelketaren zein fasetan, horrek ere gaiari ikusgarritasuna ematen baitio. Gabon osterako ea gaiak gaika sailkatzeko denbora hartzen dudan, ondorioak ateratzeak tarte luzeagoa eskatuko dit.

Uda honetan ez dut preso bakar baten ongi etorrian abestu, baina ardi-txakurren hiru erakustalditan izan naiz kantuan. “Hi ere akomodatu haiz” esango dit norbaitek, baina kontuz, artzain-txakur erakustaldiak oso politikoak izan daitezke. Alde handia dago gure herrian txakurretik txakurrera!

Jon eta kartzelako lana Jon eta kartzelako lana Jon eta kartzelako lana Jon eta kartzelako lana Jon eta kartzelako lana