Manex Agirre
Manex Agirre

2022-08-12

Koktail hurrup

Koktail hurrup –

Ai, badoa abuztua aurrera, eta udan eduki arin eta freskoak behar direla justifikatzeko moduko beroa egiten du, nora zoaz fuerte pentsatzeko gogo horrekin, hau ez da lorategi diskurtsiboetan sartzeko momentua, gazta freskodun entsalada batekin eta koktail hotz batekin batera kontsumitzeko flash-ak dira orain behar direnak, ez saiatu tesi bat defendatzen, hondartza zain daukagu eta.

Honatx, beraz, solte harrapatutako ideia sorta bat, elkarrekin josteko lanik ere hartu gabe (esan dizut bero egiten duela?):

 

Koktail hurrup

 

BAGA

Abuztuaren 7an Berria egunkariak Alaia Martin eta Andoni Egañari egindako elkarrizketan, Egañak, txapelketak utzi zituenetik zenbat aldatu diren galdetuta:

Gutxien aldatu dena txapelketen formatua dela esango nuke. Gaitegia aldatu da, eta, aurtengoan, espero daiteke are gehiago aldatzea.

Zer pentsa ematen du, ezta (tira, ez gehiegi, izerditan hasten naiz “pentsatu” idatzi ahala bakarrik)? Beste testuinguru batzuetan formatua da aldatzeko errazena izan daitekeen faktorea.

Bestalde, gaitegia aldatu da, bai, eta bertsolariek gaiei (oro har) kantatzeko modua ere aldatu egin dela gehituko nuke. Nahikoa; hurrup koktailari.

BIGA

Abuztuaren 7 horretan bertan, Aihotz plazan ari ginen kantuan, eguerdian, Ekaitz Samaniego, Oihana Iguaran, Maddi Sarasua eta laurok. Udako festa-giroko saioa, ikus-entzuleak pamela-biseradun heroi, eguzkiaren aurkako gudari. Testuinguruaren aginduak: saio arina, dibertigarria, eroso entzutekoa. Nieves del Alamo gai-jartzaileak, ordea, igaro berri den Mercedes lantegiko grebaren inguruko gaia jarri zigun Samaniegori eta bioi.

“Ezdatokatzen”ak burutik kendu, eta eskertu egin genuen, bai guk, bai entzuleek. Saio ona atera zela esango nuke, gainera. Lorategi diskurtsiboan sartu gabe, esan beharrekoa esan genuen. Tokatzen zen.

HIGA

Bertsoa atarian uztailaren 21ean argitaratutako elkarrizketa, Lokatz loreak taldeari. “Frikisaioak” antolatzeko asmoa dute. Elkarrizketan zehar, dena da hortzak izerditan jartzeko modukoa. Esplizitatu egiten dute espazioak falta direla bertso-plazetan. Falta diren horiek sortzeko asmoa dute.

Zeren eta… plazetan (bereziki udakoetan) entzuten dugunak (gaitegiak, diskurtsoek, ideiek) badu homogeneotik? Zenbat? Eta zenbatetan gertatzen da espero ez dugun zerbait? Arreta deitzen duen zerbait?

Hurrup.

LAGA

Belle and Sebastian taldearen Piazza, New York Catcher abestia hamarreko txiki bat da, ez horregatik.

Koktail hurrup