Enare Muniategi
Enare Muniategi

2021-09-02

Laurogeita piku

Laurogeita piku –

Ez dute berdina kontatzen hondartzan edo manta azpian irakurritako liburuek.  Ez da berdina kafe batekin edo garagardo bat eskutan irakurtzea, lore artean edo arboletatik jausten diren hosto artean irakurtzea, egun euritsu edo eguzkitsuan irakurtzea. Liburuak ez du usain berdina, ez du zapore berdina, eskuak papera ukitzean ere ez du berdina sentitzen, zer esanik ez koloreari buruz, beste kolore bat guztiz. Denak politak, baina, denak desberdinak.

Laurogeita piku

 

Eta berdina gertatzen da bertsotan, bertso berberak egunaren arabera beste kolore bat du, ohiko komunikazio eskeman eguraldiak edo aretoak alda dezake mezua, esandakoa, entzundakoa eta zentzua, nahiz eta hitz berberak erabili.

Udan harez beteta eta garagardo fresko bat eskutan irakurri dut J. Bergesen Peregrinas nobela, laurogeitasak kolkoan hiru andre bidai baten. Barrez lehertu eta inguruko turistak niri begiratzeko besteko barrea, baina, umoreak ere badu zer erakutsi, eta are gehiago laurogei urteko batek kontatua bada. Haserrealdi baten protagonistak lagunari galdetzen dio ia eskuetan duen nobelan gertatzen dena bere ustez gezur bat den, erantzunik jaso ez eta galderak egiten jarraitzen du “zer uste duzu Julio Verneren pertsonaiak ez direla existitzen?”, “Miguel Strogoffek ez zituela Uralesak zeharkatu?” edo “Nemo kapitainak ez zuela itsasondoan bidaiatu Natalius-ean?” Eta zelan ez, galdera bonbardaketa honen ostean oraindik erantzunik jaso ez eta laurogeita piku urtean batutako amorru guztiarekin hasten du bere speecha fikzioa gezur bat ez dela esanez, liburuetan bizi diren pertsonaiak bizi bat dutela, sentitu eta sufritu egiten dutela. Hala ere, onartzen du pertsonaiok eta historiok autore baten asmakuntza direla, baina, ez dira gezur bat inola ere, errealitate alternatibo bat izan daiteke. Baina benetakoa dena, gure buruan fikzio horrek sortzen duen akordua, fikzioa errealitate bat da gure memorian gure bizitzako beste oroitzapenekin gordeko dena.

Onartu dezagun, bai zuk eta bai biok, ondo ulertzen dugula andre honek esan nahi duena. Amestu, irakurri, ikusi zein entzundakoak gure akorduan gordetako bizipenak dira, bizitakoak beste pisu har dezaketen oroitzapenak. Eta berdin gertatzen da bertsotan, batzuetan pertsonaiatik edo geuretik edo bietatik ari garen jakin gabe, bakoitzak bere errealitate alternatibotik kantatzen eta jasotzen ditu hitzak, silabatan neurtuak eta doinutan sartuak. Gure kolore eta usainetik, eguraldiaren zaporetik eta geure memoriatik esan, irakurri eta entzun dugu, geure errealitate alternatibotik sentitzen eta sufritzen.

Enare Muniategi

Laurogeita piku