Maite Sarasola Izazelaia
Maite Sarasola

2026-08-07

Lurdes Iriondo pastorala

Lurdes Iriondo pastorala –

Lurdes Iriondo pastorala

Iluntzeko 20:33, harmailako eskaileretan libre dagoen lekutxo batean eseri eta  badatoz musikarekin batera artistak oholtzara. Publikoa agurtu, eszenatokiko bi eskinetara baztertu eta hasi da pastorala, Lurdes Iriondoren pastolara: “Arren, jente honak goratzan/historian gibelago. Ordü dügü ikastea/ nor zen Lurdes Iriondo”. Eta bai, bada garaia ikasteko nor zen Lurdes Iriondo.

Frankismo bete-betean kokatzen gaitu pastoralak, euskararen aurkako mehatxu, errepresio eta debekuen garaian. Kendu ziguten askatasunez eta maitasunez euskaraz aritzeko eskubidea, eta hala ere, bide askotatik egin zen gure herriaren aldeko defentsa. Testuinguru horretan sortu zen Ez Dok Amairu kultur-mugimendua, garaiko egoera belztuan eta sorkuntzatik, besteak beste, Euskal Herri euskaldun eta euskaltzale bat bazela aldarrikatu zuen taldea. Guregana iritsi dira bertako partaide batzuen izenak: Mikel Laboa, Xabier Lete, Benito Lertxundi, Jose Angel Irigarai… adibidez, baina pastoralari esker jakin dugu askok giro (batez ere) maskulino haretan, bazirela proiektu honetan lan egin zuten emakumeak.

Zoragarriki ikasi genuen Sohütan Ez Dok Amairu kultur-mugimenduko sortzaileetako bat, abeslari bikaina, haurren kultura irakaslea, gure herriko kultur-erreferente handia… eta abar luze bat baino gehiago izan zela Lurdes Iriondo. Baina, batzuontzat deskubrimendu hutsa izan zen jakitea Nekane Oiarbide bezalako emakumeek ere izugarrizko lana egin zutela herri aldarrikatzaile bezain kantaria izan zedin gurea. Uste dut ikerketa eta transmisio lan ikaragarria egin dela hori taularatzeko, eta benetan zortedunak geu, Casamajou Elkegarai ahizpei eta Sohütako taldetzarrari esker bete ditugulako askok izen eta erreferente askoren izenen hutsuneak.

Emankizunean zehar, sarritan agertzen dira elkarrekin Lurdes eta Xabier Lete, pentsa, beraien ezkontza bizi izan genuen bertan geunden guztiok! Artista handia izan zen Lete, eta hari ere aitortu behar zaio utzi digun ondare kultural ederra. Are gehiago, bere kantei esker goxatu izan dizkigute gure gurasoek ahizpa eta bioi zenbait haserre eta negarraldi. Ni ez naiz Lurdes eta oraindik ez dakit gitarra jotzen, baina argi daukat, nire ahots afonikoenarekin bada ere, kantatuko diedala nire ondorengoei bere letra ederren bat edo beste.

Maitasun eta bidelagun sare baten babesean, nork bere bidea egin behar duela irakatsi zigun Lurdesek, berak ere horrela egin zuen, eta zeinen ederra gainera! Gu ere ari gara eta horrela ibili nahi dugu, geu izaten. Ez dugu beste izen baten zama izan nahi bizkarrean, nahikoa dugu geurearekin. Gutasunaz ari naiz, eta sar dadila taldera nahi eta behar duen oro, elkarrekin mugituko gara, pastoralean bezala.

Arizale guztiei, baina bereziki Intza eta Leire Casamajou Elkegarai ahizpei, zorionak, lan bikaina egin duzue, benetan. Askok ikasi eta beste askok berrikasi dugu nor zen Lurdes Iriondo. “Nabil, eta nabilelako nago hain neke” dio Lurdesen abestietako batek. Ibili zinelako dabiltza orain beste emakume batzuk herriz-herri kantuan, geure kulturaren defentsan eta euskaraz mintzo. Garaiak aldatu dira, baina sasoi lainotuotan ere badugu zer kantatu, transmititu eta eztabaidatu. Beraz, mugi gaitezen gaua egin baino lehen: “baina gauez amets egiten det/bihar goizean mundua hobea izango dela,/ gizonen gau beltzean/bake, itxaropen eta maitasun berri bat/piztuko direla,/gizonen gau beltzean/bake piztuko dela”.

Lurdes Iriondo pastorala