Ruben Sanchez
Ruben Sanchez

2026-03-19

Mila tuberkulu baietz!

Mila tuberkulu baietz! –

Mila tuberkulu baietz!
Arg: Eva Bronzini

Aurten lau bertsolari joango dira Arabatik Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusira. Polita da patatar ordezkaritza bitik laura pasatu izana, herrialde guztien ikusgarritasuna eta bla-bla. Baina, aitor dezagun, egongo da mizto gaiztorik mailari erreparaturik mereziko lukeen beste herrialderen bateko bertsolari bat edo beste kanpoan geratuko dela esango duenik… Pazientzia.

Aramaixon jokatu zen bigarren finalerdira joan nintzen, txapelketetatik erretiroa hartu duen Manex Agirrerekin honetaz eta hartaz hitz egiteko asmoz. Teknikari arituko zela banekien. Haren ordez, Allende zegoen, ordea: “Hamen naz neu lanien!”. Manexen aldean, zakarxeagoa da Allende.

Esan nion ikusi ditudala final laurdenak eta final erdiak oro. Eta aspaldi bertsolaritza jarraitu barik nengoenez, ezusteko polita hartu dudala bertsolari gazteak eta ez hain gazteak ikustean. Final lehiatua eta ederra espero dudala, eta bla-bla. Uste dudala aurten arabar bertsolaritza gehiago homologatuko dela gainerakoekin, bla-bla.

Txiste txarren kontalariak ezin saihestuko zuen denon ahotan zebilen hura, noski: Bi finalerditan –Dulantzin eta Aramaixon– 12 bertsolarik kantatu dute guztira. Puntuazioak erabakita, sei aramaixoar zeuden eta beste sei “Rest of the World” (Gasteiz, Abetxuko eta Zuiakoak), zoriak suertaturik, Dulantzin Aramaixokoak ez ziren denek kantatu zuten eta Aramaixon bertako seiek, gehi gai-jartzen Lier aramaixoarra eta teknikari Manex, barka, Allende aramaixoarra. Aramaixo izan litekek gure Xiberua, e Allende? Eta gainerako arabarrak manexak! Ados, ados, isilduko nauk!

(Aramaixoarren artean kantari hiru anaia zeuden: Peru, Martin eta Sabin. Zer gehiago?)

Xabi Igoak maisuki bota zuen agurrean Manex nola hasi zen bertsotan, eta gero Perea joan zela Aramaixora, eta atzoko saioa bertso eskolaren lanaren emaitza izan zela.

Herriko sei bertsolari oholtzan, aretoa bete-bete eginda. Poza, tentsioa eta zirrara. Herrikoak ez garenok horrela biz izan bagenuen, zer izan zen hura Aramaixorentzat? Ufa, benetan, ederra.

Muxu handi bat Igoarentzat, poto batek utzi zuen finaletik kanpo oso txapelketa ederra eginda. Danel Herrarterentzat, puntuazioan Martin Abarrategirekin berdinduta finaletik kanpo geratu zen, Sabinentzat umorez eta txinpartaz edozein saiotan estimatzen den bertsolaria, Andererentzat, herriko giroak kutsaturik freskuraz, arrazoiz eta umorez bikain aritu, eta hirugarren egin zuen. Eta, noski, zorionak finalerako sailkatu diren Peru eta Martin Abarrategiri!

Finalean kantu-kide: Maddi Agirrek puntuaziorik altuena atera du, eta txapela begiz joa du. Aroa Arrizubieta duela bi urte jantzitakoa defendatzeko oso fuerte dabil. Iñaki Viñaspre aspaldiko partez gogotsu eta ilusioz, horrelako saioetan dena ematen du. Eta Unai Anda: kontuz Unai Andarekin, apal-apal dinbi-danba kantatzen du. Final ederra izango da, pixka bat homologatzen bagara ondo, baina ez diezaiogula utz tuberkulu izateari.

Patata da bide bakarra. Mila baietz!

Mila tuberkulu baietz!  Mila tuberkulu baietz!