Aissa Intxausti
Aissa Intxausti

2024-02-07

Mozorroak mozorro

Badatoz inauteriak, eta mozorro bat hautatzeko ordua heldu da. Mozorroak ez dira soilik ileordeak, makillajea eta soinean janzten dituzun trapuak, egiten duzun performanceak ere badira. Horrekin batera jarrera ere aldatzen dugu, gure barruko beste ni horietako bat ateratzen dugu, eta lotsa galtzeko aitzakia izaten da askotan.

Mozorroak mozorro –

Bertsolariok etengabe mozorrotzen gara oholtzan, eta ordubetean izan gaitezke umea, txakurra eta arrantzalea. Garai hauetan, nor izan hautatu behar dudanean, pertsonaiaren bideoak ikusten aritzen naiz, haren esaldi mitikoak eta keinu nabarmenenak imitatzeko, argi geratu dadin zein pertsonaia performatzen dudan. Beti azken orduan ibiltzekoa naizen arren, asko gustatzen zait mozorroak tentuz prestatzen dituen jendea, hilabeteak lehenago makinatzen hasten dena, eta trapu zaharrak eta josteko makina batekin gauza harrigarriak egiten dituena.

Bertsotan, inauterietan bezala, gure mozorroaren kalitatea nabarmen aldatu daiteke, gaiarekiko dugun ezagutza eta errespetuaren arabera. Ez naiz hasiko gaurkoan zertaz mozorrotzea den zilegi eta zertaz ez hausnartzen, nahiz eta gai hau aipatuta bestea ezinbestean hor egon.

Izan gaitezke urtean behin takoiak, minigona eta titietan bi globo jartzen dituen mutila, eta parodizatu dezakegu modu kaxkar batean gorpuzten ari garen pertsonaia, edo kolektiboa.

Izan gaitezke frikifanak, eta gure idoloen erraietan bidaiatu, epikotasunez eta miresmenez.

Izan gaitezke bertsolari pankartak, eta gatazka sozial batez mozorrotu. Ezin manifetako bertsoez idatzi, karaktere gehiegi beharko bainituzke.

Izan gaitezke gu geu, beste urte batez arrapaladan iritsi direlako inauteriak, eta lanetik korrika irten zarelako lagunartera; pertsonaiarik ezin bada ganoraz sortu, onena zu zeu izatea da.

Izan gaitezke objektu bat ere, fisikoki mozorrotzea ez da zaila, baina kasu horretan ez dugu eguna imitazioan igaro ohi. Lore bat bazara, eta lore-hostoak badituzu buruan, erleei eta udaberriari buruzko txiste txarrak egin ditzakezu gehienez. Gustatzen zait bertsotan objektu bat izatea, eta bisualki ezer jantzita izan ez arren, publikoak objektua ikus dezan lortzea. Jolaserako bidea ematen du ariketak.

Eta zuk, zertaz mozorrotu nahi duzu aurten? Kontuz, beti ezin izango duzu eta hautatu, batzuetan gaia jarrita dator eta. Kamaleoiz mozorrotzeko prest?

Mozorroak mozorro
Argazkia: Muhammad
Mozorroak mozorro