Elixabet Etxandi
Elixabet Etxandi

2021-02-10

Ongi kantatzen duzu

Ongi kantatzen duzu –

Ongi kantatzen duzu. Askotan entzun behar izan dut esaldi hau, niri edo nire inguruko bertsolariei errana. “ Niri berez bertsoa ez zait aunitz gustatzen, baina egia da ongi kantatua denean plazer gehiago hartzen dudala”. Noski. Nik ere ez dut baitezpada maite unibertsitatean azterketa bat egitean, baina dakidan galdera bat erortzean plazer gehiago hartzen dut. Baina bertsolariak, Irakasleak zein galdera eman hautatzen duen ez bezala, ezin du bere ahotsa jaiotzetik erabaki, ez eta zein kantaerarekin botako duen bere bertsoa jende aurrean. Ahotsa berez dugun hori da, edo berez ez dugun hori, maiz, traketsa bada ere, kantaera konbentzitu batek salba dezakena.

Egia da Hegoaldean dudala gehien bat esaldi hori entzun, “Iparraldekoek denek ondo kantatzen duzue” fetitxismo puntuaz apainduta. Zin egiten dizuet guk ere Ipar Euskal Herrian baditugula play back-ez  eda autotune-z josita ere entzungaitzak diren ahotsak. Baina erabat ulergarria egiten zait ahots gozo batek sinplifika dezakela bertsoa arrotzat duen baten entzunaldia. Dena den, uste dut ondo kantatzearen auzia ahotsaren kalitatetik eta kantaeratik haratago eraman beharrekoa dela. Finean, zer da ondo kantatzea? Oktaba batetik bestera salto egitea ahotsak lerra egin gabe?

Ondo kantatua den bertso bat mezuaren kalitateari lotzen berrikasi behar genuke. Ez teknikari, puntuen josteko erari, hanka luze edo motz faltari, ahotsari, edo kantaerari. Mezuari, besterik ez. Espektakuluaren gizarteak dosi handitan eragiten digu egunerokoan, eta pena litzateke bertsoa bezalako tresna komunikatibo eta gogoeta eraikitzaile bat bertan harrapatua gelditzea.

Gauza hutsal asko entzun ditut ahots ederrez kantaturik, nire bertsoak barne. Hain kantaria izan den gure jendarteak ere ahots kakolek esateko dutena entzuten ikasi behar luke. Auzia ez delako nola kantatua den, baina zer kantatzen dugun.

Ongi kantatzen duzu

Ongi kantatzen duzu