Enare Muniategi
Enare Muniategi

2021-12-01

Plazakoak asko, plazaratzen gutxi

Plazakoak asko, plazaratzen gutxi –

Plazakoak asko, plazaratzen gutxiXilaba, Nafarroakoa, Bizkaikoa, azken boladako astuburuetako arratsaldeak doinu eta neurri jakina izan dute. Ofiziotan kantatu ostean kartzelara, gu geu geure buruaren kartzela ez bagina bezala; eta kantuan zein entzuten, geure burua zoriondu zein zigortzeko jolasa hasten dugu. Egia esan, zenbat justizia eta injustizia kikara berean eskainiak. Behin txapelketako nerbioez kexatzen nengoela asko dakien Erika Lagomak esan zidan “ez ahaztu geuk ematen dugula izena, ez gaitu inork behartzen”. Eta arrazoi zuen, nire kasuan neuk behartzen dut nire burua, eta galdetzen dut “zer egingo dut? Izenik ez eman? Eta gero damua handiagoa bada?”. Ez da erreza erabakitzen eta bi urterik behin berriro ere jausten naiz sarean, behin txapelketa pasata nik neuk esandako hitzak tragatu egiten ditut, “bi urte barru ez nator”, bi urte pasa eta berriro ere tranpan erortzen naiz.

Agurrean Joanes Illarregik eskerrak eman zizkien ingurukoei, berak zer nahi duen ere jakin ez duen bolada honetan aguantatzearren. Eta aurreko astean, Onintza Enbeitak idatzi zuen bezala, ingurukoek nahikoa daukate txapelketak sortzen diguna deszifratzen, beste dena ere igarri behar izateko. Baina, beti ez da erreza azaltzen, azalean eta berbaz jartzen eta azaltzen, plazakoak gara, baina, onak al gara plazaratzen? Normalean ez asko, eta txapelketagaz gutxiago? Batzuetan esaten ez dakiguna, begirada eta besarkadaz ase daiteke, eskatu eta eman daiteke. Eta aitortu dezagun, jendaurrean erakutsitakoa eta benetan sentitzen duguna beti ez datoz bat, publikoki egin eta esanak pribatutik asko behar du osatzeko. Beraz, berriro ere galdera berdina “plazakoak gara, baina, onak al gara plazaratzen?”

Hala ere, zorionez dena ez da tripako korapiloa, eta Xabat Galletebeitiak Galdakaoko agurrean abestu zuen sufritzera zentozela uste zuten arren gozatu ere egin zutela. Balantzak positiboan amaitzen duenean, txarrari irabazten dionean, gozamena gora eramaten dugunean, gogora bueltatzen zaigu “merezi” duela. Eta horregatik bi zein lau urterik behin berriro ere jausten gara tranpan, plazaratuko ez ditugunak plazaratzera.

Plazakoak asko, plazaratzen gutxi