June Aiestaran
June Aiestaran

2025-05-23

Sabel barru-barruraino

Sabel barru-barruraino –

Sabel barru-barruraino
Arg: Erran

Udaberria loratu da, lorontzi baten barruan. Txori marroiak dabiltza jiraka, nere gelako zeruan. Egun denak ez dira txarrak, batzuk txarragoak dira…

Krema-usaina. Gitarra doinu desafinatuak. Dutxetako ur izoztua. Gauetako negar-saio kolektiboak. Horien ondorengo koti-koti guztiak. Hanketako behatz lodira lotutako hariekin egindako pultserak. Ordu txikitan lapurtutako gaileta lehorrak. Errekako txokolatezko bokatak. Orain parrandan baino ikusten ez dudan lagunarekin izandako elkarrizketa sakonak. Autobusera sartu aurretiko drama eta besarkada erronda.

Abestia gelditu eta hasperen egin dut. Ai ama.

Badira abesti batzuk, usain batzuk, aditze hutsarekin garamatzatenak une, leku, momentu jakin batzuetara, jende jakin batengana, eta berpizten digutenak sabel barruan, barru-barruan, zeozer; berpizten digutenak zeozer eta hartzen digutenak sabel osoa, oso-osoa.

Begiak itxi ditut, doinuok eraman nintzaten, gorputz eta buru, uda hartara; eraman nintzaten, oso-osorik, izerdi usaina zerion jantoki berora; senti nendin guztiz han, guztiz haiekin. Baina kotxean noala ohartu naiz, eta ireki egin ditut segituan.

Beti kostatu izan zait bereziki maite ditudan edo gustatzen zaizkidan gauzen inguruan idaztea eta horiek zenbat maite ditudan edo gustatzen zaizkidan adieraztea. “Gure negua” abestiaren lehen bi notak entzun eta saihestezina zait Amaiurko aterpetxearen atariko gitarreo-ekin oroitzea; nahigabe etortzen zaizkit aste horietako lagunak, ahotsak eta elkarrizketak. Oroitzen dut nola lehen egunean bakarrik eseri nintzen autobusean, eta egin nion barre txiki bat nire aurrekoari; nola autobusetik jaitsi eta galdetu genion izena elkarri; nola ondorengo egunetan erakutsi zidan gitarra jotzen, erakutsi nion nik sei hariko pultserak egiten, eta nola ikasi genuen elkar zaintzen; nola ez genekien urte batzuk beranduago ere horretan jarraituko genuela.

Orain dela lau urte hil zen udalekuetako WhatsApp taldea ireki dut.
Audio de voz. Zuekin oroitu naiz, muxu <3.
Kotxeko leihoa ireki eta kantuan iritsi naiz etxeraino.

Ez dago ezer tristeagorik, tristea izatea baino, horregatik egiten det barre, malkoak irteteraino…

Etxera iristearekin batera, armairu goialdeko kartulinetan arakatu eta arrosa eta laranja zena ireki dut:

Amaiur, 2021
Horixe dute burbuilek, lehertu egiten direla. Burbuilak lehertu eta bereizi egiten dira tanta guztiak; baina ez dago guztiz laua den lurrik, eta, azkenerako, tanta guztiek egiten dute topo.

Sabel barru-barruraino