Urtarrileko arratsalde bat –
Doinua: Dena aldatzen da
Atzoko afaritako
sobrak bazkaldu dituzu,
azken hilabeteetan
nekeak jan baitzaitu zu.
Ontzirik garbitu gabe
eta lurrera begira,
kafe bat hartu ta joan
zara liburutegira.
Burua txano barruan,
baina goi eta behe blai,
kanpoan euria_ari du
eta barruan ere bai.
Nahiz eta egongo ziren
libre beste hogei toki,
betiko mahaian eseri
zara automatikoki.
Poltsatik atera duzu
plastiko baten sartua
poz-pozik egin zenuen
egutegi xalatua.
Gaurko karratuan jartzen
du, lasai-lasai hasteko,
sei gai t’erdi dauzkazula
lau ordutan ikasteko.
Betaurrekoak eraman
dituzu begi-artera,
baina_ezin ezer ikusi
beste moduren batera.
Lana egonezin eta
presioa sufrimendu,
zure iztarren dardarak
mahai guztia mugitzen du.
Nahiz ta nahiago zenukeen
ikusezina bazina,
kanpotik entzun liteke
zure arnastu ezina.
Ez zenuenez nahi zure
hasperenik bihurtu su,
eskuak fuerte itxita
sabela gogortu duzu.

Hausten ari dena eusten
saiatzearekin jai da:
ez zenuen nahi baina malko
bat erori zaizu mahaira.
Poltsa sorbaldara jaso,
ta eutsi duzu negarra,
etxea baita husteko
leku posible bakarra.
Logelako ateari
barrutik bultza eginda,
lehengo itolarria
areagotu egin da.
Azkenerako zotinka,
arnasestuka, uluka
amaitu duzu lau klinex
esku banatan hartuta.
Baina_ahozabalka batez
arnasa berreskuratuz,
hiru aldiz egin duzu:
hartu ta putz-hartu ta putz.
Ikasmahaian eseri
ta apunteak atera
gorputza behartu duzu
beste lau gai ikastera.
Gaua leihotik sartuta,
burua mahaira eroriz,
gaurko eguna tatxatu
duzu boligrafo horiz.
Txukun-txukun gorde duzu
koadernoa, karpeta,
kanpoa euritan eta
lurra klinexez beteta.

