Elixabet Etxandi
Elixabet Etxandi

2021-03-12

Urte bat

Urte bat –

Urte bat atzera begira geratu naiz gaur. Urte bat egoera honek giltzapetu gaituela bere kateetan, distantzia sozialez, pobretze masiboz eta arau autoritarioz eginiko giltza sortarekin. Urte bat orai unitik etxera joateko maleta bete genuela ikasle askok, pentsatuz “Karkarkar, ze ongi, bi asteko oporrak, milesker korona!” Jakin bagenu…

 

Urte bat

 

Hilabeteak hemen Iparraldean kultura gelditu dela. Ez dugula egiazko kontzertu, antzerki, bertso saio edo gertakizun kulturalik ikusi, ezta gure arteko 2 metroko distantzia, aulki arrakala eta maskarillarekin ere. Zer segurua den eta zer ez den segurua erabakitzen duen elitearen menpe den gobernuak ez du kontzertu akustiko miserable eta gure hamabost hankaluzeen beharrik bere kapital akumulazioa aurrera eramateko. Bakoitzak bere lehentasunak.

Baina guk badakigu kultura beharrezkoa dugula, egunerokoarekin batera eta gure errealitatearen arabera aldatuz eta diseinatuz doan tresna bizia delako. Kultur saltegi erraldoiak irekiak eta kontzertu zein zine txikienak itxiak diren honetan, kultura segurua dela aldarrikatzetik haratago, uste dut kultura beraz hausnartzeko momentua iritsi zaigula. Munduko kultura seguruena ere, hain urte luzeetan barneratu ditugun mekanismoengatik, kontra produktiboa izan daitekelako; gure beharren araberako ekintzak eta oinarriak sortu beharrean, betiko eskemetan galdu daitekelako. Lehia, dirua, merkatua eta kosmobisio bakarra oinarritzat dituen kultura ere arriskutsuak izan daitezkelako gure kateak urratu eta errealki aske bizi nahi dugunontzat.

Urte bat mundua gelditu dela, hilabeteak gure betiko kultura espazioak ezin ikusiz gabiltzala Ipar Euskal Herrian. Lehengo “normalitatea” berriz ikusi nahi duten horiei geldiuneaz baliatzea kontseilatuko nieke sakonki arnasa hartzeko, botatzeko, eta guk ere mundu zaharretik hartu eta bota behar dugunaz hausnartzeko.

Urte bat