Elixabet Etxandi
Elixabet Etxandi

2021-06-17

Zer da bertsoa?

Zer da bertsoa? –

“Bertsoa zer den esplikatu behar bazenio ez dakien kanpoko bati, nola esplikatuko zenioke?” Hori da duela gutxi neri ere egin didaten galdera, eta egia erran, uste dut askok taktika berdina erabili izan ohi dugula bertsoa zer den azaltzerakoan, bertsoa eta rapa bezelako inprobisazio ariketak alderatuz. Luzaz esplikazio hori erantzun izan dut galderari, erranez: “begira, rapa badakizu zer den ez? Ba bertsoa antzekoa da, inprobisatzen dira estrofak”.

Zer da bertsoa?

Denbora aurrera joan ahala, eta bi disziplinak aldatu diren heinean, laster konturatu ohi gara esplikazio honek bere mugak bere baitan daramatzala, bertsoa eta rapa konparaezinak direlako eta gainera bakoitzak bere bide propioa trazatu duelako Euskal Herrian, ezaugarri eta estilo propioak markatuz. Orai, galdera berriro egingo balirate, hurrengoa erantzungo nuke: “Begira, bertsoan metrika eta doinu jakinetan estrofak inprobisatzen dira eta errimatu behar duzu derrigor”.

Egia da hitzekin jolastea maite duen hori bai bertsoaz eta bai rapaz interesatu daitekela. Askotan gertatu ohi zaie ere raplariei bertsoan behin eta berriro erabili ohi ditugun errima konbinazioak erabiltzea, betiko errima eta hitz gehikuntza berdinak zukutu arte. Dira/dirdira/begira bezelako elkarkuntzek beren mugak erakutsi dituztelakoan nago, eta hobeto pentsatuz, beste milaka era aurkitu ditzakegu hitzekin jolasten dugunok, asonantziak eta antzeko soinuekin jolastea bezela, gure jardunak aberasteko eta errepikapenak saiesteko.

Bakoitzak nahi/ahal duena erantzun dezala bertsoa zer den definitzerakoan, baina definizioak izoztu ez daitezen, denon ardura izan behar luke disziplinaren hautsak harrotzea, betiko konbinazioetan gal ez gaitezen.

Zer da bertsoa?