Izaro Bilbao
Izaro Bilbao

2025-12-31

Zerbait gehiago

Zerbait gehiago –

Zerbait gehiago
Arg: Bertsozale Elkartea

Barre egiten nien futbol partidetan futbola baino askoz gehiago gertatzen zela esaten zutenei. Nolabait egia zela jakinda ere, barre egiten nien, esaldi xelebrea iruditzen zitzaidan. Orain dator nire unerik umilena: Bizkaiko Txapelketako finala. Gabon gauez umeak bezala, data itxaroten nuen insomnioz eta gogoz. Gehiegikeria ematen du, baina ilusio irrazionala sortzen didate horrelako datek. Maiz neurriz kanpokoa, gehiegizkoa. Maiz, gerorako dezepzioa. Hala ere, beti kontrolatzeko zaila eta, egia esan, polita.

Petoa jantzi eta eguerdirako La Casilla inguruan bildu ginen lagun andana. Talde antolatzailearen jarraibideei men egin eta, denon artean, puntu gorrixkaz bete genuen aretoa. Bostmila pertsona inguru gerturatu ziren eta giro bero-beroa sortu zen, bai metaforikoki eta baita fisikoki ere. Bertsoa da abiapuntua milaka pertsona batzeko, baina bitartean hamaika faktore gehitzen dira: txaloen potentzia, goxokien picapica, iruzkinak, ezagunekin topo egiteak, elkarrizketak… Horiek guztiek eratzen dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala deitzen duguna.

Urtarrilean hasitako bidea ereiten ibili dira zenbait, horrelako jai erraldoi batekin amaitzeko. Prozesuak utzitako arrastoak komentatzen ditugu ondoreneko poteoetan, gaua luzatzen denean eta bertsoaz haraindiko anekdotekin bukatzen dugunean. Aje fisiko zein emozionala kudeatzeko garaia da abendua, poliki-poliki. Emozio guztiak antolatu eta lasaitu, saioak behin eta berriro entzun, eta lagunek friki hutsak garela esaten digutenean, onartu.

Egun bateko kontuak zenbateko buruhaustea eragiten didan ikusita, ez dut uste osoa justua denik besteei barre egitea. Ez gutxienez horregatik, noski. Azken finean, hainbeste jende elkartzen denean bertsoak entzuteko, beti gertatuko da bertsoa baino zerbait gehiago. Agian askoz gehiago ez, baina zerbait.

Zerbait gehiago