Bertsolaritza euskarara erakartzeko amu I –
Atzo, lagun alemaniar batek, Arabako Bertsolari Txapelketa dela eta, zer eta nola puntuatzen den galdetu zigun bere lagun bertsolari batek bertan kantatu berri zuela eta. Erantzuna badakizue, bertsoa teknikoki epaitzen dela, bai eta asmamena/sormena, koherentzia, dialektika, erantzutea… Berak bertsoak ulertzeagatik besterik ez balitz ere euskara ikastea mereziko lukeela esan zuen.
Ez da lehen aldia entzuten dudana. Neu ere euskara ikasten ari nintzela, bertsoak ulertu (eta ahalko balitz baten bat bota) nahi nuen. Ez nintzen lehen euskaldunberria izan horretan saiatu zena. Eta ez nintzen izan azkena.
Beste ezertan ez, baina Araban txapeldun izan gara bertsogintzaren botere horretan. Zutabe hauetan komentatu izan dut Arabako I. Bertsolari Txapelketa, euskaldun berriz beteta. Gaur 2025eko Txapelketarekin jarraituko dut.
Udazken honetan jokatu dira 2025eko txapelketarako kanporaketak, eta berriz ere fenomeno horrekin topatu naiz: itogunean* bertso-jolasa euskararako amu gisa erabili duten lagunak.
Rikardo Gonzalez de Durana 1984ko txapelketan kantatu zuen aintzaindari haietako bat da. Oraindik ere kantuan. Aipa nitzake Marta de Pedis italiarra eta Manu Bendala andaluziarra biak arabartuak, euskaldunduak eta bertso-plazaratuak. Edo Josu Ordoñez Zaballako bertso eskolan bertsotan hasia, eta, orain kalean, iaz Arabako Kuadrillartekoan estrenatu eta gero, txapelketa honetan kantatu duena.
Baina hain muturrekoak ez diren kasuak ere asko eta asko dira, gaztelaniak menderatzen duen inguru batean bertsotan hasi direnak: guraso erdaldunen seme-alabak, betiko kuadrillan erdaraz aritzen direnak, lan-giro erdaldunetan ari direnak. Batzuk gazte-gazteak, beste batzuk ez hainbeste, bertsolaritzan arnasgunetxo bat bilatzen duten pertsonak dira oraindik ere Arabako bertsolari gehienak; ondo pasatzeko, euskara hobetzeko, euskararen trasmisio horren parte izateko.
Ez dakit, jada, sinesten ote dugun Euskal Herria euskalduntzearekin edo ez hainbeste. Baina kontuan harturik Euskal Herriko pertsona gehienen egoera Arabako bertsolari hauena dela, beharbada, interesgarria da ahal dela/ahal dugula sinestea, eta Juan Bautista Gamizek idatzi zuen gisan kantatzea: «Gaizqui badoaz ere / orra euzqueraz / ifin naiz au eguiten / neure bildurraz / eguizu farre / gaizqui mintzacenbadut / lotzaric bague».

*Txantxa da, ez gaizki hartu, baina euskarak arnas nekezago hartzen duen herri edo baldintzetaz ari naiz.

