Ruben Sanchez
Ruben Sanchez

2026-07-30

Matxete (buruak mozten hasteko garaia heldu da)

Matxete buruak mozten –

Jakingo duzue Gasteizko festetan bertso saioak egiten direla Matxeten, Matxete plazan. Aurten ez dakigu zer gertatuko den. Gasteizen nahiko berandu bazkaldu ohi dugu eta, beharbada horregatik, saioak 13:30etan hasten dira. Plaza harrizkoa da erabat eta, ordu horretarako, maiz, kiskalgarri samarra. Orain arte zorte ona izan dugu bertan inor ez dela geratu ziplo ‒nahiz eta bero saparen eta bertso txar baten eragina hainbat ordu geroago nozitu litezkeen, eta euskaldun txintxoek inoiz ez genioke inoiz egotziko gertuko baten heriotza Matxeteko labean entzundako erdipurdiko bertsoren bati‒. Baina, zer gertatuko da aurten halako (inoizko?) beroa (handiena?) egiten ari delarik?

Gasteizko udalak, egoerarekin errukiturik, guardasol handi samar batzuk jarri izan ditu azken urteetan eguzkiaren eguerdiko indarrak eta bertsoen beroak ez ditzaten jendearen burmuinak urtu. Egia da saio xelebre samarra gertatzen dela, guardasolen azpietan batzen da publikoa ezinbestean ‒senideak, lagun super minak, militanteak, bertsolariren batekin maitemindutakoak eta bertsozaleak‒, eta eskertu beharrez gaude. Bizitza batzuk salbatu dituzte hor. Baina nago aurten ez dela nahikoa izango.

Eta pentsatu dut ‒badakit bertsoak ez duela espainiar selekzioaren erakarpen boterea, baina hala ere‒ aurten inbertsio pixka bat gehiago eskatzea. Lasai, eskandalurik gabe. Konponbideak eskaintzeko gaude. Euskara abegikor batean sinesten dut larunbat gauetan.

Badakizue, Gasteizko udalak denon diruaz ezarri zuen pantaila erraldoi bat eta DJ bat (playlist-a nahi duuuut!!!) kontratatu, espainiarmairuan zeuden gasteiztarrak egurastu zitezen Plaza Berrian (Plaza Españan). Bazen garaia beren espainiartasun erreprimituari espazio publiko zentral bat emateko. Tamalez, denak ezin izan ziren bertaratu: gurasoek ‒umeez libratzeko‒ udalekuetan utzitako gaztetxo batzuk falta ziren. Zorionez, diputazioak bizkor ibili ziren, eta berriki jakin dugu udalekuak behartu zituztela Munduko Futbol Kopako finala jartzera, gazteek ikusi nahi bazuten. Arabako kasuan, badakizue?, Foru Aldundiak oraindik bere poliziak dituela: “Miñoiak”. Nik bidaliko nituzkeen agindua zer moduz bete zen begiratu zezaten.

Imajinatu zer izan behar den gaztetxo batentzat zure gurasoak guay batzuk badira eta bertso udalekuetara apuntatzen bazaituzte:

 

‒Finala ikusi nagi dugu!

‒Ezta pentsatu ere! Tori, nahi baduzu Euskal Herriko Finalaren zortzi ordu!

‒Diktadore batzuk zarete.

‒Horrela jarraituz gero, Arabakoa jarriko dizut.

 

Baina, gatozen bueltan Matxetera. Ezin gara lehiatu Mass Media, politikari eta ‒aitor dezagun‒ gizartearen gehiengoaren kontra. Baina, aldaketa klimatikoaren aitzakiarekin, nik eskatuko nuke karpa klimatizatu bat. Eta independentzia eta sozialismoa ematen ez badigute, ba guardasol gehiago, ahal bada haize freskotxoa barreiatzen duten haizagailuekin eta mojito bana.

Euskaldunak horrekin poztu egiten gara larunbat gauetan, eta festa-egunetan.

Plazan bertan harrian zizelkaturik dagoen Gasteizko matxetearen mehatxua botako nioke: Gure eskaerari men eginez gero “Jainkoak saritu diezazula, bestela, Matxete honekin izango duzu auzia”.

(Euskaldunak, biharamunetan, ez gara hain abegikor jaikitzen)

 

Matxete buruak mozten
Arg: Gasteizko Udala
Matxete buruak mozten