Bertso Udalekuen txandei buruzko informazioa zabaldu du elkarteak
Bertso Udalekuen txandei buruzko informazioa zabaldu du elkarteak –
Bertso Udalekuak bi gunetan garatuko dira aurten: 9-11 urtekoak Zuhatzako irlan (Uribarri Ganboan, Araba); eta gainerako hiru txandak (12-13, 14-15 eta 16-18 urtekoak) Getadar aterpetxean (Ezprogi, Nafarroa). Txanda guztiak uztailean izango dira. Honako eskuorrian deskargatu daiteke informazio guztia.

Martxoaren 2an hasiko da izen-ematea gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenentzat edota bertso-eskolako kide direnentzat; goizeko 11:00etan zabalduko da izen-ematea eta online galdetegia betez egin behar da. Galdetegia Bertsozale Elkartearen atarian argitaratuko da, goizeko 11:00etan. Izena emateko lehen epealdi hau martxoaren 15era arte egongo da zabalik. Ondoren, betetzeko geratzen diren txandekin bigarren izen-emate epea irekiko da gainerako interesdunentzat martxoaren 18tik apirilaren 13ra bitarte. Izen-emateak 11:00etan irekiko dira bi kasuetan. Antolakuntzatik adierazi dute edozein zalantza izanez gero idatzi edo deitzeko lasai.
Hezitzaileen izen-ematea
Parte hartuko duten gazteek izena eman aurretik, ordea, antolatzaileek “hezitzaileekin hornitu behar dituzte txandak”. Otsailaren 5ean, 11:00etan, irekiko da hezitzaileentzako izen-ematea: begirale, zuzendari edo sukaldari izan nahi dutenek eman ahalko dute izena. Begiraleen eta zuzendarien kasuan, ezinbestekoa izango da hezitzaile titulua izatea. Martxoan jakinaraziko dira zeintzuk diren lantaldeak eta parte hartuko dutenek prestaketa saioan parte hartu beharko dute, udalekuen antolaketa ona ziurtatzeko. Prestaketa apirilaren 25ean izango da Amasa-Villabonan, goiz eta arratsaldez, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitzan.
Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak babesten dute Bertso Udalekuen egitasmoa, eta Irizarrek laguntzen du.

