Bat-bateko pandemiari bertsotan

2020-07-30

Bat-bateko pandemiari bertsotan-

Argia. eus webgunetik ekarria, Estitxu Eizagirreren eskutik

Amildegi ertzean aritzearekin konparatu izan da oholtza gaineko bertsolariaren jarduna. Inork espero ez zuena zen, ordea, amildegiak urrunduko zituenik bertsolaria eta entzulea. COVID-19ak basamortu bihurtu ditu plazak: 500 bertso saio baino gehiago galdu dira lau hilabetean. Bertsolariek eta Bertsozale Elkarteak ahalegin erraldoia egin dute bertsoa testuinguru berrietara egokitzeko, pixkanaka maskaradun entzuleen aurrera itzuli arte, “edozein herriko ez-jaietan”.

Bat-bateko pandemiari bertsotan

Argazkia: Gorka Rubio

Koronabirus aroan jendaurreko lehen saioa Azkoitian egin nuen, ekainean. Aspaldiko partez oholtzara igo eta bertigoarekin batera sentitu nuen: ‘Hau zen, hainbeste gustatzen zaiguna'”. Jone Uria bertsolaria da mintzo, gaur egun oholtzara igotakoan aurrean ikusten duenaz: “Bitxia da jendea distantziatuta eta maskararekin ikustea. Eta badu bere eragina publikoko aulkiak egituratzeko moduak. Adibidez, Sopelan aurrez galdetu zioten jendeari norekin joango zen, eta horren arabera multzokatu zituzten aulkiak, eta behintzat ez zen entzulea bakartuta ikusten, hiru-lauko multzotan baizik. Entzulea bakartuta eta inorekin erreakzioak partekatzeko aukerarik gabe ikustera ez gaude ohituta, gutxiago festetako saioak izaten zirenarekin. Uda honetako bertso saioek gehiago dute udazkeneko aretoko saioen antza, baina kalean eginda”.

Publikoa maskararekin ikusteak espero baino gutxiago eragin diola aitortu du: “Uste nuen ez zela erreakziorik antzemango, baina uste dut jendea gogotsu dagoela eta beste era batera helarazten duela erreakzio hori: barre ozenago eginda eta txaloen bidez… entzulea eskuzabalago dago, gu ere gogotsu gauden bezala, eta eskertzen da. Plazako komunikazioaren eta magiaren ehuneko handiena mantentzeko moduan gaude egungo baldintzetan ere”. Baina pandemiaren prebentzio neurriek festa giroko bertso saioetan eragindako zurruntasunak baduela bere alde ona adierazi du: “Lehen jaietako saioetan duda izaten zen ea zenbat pertsona zeuden benetan arretaz entzuten, jende asko ibiltzen baitzen atzera aurrera, umeak tartean… Orain, daudenak adi daude”.

“Ezin diogu kantatu publikoari ezer gertatu ez balitz bezala”

Bertsolariek plazako ibilian uzten dute garaiaren kronika moduko bat kantatuta. Zeri kantatzen dio egun bertsolariak? “Umorerako egoera asko ekarri ditu konfinamenduak, baina zalantza sortzen zaigu bertsolarioi, oso egoera ezberdinak bizi izan ditugulako eta oso kolpe ezberdinak eman dizkiolako jende eta sektore bakoitzari, eta beraz zer pentsa ematen digu ea egoera bakoitzari zer tarte eskaintzen diogun saioetan, edo duda sortzen da zeri kantatzen diogun minetik eta zeri umoretik…”.

Konfinamenduaz gain, beste gai hauei buruz ere asko kantatzen dela dio Uriak: “Kulturgileen lan-baldintzei buruz, ‘normaltasun’ zahar-berri dikotomiari ere dezente kantatzen zaio: zer ez zitzaigun gustatzen lehen, eta nola aldatu dizkigun honek guztiak pentsaera, bizi baldintzak… krisi ekonomikoari ere asko kantatuko zaio bere eraginak nabaritu ahala”. Bai gai-jartzaileek eta bai bertsolariek, koronabirusaren gaiari ihes egiteko saiakera egiten dutela dio, baina ezinbestean marra horren bueltan bilatu behar dutela gaien oreka: “Ezin diogu publikoari kantatu ezer gertatu ez balitz bezala, baina ezta ere ezin dugu saioa monotematiko egin, denok baikaude saturatu xamar gaiarekin”.

Plazetako bertso saio bitxi hauek oasien modukoak dira bertsolarien agendetan, zorionez, gero eta sarriagoak. Baina basamortua zeharkatu dute bertsolariek oraingo “ez-festetako” saioetara iristeko. Ezagutu nahi nola eten zen kolpean plazetako iturria, eta nola egin zioten aurre eztarriak lehortu ez zitezen?

Ez zaio berehalakoan ahaztuko aurtengo martxoaren 12a Lanku bertso zerbitzu enpresako langile Marta Agirrezabalari: “Telefonoak jotzen zuen eta bezero bat zen, hurrengo eguneko saioa bertan behera utziko zutela adieraziz. Gero beste bat, gero beste bat… biharamuneko saio guztiak bata bestearen atzetik erori ziren goiz bakarrean. Desoladorea izan zen, paralizatu egin zen plaza”. Pentsa, aurreko urteetan hilero 140-170 bertso plaza egiten baziren, zeroraino jaitsi zen kontagailua. Bertso saioak lotzeaz arduratzen den Lanku enpresaren une hartako erantzuna, saioak beste egun batera atzeratzeko eskaintza egitea izan zen: “Baina segurtasun falta handia zegoen eta antolatzaileak ez ziren ausartzen atzeratzera. Panorama oso gogorra izan zen bertsolarientzat eta Lankurentzat. Shockean sentitu ginen”.

Uriari ere bertan behera geratu zitzaizkion martxoan, apirilean eta maiatzean zituen saio ia denak. Itxialdiak, ordea, bide berriak zabaltzeko irrika piztu ziela kontatu du: “Zerbait egin behar genuela sentitu genuen, bertsoak presentzia izan zezan itxialdian zehar ere. Uste dut eskertu zela momentuari zegokion eskaintza kultural bat. Hilabete horietan kantatu nuen eta gerora eskertu nuen etxean egon ginen hilabeteetan ez isildu izana, errodajea galdu ez izana”. Etxetik Etxera izena hartu zuen bertsolari eta gai-jartzaileek beren kabuz abiatu zuten ekimenak: “Konfinamendua hasi bezain pronto, astelehen horretan Unai Elizasuk idatzi zidan proposamena luzatuz.

Horrela elkartu ginen Aitor Sarriegi, Aitor Mendiluze eta Julio Soto bertsolariak eta Elizasu gai-jartzailea. Ostiral horretan egin genuen lehen saioa, eta bertsoak inprobisatuak izan baziren, saioaren euskarri zen plataforma ia inprobisatuagoa izan zen. Azken unera arte teknikoki nahiko kaotikoa izan zen dena, baina entzuteko jende dezente konektatu zen, eta jarraitzeko asmoa hartu genuen. Ostiralero egin genuen saio bat, bertsolariak txandakatuz: denera hamar saiotik gora antolatu genituen eta 40tik gora aritu ginen bertsotan edo gai-jartzen”. Maiatza erdira arte egin zituzten saio hauek, jendea kalera ateratzen hasi zen arte.

Bat-bateko pandemiari bertsotan

Ane Labaka Etxetik Etxera egitasmoan kantari

Galdetu diogu nola den ordenagailu aurrean eserita bertsotan aritzea: “Egia da hotza dela, norbera geldi egotea pantaila aurrean. Beste kantu-kideak ziren ikusten genituen aurpegi bakarrak, eta garbi genuen hori kontuan izan behar genuela, beste bertsolariei zer feedback ematen genien zaindu behar genuela”. Bertsotan egiteko plazan izaten den tentsioa lortzen zuela azaldu digu: “Ohiko saio batzuetan baino tentsio handiagoa ere sentitu nuen, baina ezberdina. Konexioa etetearen ardura nirea balitz bezala sentitzen nuen, komunikazioa edozein unetan eten zitekeenaren beldurra. Puntu surrealista bat ere bazuen, etxean ari ginelako kantari, eta abstraitzea eta kontzentratzea norberaren gaitasunaren esku zegoen. Gehiago kostatzen zitzaidan jaialdi estiloko saioetan kontzentratzea, librean etengabean kantatzea baino, naturalago egiten zen etxetik bertsotan aritzea libreko jario etengabe horretan”.

Bertsolariek itxialdi zurrunean beste hamaika modu bilatu zituzten bertsoak helarazteko: bertso sortak kantatu eta sare sozialetan zabaldu, iluntzetako txalo-jotzeen garaian balkoitik kantatu, puntua jarri eta lagunari bidali honek erantzun zezan… eta hainbat irratik zuzeneko bertso saioak antolatu zituzten, irrati uhinez zabaltzeko.

Bertsozale Elkarteko Sustapen eragilea da Oier Iurramendi, eta azaldu du itxialdiko lehen asteak beren burua kokatzen eman zituztela elkartean. Eta ondoren erabaki zuten “antolatzaileei laguntzeko ahal zen guztia egitea, era horretan bertsolariei sostengua emango baikenien”. Horretarako, bi ekimen jarri zituen martxan elkarteak apirilean: batetik, erresistentzia kutxa, “plazatik bizitzeko apustua egin zuten bertsolariei gutxieneko sostengu ekonomikoa eskaintze aldera”. Bestetik, Plaza Birsortzen ekimena. Azken hau bada berritasun bat elkarte honen historian, Iurramendik azaldu duenez, izan ere, “Bertsozale Elkarteak ez ditu bertso plazak antolatzen. Baina egoera honetan, erabaki zen unea zela Bertsozale Elkarteak Lankurekin elkarlanean, zituen baliabideak plazari eskaintzeko. Bere egoitza den Villabonako Subijana Etxean bada areto bat, elkarteak badu ikus-entzunezkoetarako ekoizpen talde bat, eta diru poltsa bat bideratu zuen egitasmo honetara.

Horrela hasi ginen astero bi saio antolatzen Villabonako areto horretan: bata Bidaiak deitu dioguna, emanaldi bereziz osatua, adibidez, gazteen bertso tramak, saio tematikoak, saio musikatuak, ikasleei zuzendutako saioak… eta bestetik, bertan behera geratutako plazetako saioak”. Erandioko Euskaraldiko bertso bazkaria jarri du adibidetzat: “Gure lan-taldea eta baliabideak eskaini genizkien, eta horrela egin ahal izan zen bertso saio hori Villabonako aretoan, guk grabatu eta zuzenean emititu zena Erandiokoen webgunetik. Saioa Erandioko entzuleei zuzendutakoa izan zen, haiek jarritako gaiekin eta haiek aukeratutako aurkezlearekin”. Saio hark arrakasta handia izan zuela azaldu du: 1.000 ikusletik gora izan zituen lehen lau egunetan, “normalean horrelako saio batek aurrez aurre 200 lagun izango lituzke”. Saio haren arrakasta ikusita, beste hamar bat udaletxek eman zuten Bertsozale Elkartearekin elkarlanean on-line saioa antolatzeko urratsa.

Babes neurri zorrotzak hartu ziren saio horiek egiteko

Guztira 25 saiotik gora egin dituzte Plaza Birsortzen egitasmoaren barruan eta 60 bertsolarik eta musikarik hartu dute parte. Uriak kantatu zuen saio horietako batean, eta bakarka ordenagailu aurrean aritzearekin alderatuta, abantaila handiena kantu-kideak ondoan izatea izan zela dio: “Villabonako saiorako atera nintzen etxetik lehen aldiz, eta eskertu nuen. Bertsolariak elkarren ondoan egoteak beste sentsazio bat ematen du. Baina gogorrena eta hotzena bertsoen ostean txalorik ez egotea zen. Bertsotan egiterakoan eragiten du, badirudi azkarrago hasi behar duzula erantzuten, isiltasunera ez gaudelako ohituta. Kantu-kideen feedbackarekin konformatu behar, baina pauso bat zen elkarren ondoan egotea eta gorputz osoa ikustea”.

Iurramendik oroitu du babes neurri zorrotzak hartu zituztela saio horiek egiteko: “Bertsolariak ez ziren inoiz bi metro baino gertuago egoten elkarrengandik, ez zuten mikrofonoa partekatzen, kantatzen hasi arte maskarak jantzita zituzten… bagenekien bost laguneko grabazio taldea lanean aritu beharko zela denbora luzean eta bertsolari asko pasatuko zela bertatik, beraz, ezin genuen txantxetan ibili, neurriak ez hartzeak arriskua baitzuen langileren bat gaixotu eta denak etxean egon behar izatekoa, eta horrek esan nahiko luke ekimena bertan behera geratuko zela”.

 

Bat-bateko pandemiari bertsotan-