Duela ehun urte piztu zen jenioa

LAZKAO TXIKI, TRANSMISIOAREN EMARIAN BIZIRIK

Duela ehun urte piztu zen jenioa –

Amagoia Mujika, 7K-n.


Joxe Miel Iztueta Kortajarena duela ehun urte jaio zen Lazkaomendiko Abaliñe baserrian. Bertsotan hasi orduko bihurtu zen Lazkao Txiki: inguruari zimurrak deskubritzeko gaitasuna zuten bi begi bizi, hizkuntzaren gainean dantza suelto egiten zuen akrobata, jenioa hitzaren bazter guztietan. Jende artekoa sendagai zuen bihotz mingostua ere bazen.

Duela ehun urte piztu zen jenioa
Lazkao Txikiri omenaldia Donostiako Karmelo Baldan, 1976an. (Kutxa Fundazioa Fototeka – Arturo Delgado Martinez Funtsa – Arturo Delgado Xenpelar Dokumentazio Zentroa)

Duela ehun urteko irailaren 15ean piztu zen Joxe Miel Iztueta Kortajarena Lazkaoko Abaliñe baserrian. Oso gazte hasi zen bertsotan eta hasi orduko jarri zioten plazako izena: Lazkao Txiki. 1993. urteko urtarrilaren 24an kantatu zuen azkenekoz plazan. Biharamunean bertan bihotzeko ebakuntza bat egin zioten eta halaxe esan omen zion anestesia jarri zion medikuari: «Zuk lokartu egingo nauzu, bai, baina gero nork jarriko dit iratzargailua?». Egun luzeak eman zituen erietxean ezin suspertu. Iratzargailuak jo ez, eta 1993ko apirilean pausatu zen. Itzali ez zen egin, bera sortu eta ehun urtera bizirik baitaude bere pasadizo, bertso eta okurrentziak.

Hizkuntzaren akrobata zen, modu bizian eta bihurrian erabiltzen zuen eta gerora gogoratuak izateko forman josten zituen aparteko ateraldiak. Horregatik dago bizirik belaunaldi batetik bestera ematen den transmisioaren emari horretan, ahozkotasunaren harian zintzilik.

Duela ehun urte piztu zen jenioa
Lazkao Txikiri omenaldia Donostiako Karmelo Baldan, 1976an.(Kutxa Fundazioa Fototeka – Arturo Delgado Martinez Funtsa – Arturo Delgado Xenpelar Dokumentazio Zentroa)

Felipe Iztuetaren eta Maria Inazia Kortajarenaren zazpi seme-alabetan seigarrena zen. Bere jaiotetxean mimoz gordetzen dute Joxe Miel umetan kulunkatu zuen sehaska. «Nere sehaska oraindik ere gordea daukat goguan/ neronek ere zail da esaten zenbat maitatutzen nuan/ bere gainean ibiltzen ninun txoritxo baten moduan/ karga haundirik ez nuen eta aixa jasotzen ninduan», kantatu zion gerora bere sehaskari Lazkao Txikik. Izan ere, behin izan zen haurra oso presente izan zuen beti eta seguruen horregatik modu berezian konektatzen zuen haurrekin.

Antonio Zavalak 1994an argitaratu zuen “Irriz eta malkoz” biografiaren hitzaurrean Joakin Berasategik esaten duenez, «haurtzaroko oroipenak bultzatzen zuten, neurri handi batean, haurrak zoramenez maitatzera. Lazkao Txikik eta haurtxoek bat egiten zutela esan daiteke irrian, begiratuan, irudipenean, mimikan… Bere bizitzako barre gozoenak eta pozgarrienak haiekin egin zituen. Zenbat aldiz ikusi genuen haurtxo mordoxka baten erdian…».

Duela ehun urte piztu zen jenioa
Markinako saio batean. (Kutxa Fundazioa Fototeka – Arturo Delgado Martinez Funtsa – Arturo Delgado Xenpelar Dokumentazio Zentroa)
«ZU NOLAKOA ZINAN ZAZPI URTEREKIN?»

Galdetu zion behin gai-emaile batek, eta Lazkao Txikik erantzun, «ez naiz gogoratzen da garbi esan ezin/ zaharragoari galdetu nahi badezu jakin/ oso haundia ez nintzan izango behinepin». Txikia zen altueran eta ezaugarri fisiko horren gainean aritu zen bizitza osoan. Berak kontatzen zuenez, «hasieran Iztueta esaten zidaten gehienek; abizena. Baina gero Ataungo batek jarri zuela edo, eta horrelaxe, kolpean azaldu zen: Lazkao Txiki. Niri berdin dit. Horregatik ez handitu eta ez txikitu, izenagatik». Hala ere, tarteka protesta ere egiten omen zuen, beti «txiki-kontuekin» aritzen zitzaizkiolako.

Haurtzaroaren gainean kiribilean eraikitako pertsona zen Joxe Miel Iztueta (denok bezala) eta akaso bere bertute handiena zen ez zuela galdu haurrak begiratzeko daukan forma hori, begiak piztuta beti, beste inork ikusten ez dizkion zirrikituak deskubritzen inguratzen duen munduari. Horrek eta hizkuntza maneiatzeko zeukan abileziak egin zuten aparteko.

Duela ehun urte piztu zen jenioa
Azpeitian. (Kutxa Fundazioa Fototeka – Arturo Delgado Martinez Funtsa – Arturo Delgado Xenpelar Dokumentazio Zentroa)

Zortzi urterekin hasi zen eskolan, Lazkaomendin bertan, Errepublika garaian martxan jarritako auzo eskolan. Badaezpada ere «buenos días» esaten ikasita joan zen eskolara lehen egunean, baina maistrak «egun on» erantzun zion. Euskara hutsean egin zituen ikasketak urte haietan. Eskola mundu magikoa omen zen harentzat. «Zer zoramena letrak elkarganatzen hasitakoan! Irakurtzen eta idazten oso hilabete gutxitan ikasi zuala esan ohi zuen», jasotzen da Zavalaren biografian. Eta hizkuntzarekin jolasteko zeukan grina bihurri hori izan zuen bizitza guztian aparteko dohain. Aita eta ama ere oso kontalari onak omen zituen. Berez zekarren jenialtasunak eta inguruan jaso zuenak bihurtu zuten Lazkao Txiki hitzaren akrobata bihurri.

Duela ehun urte piztu zen jenioa
1967ko txapelketa Donostian. (Kutxa Fundazioa Fototeka – Arturo Delgado Martinez Funtsa – Arturo Delgado Xenpelar Dokumentazio Zentroa)
NAHI BAINO GUTXIAGO IKASI ZUEN

Joxe Mielek eta horren pena omen zuen. Etxean gerra, desgraziak eta lana korapilatu zitzaizkion, senide dezente ikusi baitzituen hiltzen goizegi. Ikasketa gutxi izan arren, oso irakurzalea zen eta Manuel Lasartek “Lazkao Txiki Gogoan” liburuan dioenez, hamazazpi urte zituenerako irakurriak zituen Orixeren edota Lizardiren lan guztiak.

Felipe Barandiaran, Lazkao Txikiren iloba, luze bizi izan zen osabarekin etxean. «Nik osabaz gordetzen dudan oroitzapenik gozoena mutikoa nintzenekoa da. Etxean zazpi senide ginen eta osaba lanetik etorri zain egoten ginen euskal libururen bat irakurtzeko. Euskal literaturako liburuak izaten ziren, Orixeren ‘Euskaldunak’, Txomin Agirreren ‘Kresala’ edo ‘Garoa’, eta horrelakoak. Altuan irakurtzen zituen, baina guri liburuak zioena baino gehiago interesatzen zitzaizkigun gehienetan bere komentarioak», kontatu zuen Barandiaranek “Bertsolari” aldizkarian 1993an.

Duela ehun urte piztu zen jenioa
Abaliñe baserriko sehaska, Joxe Miel Iztueta kulunkatu zuena. (Jon Urbe | FOKU)

Oso gazte hasi zen bertsotan. Bere auzoko tabernara etortzen omen ziren bertsolariak festetan eta han entzun zituen lehen aldiz Baserri, Uztapide eta Zepai. Haiek entzunda liluratu egin omen zen eta berak ere hori egin behar zuela deliberatu zuen. Hamaika bat urte zituela, Basarri eta Uztapide etorri ziren batean, mutikoa tentatu omen zuten bertsoren bat kanta zezan. Hamasei urte zituenerako garaiko puntako bertsolariekin zebilen kantari.

Afrikan egon zen soldadu bi urtez. «Talla horrekin joan behar al duk soldadu?», galdetu omen zion batek. Eta berak erantzun: «Honekin joan beharko diat, besterik etzeukeat eta». Afrikako egonalditik ekarritako gertaerek ere makina bat kontaketarako bazka eman zioten, berezkoa zuen grazia zorrotz horrekin.

«Soldaduskatik etorri eta gero, igeltsero lanean ibili zen osaba dozena bat urte eta Fundiciones Etxeberrian, Lazkaoko fabrika batean, egin zituen beste batzuk, Cometa etxearekin pentsu saltzaile bezala hasi zen arte. Urte gutxi egin zituen saltzaile, beste adiskide batekin sozio baserria hartu zuen Zaldibian eta hara erretiratu zen. Adiskide horrekin gorabehera batzuk izan eta bera egin zen baserriaren jabe eta hor pasatzen zuen eguna, gauetan Abaliñera erretiratuz». Parean, bertsoaren plazan, sortzaile maitatua eta estimatua bihurtu zen Lazkao Txiki, garaian plaza gehien egiten zituenetakoa.

 
XABIER AMURIZAK

Kariño handiarekin gogoratzen du Lazkao Txiki. «Tratu handia izan nuen berarekin eta, apaiza izan nintzelako edo, halako errespetu bat ere bazidan eta, konfesatu ez dut esango, baina gauza asko kontatzen zizkidan». Lazkao Txikiren obrari eta ondareari balio handia ematen die Amurizak. Lehen ere kaleratu zuen lazkaotarraren bertso hautatuekin disko bat “Lazkao Txiki, bat-bateko sorgina” izenekoa eta, egunotan, Iztueta jaio zela ehun urte bete direnean, bere jaioterrian eta beste plaza batzuetan arituko da Amuriza haren bertso ibilbidea errepasatzen.

«Lazkao Txiki ez zen bakarrik bertsolari ona, ez zen bakarrik bertsolari oso ona, baizik bertsolari jeniala zen. Jeniala izatea ez dago bertso guztietan, bertso txarrak eta erdipurdikoak ere asko botako zituen, baina askotan asmatzen zuen, eta, asmatzen zuenean, jeniala zen. Bere jenialtasun hori bildu nahi izan dut, esateko: ‘begira, hau da Lazkao Txiki’. Honek balio du bera jaio eta ehun urtera eta gehiago balioko du berrehun urtera. Ze hemen daudenak sortzaile jenial bati dagozkionak dira», esan du Amurizak.

Lazkao Txikik bazeukan zirtolaritik, azkartasun mental berezia zuelako. «Eguna pasatzen bazenuen Lazkao Txikirekin, gogoratzeko moduko asko esaten zituen egun osoan zehar. Zirtoak edo zirikak baino gehiago ziren harenak. Jendearekin harremanetan, zuzenean eta bat-batean, buelta ematen zion arrazoiari, ustekabeko alderdi bat ateratzen zion, sortzailea zen horretan ere. Beste inork ateratzen ez zuen ertz bat ateratzen zuen, erabat originala eta izugarrizko grazia egiten zuena. Etengabe etortzen zitzaizkion horrelakoak eta asko ditu».

Gorputz osoarekin eta bereziki aurpegiarekin esaten zituen kontuak eta kantatzen zituen bertsoak. «Keinuekin, begiradarekin… jolasten zuen. Bertsotan ere hura mugitu egiten zen eta halako emankizun bat eskaintzen zuen. Hark espresatu egiten zuen kantatzen zuena eta horretan sorgina zen, eta hortik bat-bateko sorginarena».

Lazkao Txikiren ateraldia ez zen azalekoa, ez omen zuen txiste erraza bilatzen. «Berak sortzen zuena bitxia zen, jeniala, elegantea, originala, txokatzen zuena. Hori da artista izatea, jenio puntu hori izatea, espero gabeko tokitik joatea. Akaso saio guztia ez zuen txukuna egingo, baina asmatzen zuenean beti uzten zuen gogoan gelditzeko moduko ideiaren bat».

Duela ehun urte piztu zen jenioa
Lasarte eta Lazkao Txiki, Ereñotzuko San Antonio jaietan. (Kutxa Fundazioa Fototeka – Arturo Delgado Martinez Funtsa – Arturo Delgado Xenpelar Dokumentazio Zentroa)

1962ko txapelketa batean gai-emaileak puntua jarri zion: «Bertso bat botaiozu zure buruari». Eta Lazkao Txikik, «ezagutzen det eta erreza da hori/ mutil txiki-txikia, koloreak txuri/ arkume jaioberri txiki bat dirudi». Eta 1965eko Euskal Herriko finalean, berriz puntu bera eman zioten, «bertsoa botaiozu zeure buruari». Eta, Lazkao Txikik, erantzun, «orain dala lau urte jarria da hori/ hemen etorri gera berria kantari/ lehen kantatutakorik ez ipini neri».

Joxe Lizasorekin josi zuen hurrengo ariketa. Joxe, senarra, afaldu ondoren zaborra jaistera abiatu eta goizeko zazpietan etxeratu zen. Lazkao Txiki, emaztea, ate ondoan zain zuen. «Ez didazu ematen zeuk uste hainbat poz/ nunbait argi gorriak beti ditu gogoz/ kalera juan zerade basura utzi asmoz/ hainbat ordu pasata basurakin zatoz».

Ispiluari kantatutakoak, kukuari botatakoak, sehaskari eskainitakoak, txapelketa batean kontatu zuen ipuina, puntuei emandako erantzun ikaragarriak… Txirritak kantatua utzi zuenez, «nire aipamenak izango dira beste laurogei urtian». Lazkao Txikik ez zuen iragarria utzi, baina jaio eta ehun urtera bizi-bizi dago bere memoria. Egia da tartean marrazki bizidun propioak ere izan dituela eta horrek ere izango du bere partea. Baina herriaren memorian taupaka sentitzen da artean lazkaotarra. «Ikaragarri testu originalak utzi ditu, buruan erraz hartzeko moduan gainera, eta hori betiko gelditzen da», dio Amurizak. Artista zen, gainera, kantatzen eta kontatzen. «Ahotsarekin ere jokatu egiten zuen, ez zuen beti erritmo berean kantatzen, batzuetan azkartu eta beste batzuetan atzeratu. Begirada ere erabiltzen zuen, orain albora, orain aurrera, orain lagunari… Txori txiki bat bezala zen eta txori txikiak bezala mugitzen zuen burua, naturaltasun osoz eta espresio handiz». Eta sentimenduen mailan ere primeran moldatzen omen zen. Umorearen kutxan sartzen zuten maiz -eta horrek gogaitu ere egiten zuen-, baina emozioei kantatzen oso abila zen.

1967ko txapelketan, Anoetako frontoian, oholtzara bidean jende artetik.. (Kutxa Fundazioa Fototeka – Arturo Delgado Martinez Funtsa – Arturo Delgado Xenpelar Dokumentazio Zentroa)

Antonio Zavalaren biografian, hitzok jartzen dira Lazkao Txikiren ahotan: «Gero ez dakit, ba, nik zer izango den: baina hasieran afizioa da bertsolaritza. Derrigorrezko gauzatik ez da ezer ere ondo ateratzen. Aurrena afizioa da; zaletasun handia bertsotara. Gero, azkenerako, obligazioa; lana. Askok uste dute bertsotan ohitu egiten dala, herri baten aurrean. Baina ez da behin ere ohitzen. Ni askotan egoten naiz pentsatzen; eta zenbat eta jaialdi gehiagotan eta zenbat eta gehiago ibiltzen zaren, uste det kezka gehiago gelditzen dela. Behin horrela, zera, txiste eta zelebre hasi, eta gero jendeak hala hartzen zaitu, askotan behatza eman eta besoa hartzen du eta. Baina neri drama gustatzen zait. Bai pelikuletan eta bai bertsotarako gaietan ere. Nik serioa nahiago dut kasik. Esate baterako, ba, gauza ilun bat. Baina nik orain horrelakorik botako banu, herriak esango luke: ‘Ez; Lazkao Txiki ez dek hori’».

Kritika soziala ere egiten bazekien. «Apaizak beti ondo egiten du/ hala ez bada ere hori esaten du/ inori ezer eman ez eta al duena kendu/ bizitzen galerazi eta hiltzen lagundu».

Lazkaotarra erdian, bazkari batean. (Xenpelar Dokumentazio Zentroa Kutxa Fundazioa Fototeka – Arturo Delgado Martinez Funtsa – Arturo Delgado Kutxa Fundazioa Fototeka – Foto Marin Funtsa – Paco Marin)
IÑAKI MURUAK 1992KO EKAINEAN

egin zion elkarrizketa bat ere geratu da jasoa. Solasaldi horretan sumatzen da Lazkao Txikiren bizitzan dena ez zela argia eta poza, zoko ilunxeagoak ere bazituela. «Egindakoekin konforme al zara?», galdetzen dio Muruak. «Ez; denekin ez. Egindako astakeria haiek eta egindako juergak… Pentsatzen jarri eta behin beste lagun handi batek esan zuena: ‘Bizitzaren erdia pasatu diagu osasuna galtzen eta orain hura bilatu ezinik’. Hori pena izatekoa duk». Elkarrizketa horretan bertan aitortu zion Muruari bertsotarako gogoa gastatzen ari zitzaiola.

Izan ere, ezagutzen zutenen arabera, bi aurpegiko txanpona zen. Lazkao Txiki, hizketan hasi orduko jendez inguratuta, denak liluratuta haren jarioarekin eta ateraldiekin. Eta gero eta bakarrago sentitzen zen Joxe Miel Iztueta, askoz mikatzagoa jendaurreko hori baino. Xabier Amurizak ondo ezagutzen zituen bi aldeak. «Nik beti esan izan du umoregile ona ez dela umorea daukana, umorea egiten dakiena baizik. Izan daiteke barrutik mingots samarra den pertsona bat, sentibera eta sufritzen duena, eta kanpora umorea sortzen duena. Lazkao Txiki horrelakoa zen. Barrutik askotan minbera egoten zen, oso bakarrik sentitzen zen. Eta etxera joatea ere kosta egiten zitzaion». Amurizaren ustez, «jende artera joaten zenean beti pozik eta atsegin egoten zen, hori zen bere sendagaia. Baina guk igartzen genion ez zebilela beti hain pozik, ezta gutxiagorik ere. Minberatzen zenean, oso minbera, sentikorra eta petrala ere bazen».

Euskara batuarekin asko sufritu omen zuen. «Behin baino gehiagotan entzun izan nion Salamancan jaio izan balitz ez zuela hainbeste sufrituko. Euskara modernoaren eta euskara batuaren aurka zegoen», kontatu du Amurizak. Eta poza itzaltzen zioten arrazoi gehiago ere baziren. Bere iloba Felipe Barandiaranek kontatzen zuenez, «nik uste dut osabak krisialdi nagusia EAJ eta EA banatu zirenean izan zuela. Horrek sekulako eragina izan zuen beregan. Oso gizon sentikorra zen eta alderdiekiko mesfidantza piztu zitzaion. Erabat erremintzen zuena euskaldunon arteko konponezina zen eta bertsokeran ere beheraldi bat izan zuela uste dugu krisialdi horrekin».

Ordizian egindako murala. (Raul Bogajo | FOKU)
EUSKAL HERRIAN MIN IZUGARRIZ

jaso zen Lazkao Txikiren heriotzaren berri, ustekabekoa izan zelako. Programatuta zeukan ebakuntza ohiko samarra omen. «Pena izugarria hartu genuen eta Euskal Herriko bertso plazak hutsune izugarri bat sentitu zuen. Ezin genun imajinatu ere egin Lazkao Txiki faltako zitzaigula plazetan, pena handia izan zen», gogoratu du Amurizak. Berak maitasun izugarriz gogoratzen du Lazkaokoa. «Gure Miren jaio zenean, ikusi nahi zuela eta egunen batean etorri behar zuela eta… azkenean Miren haurra ezagutu gabe joan zen eta badaukat halako pena bat. Bera oso-oso haurzalea zen, haur bat ikusten bazuen beti geratzen zen kontuak esatera».

Eta beste pena bat ere badauka Xabier Amurizak. Ederki kostata, baina azkenerako konbentzitu omen zuen Lazkao Txiki, bere bizitza liburu batean jasotzeko. «Berak niri kontatu eta gero nik idatzi egingo nuela esan nion, berak nahi bezala jasoko nuela. Baietza eman zidan eta grabazioak egin behar nituen idazten hasteko. Matxinbentan bazkaldu genuen eta, arratsaldean, pixka bat aparte jarri ginen grabazioekin hasteko. Kalean egitea ezinezkoa zen, beti inguratzen zen norbait Lazkao Txikirengana. Han geunden, jantokian, geu bakarrik hasteko prest eta halako batean ume bat sartu zen, etxekoa. Zutitu eta umearen atzetik joan zen Lazkao Txiki, eta umearen atzetik ekarri zuen ama, amona, beste ume bat… eta pentsatu nuen, ‘akabo gure plana’. Ez nuen lortu grabazioa egitea!».

Ispilua parean hartuta Lazkao Txikik kantatu zuenez, «neri begira hortik daduzkak alperrikako bi begi/ hik ez nauk noski ni ikusiko, baina nik ikusten haut hi». Eta horrelaxe geratu dira gure herri memorian bi begi horiek, piztuta.

Negar egiten zuen komikoa

Duela ehun urte piztu zen jenioa  Duela ehun urte piztu zen jenioa  Duela ehun urte piztu zen jenioa  Duela ehun urte piztu zen jenioa  Duela ehun urte piztu zen jenioa  Duela ehun urte piztu zen jenioa  Duela ehun urte piztu zen jenioa  Duela ehun urte piztu zen jenioa  Duela ehun urte piztu zen jenioa  Duela ehun urte piztu zen jenioa  Duela ehun urte piztu zen jenioa  Duela ehun urte piztu zen jenioa  Duela ehun urte piztu zen jenioa  Duela ehun urte piztu zen jenioa  Duela ehun urte piztu zen jenioa  Duela ehun urte piztu zen jenioa  Duela ehun urte piztu zen jenioa  Duela ehun urte piztu zen jenioa  Duela ehun urte piztu zen jenioa