Aldrebesaren estetika

Aldrebesaren estetika –
Ez dituzu Bapatean bilduman topatuko, ez eta Txapelketa Nagusiko liburuetan edo BDB bertsolaritzaren datu basean ere. Nekez dira artxibatzen, are nekezago erregistratzen, eta batek pentsa lezake haizeak eramaten dituen bertsoen artean dutela tokia ezinbestean. Baina, orduan, Atañoren Txantxangorri kantaria-ren pasarte batek egiten dizu argi. Gizonak jokoan ari dira tabernan: banan bana, adostutako denbora tartean bertsoa osatzeko gai direla erakutsi behar dute. Emakume zerbitzariei ere uzten diete parte hartzen; buruz dakizkitenak botata bale dira haiek. Kronometroaren mugatik pasatzen denak guztientzako erronda atera behar du. Taberna leporaino dago, eta inor ez dabil ezkurrez airos. Broma gutxi, hortaz.
Sagardoz betetako txarroa eskuan duen mutil gaztearen txanda da. Begitartea altxa, eta, ingurura begira, kantuan hasi da:
Diferentiak izaten dituk
durua eta pezeta (irriñoak eta eztul lehor bat)
ukuiluetan alperrik zeudek
esne gabeko behiak; (barre algara)
hik e, Listorretako gañian
izerditan huanian, (ikusmin isila)
txarro ezpañ motz hontatik pozik
egingo huke txurru-pat (barre eztanda, malkoak, katarsia)
Handietakoa bota du. Tankerarik ematen ez zaien bertso horietakoa, baina klase horretakoen artean, handietakoa. Metrika hala moduz errespetatu du. Doinua ere bai. Hortik aurrera, ez hanka ez buru. Eta taberna, karkailaka. Inor gutxik hartuko du mutil gaztea bertsolaritzat, Jautarkolek argitzen digunez: “Bertsolari izena, bat-batean bertsoak asmatu ta egoki esan edo kanta oi dituenari bakarrik ematen dio erriak. Bertso aldrebesak kanta oi dituztenei, etzaio eman oi”. Aita Onaindiak erantzuten dio: “iñoiz jazo da, orraitiño, bestera be; esaera ta bertso taiubako ta maker eta arloteak be iñoiz txalotu ditu erriak”.
Bertsoa ez baita bertsolariena. Bertsoa hor dago, eta nahi eta ahal duenak nahi eta ahal duenerako darabil. Bertsolari adina sasibertsolari dago, eta bigarren multzo horren barruan ere espektro oso bat, hala-hola moldatzen direnetatik ganoragabe muturrekoetara. Jendaurrean ekiten diotenak, salbuespenak salbuespen, gizonak; jendatzean, orotarik, pentsa liteke.
Elioren haizeak
Ez da historia liburuetara igaro Elio, Ereñotzuko mutilzaharra. Antonio Zavalak erretratu gupidagabea egiten dio: “Kaskoan haizea besterik ez zuen gizarajo bat” omen. Jaietan tabernan sartu eta bigarren tragoa zintzurreratzerako derrigor bertsotan hasi beharra izaten zuen Eliok. Behin, jakin zuen Epeletorreko Joxe Migel Otxotorena —bertsolari xuxen askoa— Pardiolara etorri ohi zela andregaia bisitatzera, eta ondorengoa bota zion, braust:
Erromeriya txarrik
eztago munduan,
Oiartzundik hasita
Epel-errekara;
Epel-errekatikan
Astigarraraño,
Astigarragatikan
Pardiolaraño,
zer arraiotan habil,
sudur haundi hori?
Eta jendea negar malkotan. Eta Elio haizetuta. Hortik aurrera, isildu gabe arituko zen, inguruko denak aspertu arte. Pentsa, Txirrita bera ere gogaitu zuen behin. Harekin tabernan topatuta, ondorengoa kantatu zion:
Txirrita tripa haundiya
birian korritua,
hi re juten baldin bahaiz
izango dek lekua.
Zer zirala uste huken
kastillanuen gonak?
Aixa izurratze izkitek
hi bezelako tontuak.
Elio Gaztela aldean ibilia baitzen, nonbait. Txirritaren erantzunaren azken bi puntuak soilik dakizkigu:
Horren lehengo lagunak
Santa Agedan daude,
urtebete baino lehen
joango dek hau re.
Bertsolaria ez dago eroso sasibertsolari erasokorraren alboan. Balantzaren beste aldean topatzen du bere burua. Bat-batean, bestea da terriblea, eta norbera normatiboa. Eta oreka desesperatuan aritzea baizik ez zaio geratzen: albokoa gurasokeriaz gutxiesten du, dezentzia moduko zerbaiti atxiki bitartean. Entzule gehienei, baina, arrotz zaizkie dezentzia gisako balioak, eta bertsolariari berari ere bai, zinez. Puskaz gehiago gozatzen du galtzekorik eta defendatzekorik ez daukanaren tokitik kantari, ia beti zorrotz, zenbaitetan gupidagabe. Behean dago eroso, behekoa delako. Baina ez da bere kondizioaren harrotasuna erakutsi zale —eta, eduki, askorik ere ez dauka, ziur asko—.
Eliorekin hika-mikan baino erosoago dago Txirrita Elio imitatuz. Aski bertso on botea zuela eta txar bat botatzeko eskatu zioten batean, hala kantatu omen zuen:
Bart arratsean Pamplonan
giñaden feriyan,
Etumetako artzayak
sermoya debalde,
ernari jarri omen dek
Aizarnan idiya,
ai zer esne eratea
batere ez balu,
nere txapela tellatuan,
ala Jaungoikua.
Ez buru ez ipurdikoa izateko, ez buru ez ipurdikoa izateko asmo agerikoegia sumatzen zaio bertsoari. Puntuz puntuko eten garbiko dispositio-a darabil, batetik. Paradoxara jotzen du, bestetik —idia ernari jarri dela aipatzean—. Eta paradoxa ez da gai desordena ordenatua sortzeko besterik. Aldrebeskeriak —zinezkoak— askoz ere logika kaotikoagoa dauka, herria segituan ohartzen denez. Juxtoren eta Xenpelarren arteko desafio ezaguna horren lekuko.
Lezoko desafio aldrebesa
Xenpelarren urrezko aroa zen. Errenteria inguruan baziren bi bertsolari, Juxto eta Lonjinos, bertso aldrebesak kantatzeagatik ezagunak. Kantatu, hori bai, taxuzko bertsolarien jarreraz kantatzen zuten, guztien barregurarako. Kantatzen zutena kantatzen zutela, bozkarioz jotzen zitzaien txalo. Eta haiek, goiak hartutik, gero eta erronka handiagoak nahi. Behin Juxtok Xenpelar desafiatu zuen, nork bertso aldrebesagoak kantatuko, eta hark onartu. Lezoko plazan jokatu zen, Santa Krutz egunez. Ikusmina, irudika daiteke zenbaterainokoa.

Xenpelarrek ekiten dio:
Aranon sartu dira
hamalau nabiyo:
zortzi konpiteruak,
sei botikariyo.
Seiña kintalekuak
hamar armariyo,
gizon batek a pulso
bizkarrian iyo…
Arrazoi honi kontra
nork egingo diyo?
Jendea algara bizian. Denek ulertu dute desafioaren funtsa: jokoan dagoena ez da bertsolari hobea nor den, bufoi hobea nor den baizik. Eta joko-arau horiek bien arteko botere logika alderantzikatzen dute: gai izango ote da Xenpelar, handietan handiena, Juxtoren mailara jaisteko? Gailentzekotan, sasibertsolari aldrebesaren arketipoa —entzuleen iruditerian hain indartsu dagoena— ezin hobeki imitatu beharko du; hain ondo, arketipo horren gorpuztea —alboan duena— baino are aldrebesago aritu beharko baitu. Eta horrek ia ezinezkoa dirudi.
Hala erantzuten dio Juxtok:
Kontzientzi ona dauka
Lezoko jendiak
Askoz hobia ezpalu
Gurutze Santuak;
askoz hobia ezpalu
Gurutze Santuak,
urrikari dizkiyet
persona pobriak.
Galtzak busti beharrean da plaza guztia. Xenpelarrek, bere aldrebeskerian, gutxienez errimatu egin du. Juxtok ezta hori ere. Xenpelarren hamarreko txikia zortziko txiki bihurtu du, puntu bat bitan errepikatu… baina, horiez landa, izendatzen zaila den zerbait dakar Juxtoren erantzunak, Xenpelarren erasoa hala-holako ahaleginean uzten duena: testuaren noraezaren eta hezur-haragizko hankabikoaren bat etortze erabatekoa. Juxtok ahoa irekitzea aski du barrea eragiteko. Betikoa ongi —hots, aldrebes— egitea aski du desafioa irabazteko. Xenpelarrek, aldiz, ohiz kanpoko zerbait erakutsi behar du gaur. Eta horretan saiatzen da:
Gizon bat ikusi det
hirurehun urtetan
mariñel dabillela
ontziko soketan;
zapat-ordez zituen
txalupak oñetan;
haren aitona berriz
itsasora urketan.
Liluragarri zaio entzuleari Xenpelarren irudimen bizia, logikaren mugak hausten dituzten irudi surrealistaz josia. Bai gauza aldrebesak bota dituela! Hirurehun urteko gizona marinel? Zapaten ordez txalupak oinetan? Eta, zer eta, hain gizon zaharraren aitona itsasora edateko ur bila? Halakorik! Xenpelarrek ohiko baliabide erretoriko bat darabil: grekoz adynata gisara eta latinez impossibilia izenez ezagutzen dena. Hiperbole muturreko horrek egoera absurdo sorta bat zerrendatzen du, zerbaiten ezinezkotasuna azpimarratzeko. Haatik, Xenpelarrek ezin aska dezake egokitasunaren berniza. Nahita ere, ez da gai Juxtoren bertsoak bezain iragarrezinak jaurtitzeko; hain barneraturik dauzkan oinarrizko bertso formak deseraiki beharko lituzke horretarako. Juxtok, aldiz, ez du deus deseraiki beharrik; berez-berez dakar kaosa.
Eguarri-eguneko
joaiera trixtia:
lo geniken bapo egin
Jaunari graziyak.
Goizian jaiki eta
gosari-txikiya;
zortzitako denboran berriz
txokolate ona;
hamarretako denboran berriz
gosari ez txarra…
Hasi ziradenian
hala ta honela,
pakiak egitera
etorriyak gera.
Hankaluzeak nonahi, neurri sailkaezina, eta doinua ere nahieran asmatu duela irudika daiteke. Juxtok ez du paradoxen eta irudi surrealisten beharrik. Zertarako? Irabiagailu bizi bat da ebakitzen duen esaldi bakoitza. Xenpelar jo eta hautsian dabil bere irudimen bizia zukutuz, baina nekez berdin dezake aurkariaren jario zentzugabea. Ondorengoa da Juxtok kantatutako azken bertsoa:
Neguan hotzak eta
udan txingurriyak:
orbela ta zipotza
denak ziyatuak:
subia ta ziraba
dauzkat inguruan…
beldur-beldurrak nago
sartzeko mixtua.
Hainbestekoa izan da bertso horrek sortutako eztanda, entzule asko lurrean hesteak bota beharrean geratu baitira. Bertsolariek ezin izan dute desafioarekin segi. Garaile ofizialik gabe amaitu da lehia, baina garaile sinboliko garbi batekin: Juxto berdingabea da. Ezin esan liteke Xenpelarrek galdu duenik ere: jendearen gogoan gelditu dira bota dituen ale asko. Guztien artean nabarmenena, ondorengoa:
Itsasuan ari dira
arbolak aldatzen;
itsuak ikusi du
etxia erretzen;
hankamotzak badaki
bidia korritzen;
mutua diadarka
jendiari deitzen.
Irudi surrealistak eta paradoxikoak, berriz ere. Absurdoa umorerako estrategia gisara. Mundus inversus baliabide erretorikoaren adibide garbia da Xenpelarren bertsoa: ohiko arauak eta balioak hankaz gora irudikatzen ditu, unibertso alderantzikatu bat eraikiz. Asmo satirikoz erabiltzen da gehienetan, baita Xenpelarren kasuan ere: Juxtoren kodearen imitazioa da.

Aldrebeskeria bildumatua
Lezoko desafiotik mende batera, herriaren memorian irauten dute Xenpelarren bertsoek. Juxtorenak ere gorde dira, baina hain sonatuak izatera iritsi gabe. Bat-bateko bertsoaren kolpea iragankorra bada, bertso aldrebesarena are da iragankorragoa: aparraldiaren ondotik, harridura efektua urardotu egiten da —zer esanik ez bertsoa kantatu den egoeratik erauzita berreskuratzen denean—. Alta, hiperbole surrealistek, ezinezko paradoxek, alderantzikatutako munduko irudiek, ongi eusten diote denboraren joanari, egoki kabitzen dira bildumetan, pitxi polit gisara baliatzen ditu jendeak. “Bertso aldrebesak” izendapena bigarren klasekoei atxikita geratu zen, hortaz. Manuel Lekuonak 1930ean Bergaran emandako hitzaldi sonatuan berreraiki zuen desafioa, bataren zein bestearen bertsoak aipatuz. Baina Xenpelarrenek bizitza propioa hartu zuten segituan. Bertso bilduma orotarikoetan jaso ziren: Jose Antonio Loinaz-Otaño apaizaren libretan, Makazagak 1931n inprimatutako Xenpelar’en Bertsuak bilduman, Azkueren Cancionero Popular Vasco-n… bakoitzean moldaketa txiki batzuekin.
Tolosako Estanislao Urruzolak eskuz idatzitako bertso bildumak ondorengo oharra dakar: “Egun batian bildu omen ziran zenbait bertsolari beren artian txapeldun zein gelditu; bañan jardun-jardunean ezin alkar puskatu noski ta erabaki zuten aldrebeskoak botatzia. Ara oietan batzuek”. Eta, segidan, zortzi bertso aldrebes, tartean Xenpelarrek Lezon kantatutako zenbait ale, baina puntuetako asko moldaturik edo asmaturik. Juxtoren bat ere badakar. Horiez gain, egiletza garbirik gabeko beste zenbait. Ondorengoa, adibidez, Gaztelu bertsolariak Donostian kantatua dela diote zenbait iturrik —nahiz eta Urruzolaren bertsioa eta Gaztelurena guztiz bat ez etorri—.
Gitarra ta bibolin
bandurri ta arpa,
eskalaproi da botin,
polain da abarka,
zezena muturka ta
txerria adarka,
gaur ipiñi biar diau
sekulako marka.
Egile garbirik gabeko beste bi ale ere jasotzen ditu:
Mozkor bat ikusi det
kañupian sartzen,
beste bat illargiyai
matxardakin heltzen,
emakume bat berriz
urpian erretzen
bonberuak ai ziran
suak ateratzen.
Lehengo jai-egun batian
ermita-atadi baten
a zer erromeriya
zelebratu duten!
Mutua kantuan da
gorra zan entzuten,
itxua begira ta
trokotxa dantzatzen.
Aitzolek ere Xenpelarren bertso parea jaso zuen “Poesías vascas labortanas” (1934) bilduman, egilerik aipatu gabe, eta zenbait aldaketa eginik. Haiekin batera, egiletzarik ezagutzen ez zaion hirugarren bat:
Zakurrak ikusi du
gatua itxasuan,
promenan zabillala
ombrela eskuan,
haren aitona berriz
ari zen jokuan,
kartatzat zituela
ezpalak eskuan.
Urruzolaren eta Aitzolen bildumetan antzerako joera sumatzen da: bertso aldrebes gisara izendatzen direnak, batez ere, mundu aldrebesa irudikatzen dutenak dira. Baina bertsoek eurek, joskeraz, egituraz, baliabidez, ez dute deus aldrebesetik. Egoki taxututako irudi surrealistak dira. Tradizioz jasoak eta asmatuak, denak nahasian. Baina memoria kolektiboak horretara murriztu arren, beste nonbait datza aldrebesaren estetika. Esaterako, Xabier Leteren Gizon arruntaren koplak har litezke estetika horren imitaziotzat. Oro har, baina, disko-liburuetatik kanpo egin du bere bidea.
Norgehiagoka ala diskurtsoa
Bertsoa batez ere norgehiagokari loturik zegoenean, berdin zegoen bizirik erronkaren logika alderantzikatua ere: nork nor garaituko jokatzen zuten gehienetan; nork txarragoa botako, ez gutxitan. Hasi aurretik baldintzak adostuz gero, ekitea besterik ez zen gero: trakeskeria zigortu egiten zen batzuetan; saritu, besteetan.
Hara hor, esaterako, Bernardo Leonet, Aranoko Arola baserrian jaioa. Ez dago garbi non eta nolatan bota zuen ondorengo bertsoa. Zenbaitek dio Plazaola trenbideko lanetan ibili zela XX. mende hasieran, eta sasibertsolari petoa izaki, kintzena jasotzen zuenero edonori desafio joka hasten zela: bost duro, zeinek bertso txarragoa botako. Dema horietako batean kantatua izan daiteke:
Aurten urte ona da
artoak usteldu
Aranoko neskatxak
ezkontzea amets
Amezketako ardiak
esnea galanki
hutsa baino hobe dituk
hogei mila duro.
Leoneten ezpal berekoa omen zen Aiako Gaztaindizabal baserriko Antonio Joxe. Laurgaingo mutil bat Urtetako neska batekin hasi zelarik, Laurgaingo bigarren mutil batek neskaren eskua eskatu omen zuen. Orbelaun baserri atarian ibiltzen zen ahal zuenero, neskarengana joan-etorrian. Antonio Joxek, afera zertan zen jakitun, igande gau batez, tabernan, bi mutilak bertan zirela, ondorengo bertsoa kantatu zion bietako bati:
Bejondaezdakizula,
Señor Landarbide,
hi añeko gizonak
badituk Sarrolan;
Orbelaungo atarian
zitxeon trilluba,
jotzen bahaut ostikoz atzen,
arraio polatu,
tirako haut tellatura,
ala Jaungoikua!
Azken bertso horren amaierak arestian aipatutako Txirritarenaren antz susmagarria du. Pentsa liteke, hortaz, bietako baten jatorria okerra dela, edo, bestela, beste bertso baten azken puntuarekin oroitzen dela. Halako fusioak ohikoak dira ahozko tradizio guztietan, eta, aldrebeskerietan aritzea hain egon zen zabalduta, ulertzekoa baita bildu diren bertso apurrek elkar kutsatzea.
Sasibertsolariak aritu izan dira nork hobea botako lehian ere. Goiara, Krixoxtimo eta Xulua Oiartzungo Zulatz-Txipi baserrian juntatu ziren behin. Sardinaz, tortillaz eta sagardoz ondo horniturik, Krixoxtimok hartu zuen hitza: “Bueno! Merienda hau bertsotan jokatu behar diagu hiruren artean: lehenbizi aldrebesena botzen duenak, paga dezala; zuzen segitzen duena, libre!”. Bertsotan aldrebes aritzea arau den inguruan baizik ezin da halako erronkarik bota. Hasi ziren kantuan, batek bat eta besteak bestea, eta halako batean Goiarak bertso batean hirutan errepikatu zuen “mundo” hitza. Krixoxtimok orduan: “Aski diagu! Zergatik-eze posible ez den gauza esan du honek! Bi esan balitu, bien! Baina hiru ‘mundo’ sartu ditu!”. Eta, hala, merienda hark ordaindu behar izan zuen.
Aiako Iturriozko jaietan ere bazen 60ko hamarkadara arte iraun zuen ohitura bat. Oilasko jateko egunean, bazkalondoan puntutan egiten zuen auzo guztiak. Bat hasi eta, txandan-txandan, mahai buelta osoak kantatu arte. Puntua nola-halakoa izanda ere baleko izaten zen; errimatzea zen baldintza. Baina puntua galtzen zuenak pezeta bat bota behar izaten zuen potora. Hobe zen buru-buztan gabekoa botatzea, isilik geratzea baino. Bildutako diruarekin, denentzako edariak ateratzen zituzten, eta, era horretara, ederki pasatzen zuten kanpotik bertsolaririk ekarri beharrik gabe.
Inprobisazioaren atakatik bizirik ateratzeko abileziak eratzen du aldrebesaren estetika —bertsotan ez ezik orotariko inprobisazio jardunetan—. Isilik geratzea porrota denean, zerbait esaten asmatzea bilakatzen da lehentasun, esaten dena edozer delarik ere. Joko-arau horietan, bertsoa diskurtsibitatearen antipodetan dago. Bost axola enuntziazioa; enuntziatu izanak, inprobisaziora abiatu izanak, dauka balioa. Bertsotan egitea ahotsa hartzeko ausardia izatea da —horren inplikazio guztiekin—. Baina ausartzen denari dena saritzen zaio. Ia edozer da baleko, eta gutxi behar da bozkarioa pizteko: ideia bizia, ideia bizia delako; aldrebeskeria, aldrebeskeria delako.
Aian zen Basarri 1983ko uztailaren 17an. Juan Manuel Txikia korrikalariaren omenaldian kantatu ondotik, jendartera jaitsi eta aspaldiko ezagun batzuekin elkartu zen. Gaztandizabalgo Antonio Joxe ekarri zuten hizpidera segituan. Ezagutu zituen Basarrik haren bertso aldrebesak, eta ale haietako batzuk gogora ekarri nahian aritu ziren puska batean. Gero, Benta Berri ostaturantz abiatu zen. Iristear zela, gizon bat atera zen tabernatik, beragana zuzen-zuzen. Basarriri eskutik heldu eta ezeren tankerarik gabeko bertso luze bat kantatzeari ekin zion, ez doinu ez neurri. Eta Basarrik lagunari: “Hara hemen Antonio Joxe bigarrena!”.
Basarrik ez du, Xenpelarrek eta Txirritak bezala, sasibertsolariekin kantatzen. Saioren batean bakarren bat inguruan suertatuz gero agian joko dio adar pixka bat, baina bertsolaritzaren bidea ez da hori: “Euskal bertsolariak ez dira pailazo izateko jaioak, ez daukate lokatzetan eta simaur artean ibili beharrik”. Ahosabai txarreko kankailu batzuk ez dira sekula faltako; gero eta gutxiago dira, haatik. Bertsoa jada ez da norgehiagoka hutsa. Lokaztegitik ateratzearekin bat, ekintza diskurtsibo bilakatu da. Orain ez da aski kantatzeko ausardia izatea, esaten denak hartu du pisua. Bertsolariak dezentzia besarkatu du, eta iraganeko jolas trauskil haren arrastoak lurperatu nahi ditu. Oraindik, noizean-noizean, tokatzen zaizkio “nork gezurrik handiena bota” gisako gaiak, eta jolasean aritzen da orduan, garai batekoen trazan. Baina, haien aldean, egiteko transzendentalago bat topatu du: herria hezi behar du. Basarriren lagun Uztapidek, halere, estimuan zituen bertsolari aldrebesak. Behin, bertsolari horietako bat bizi zen herrira ailegatutakoan, jakinarazi zioten ezbeharren bat eduki zuela eta urte hartan ez zela han. Uztapidek orduan: “Laster osatu dadila. Huraxe da herri honetako afiziorik handiena duena bertsotarako, eta aldi berean, abilidaderik gutxiena duena ere bai; eta horiek biak izatea zaila da. Edozeinek ez ditu”.
Muturreko asoziazio askea
Koldo Tapiak ere oroitu izan ditu “tabernan hiru trago eginda” jardun litezkeen bertsolariak. “Gu askoz ere maleatuagoak gaude”, dio. “Zenbat eta aldrebesago, orduan eta inprobisazio gehiago: hitza, doinua, dena inprobisatzen da”. Inprobisazio erabateko horren estetika urrun dago Basarriren eskola diskurtsibotik. Lekuonak ezaugarritzen du zehatzen: “Pentsamenduen ibili-arina” sumatzen dio bertso molde horri, “erretorikazko goxogarririk gabea”. Oteizak, bere Quousque tandem…! liburuan, bertsolarien “estilo purutasunaz” ari delarik, Juxtoren aldrebeskeriak aipatzen ditu. Xenpelarrek berak ere imitatu ezin izan zuen kode hura jotzen du euskal arima tradizionalaren adierazpide gorentzat. Puntutik punturako etena du bere zigilu printzipala. Kopla zaharretan ageri da estreinakoz eten hori. Demagun: “Eder zeruan izarra/ hari begira lizarra/ etxe hontako nagusi jaunak/ urre gorrizko bizarra”. Atari sinbolikoa hasieran, ondorio tematikoa amaieran. Bien artean, eten logiko bat, herriak eten bezala bizi ez duena. Bertso aldrebesetan, ordea, etena zinez da etena, herriak eten gisara bizi du, eta puntuen arteko lotura logiko ezak eragiten dio barrea. Tradizio surrealistan hain ohikoa den justaposizio erradikala oroitarazten du. Collagearen printzipioa, esanahi arruntak suntsitzeko eta esanahi berriak —edo kontraesanahiak— eraikitzeko erabilia. Muturreko asoziazio aske horretan eraikitzen da aldrebeskeria; eta asoziazio aske horrek desagertzera egiten du bertsoak batasun testual bat hartu ahala.
Gizon arteko mozkorkeria izan da historikoki aldrebesaren estetikaren gotorleku. Hala aitortzen du Joxe Insaustik Beti bertsoa buruan liburuan: “Nik ez dut ezagutu mozkorrik, bertso edo kantu zerbait lardaskatzen ez duenik. Bertsolari denak ez dira mozkorrak, edo gaur inor ez; baina bai mozkor guztiak bertso-gilda edo jarioa ezpainetan dutenak”. Mozkor gehienek bertsolari izateari utzi diotelarik, gizarte osoa alfabetatu delarik, bertsogintza ikuskizun homologatu gisara egonkortu delarik, pentsa daiteke urritu egin direla aldrebeskerietarako egoerak. Baina, oraindik ere, mahai buelta, afaloste edo barra ertz egokian tokatuz gero, entzun daiteke usadio horretako alerik.
Hemerotekara igaro diren apurren artean, hara hor 2002ko Bertso Eguneko ale bat. Ez aldrebes nabarmena, baina bai eskola horretakoa. Afalostean, kantuari ekin zioten Egañak eta Zamalbidek, Kursaaleko jatetxeak emandako afari tristea hizpide. Egañaren zortziko handiari hamarreko handiarekin erantzuten dio Zamalbidek lehendabizi; eta Egañaren hamarreko handiari zortziko handiarekin, ondoren.
Enuen uste Andoni gaur
hoi zenianikan bota,
badakizute kafe gutxi ta
gailendu zaigula kopa.
Nik ez dizutet ezer esango
egia haundi bat esanta:
datorren urtian jarri zazute
baratxuri zopa!
Juxtoren mailara iritsi gabe, koherentzia testualari nolabait eutsiz, baina inprobisazioa, testura ez ezik, doinura, neurrira, silabetara, zabalduz. Aldrebesaren estetika zantzuak darizkio bertsoari, zer esanik ez Zamalbideren performanceari —bideoan nabarmenago sumatzen da—. Azken esaldiak aretoa lehertzen du: entzulearen oroimen kolektiboan ez da erabat desagertu Juxtoren, Elioren, Bernardo Leoneten, Antonio Joxeren arketipoa. Eta berriz Zamalbiderengan gorpuzturik dakusatelarik, algara ateratzen zaie, orain bi mende Lezoko plazan entzun zen algara bizi berbera.