Alpujarretako inprobisatzaileak

2014-12-21

Antropologo bat Alpujarratan

Iberiar penintsularen beste ertzean bada herri kantari bat. Herri zahar bat da, eta zahartzen ari dena. Inork bitartekorik jarri ezean, azken inprobisatzaileekin batera desagertuko da bost lerroko bertsoak egiteko ohitura hau

Alberto del Campo Tejedorrek futbola zuen ogibide, harik eta —24 urterekin— lesio bat izan zuen arte. Gaur egun mundu akademikoan dihardu Sevillako unibertsitatean. Zuzenbidean, Germaniar filologian eta Antropologian lizentziatua da.

Hain zuzen ere, Antropologian lizentziatu berritan izan zuen lehenengoz trobadoreen berri. Jose Sevilla, Miguel Garcia Candiota (Alpujarretako inprobisatzaileak biak) eta Alexis Diaz de la Pimienta (Kubako repentista) ezagutu zituen eta, liluratuta, trobero bihurtzea erabaki zuen. Alpujarretan etxe bat erosi zuen eta bere neska-lagunarekin batera bizitzera joan zen bertara. Lau urtez landa-lana egin zuen antropologo moduan. Lan etnografiko hartan trobero baten eguneroko lanean murgildu zen erabat, eta Doktoretza tesia osatu zuen.

Filologiatik eta filosofiatik zetorren, eta bere helburua zen hizkuntzaren eta komunikatzeko modu zehatz baten atzetik mundua ikusteko modu bat ote zegoen ikertzea. Horretarako, lan antropologikoa, murgilaldi osoa, egitea beharrezkoa zuen, trobadore bihurtzea, alegia.

Berak ikerlana egin zuen garaian troberoek oso fama txarra zuten: alfer, lizun eta mozkorti fama zuten. Haientzat harrigarria izan zen mundu akademikotik zetorren norbaitek haien bizimodua ezagutu nahi izatea. Diotenez, sekula ez dira hainbeste trovo festa antolatu. Bera egunero joateko prest zegoen, eta horrek gainontzeko troberoak aktibatu zituen. Troberoek txikitatik izan zituzten festa guztiak lau urtetan kondentsatzen saiatu zen.

Trobero izateko zenbait bosteko txikiak botatzen jakitea ez da aski, beharrezkoa da gau osoa kantari pasatzeko gai izatea. Amaierarako lortu zuen troberoek euretakotzat hartzea, eta beretzat urguilu handiena horixe izan omen zen. Hala ere, mementoren batean obsesio ere bihurtu omen zitzaion murgilaldia…

Inprobisatzaileen inguruan zabalduta dagoen ustea da trobero jaio egin behar dela. “Jainkoak ukitutakoek” soilik inprobisatu zezaketela uste zuten, baina Del Campok hasieratik pentsatu izan zuen lana zegoela oinarrian, eta sentitzen zuen lilurari esker ikasi zuen inprobisatzen.

Troberoak, bosteko txikiak eta transmisioa

Bracamonte de Peñarandan (Gaztela eta Leon) bertsolariek eta Alpujarretako troberoek elkarrekin egin zuten saioaren harira bidaiatu zuen Del Campok. Bere elkarrizketaz gain, berarekin bidaiatu zuten bi troberoen —Jose Lopez Sevillaren eta Jose Sanchez Fernandezen— iritziak eta aipamenak bildu ditu artikulu honek.

Alpujarretako inprobisatzaileak troberoak dira, eta euren estrofa bosteko txikia da. Zortzi silabako bost lerroz osatutako bertsoak osatzen dituzte. Lerro guztiek errimatzen dute: Lehen, hirugarren eta bosgarren lerroek errima bera daramate, eta bigarrenak eta laugarrenak ere errimatzen dute elkarren artean. Errima kontsonantea erabiltzen dute: silaba tonikoaren bokaletik aurrera errimatu behar dute: ilusión eta canción-ek errimatzen dute, baina brújula eta drácula-k ez.

Sinalefarik ez egitea dotoreagoa dela deritzote, baina baimenduta daude. Bertsolariek bezalaxe, troberoek ere ez dituzte silabak kontatzen; baina badakite ahapaldi batek zortzi silaba dituen edo ez.

Norbaitek jarritako gaiekin edo gairik gabe kanta dezakete. Normalean binaka jarduten dute, eta aurkako paperak hartzen saiatzen dira.

Musikarien laguntzaz inprobisatzen dute normalean: biolina eta gitarra ia derrigorrezkoak dira, baina a capella ere kantatzen dute, tarteka. Lautea eta bandurria ere izaten dira tartean.

Troberoek fandangoak kantatzen dituzte. Doinu bertsua kantatzen dute denek, baina herritik herrira aldaerak daude kantaeran. Palo flamenko ezberdina dauka bakoitzak. Adibidez, melisma (lerro bakoitzeko azkeneko silaba, estilo flamenkoa jarraituz nota ezberdinak kantatuz luzatzen dena) ezberdina da troberotik troberora.

Guajiran ere kantatzen dute. Hala deitzen diete Hego Amerikan hain ezagunak diren hamarrekoei. Joan-etorriko deitzen diote, izan ere, hamarreko espinela Andaluzian sortu zen eta handik bidaiatu zuen Kubara, Argentinara eta abar; eta inprobisatzaileek hara bisita egin zutenean, bueltan ekarri zuten tradizioa. Zenbait inprobisatzaile, Barrankito esaterako, distiratsuagoak dira metrika honetan bosteko txikian kantatuz baino.

Inprobisatzaileek zaharragoei entzunda ikasi zuten inprobisatzen, intuitiboki; ez zien inork araurik irakatsi. Ia guztiak 60 urtetik gorakoak dira. Bada 40 urteren bueltan dabilen gazte bat, baina hortik beherakorik ez dago. Beste garai batzuetan izan ziren inprobisazio tailerrak, baina gaur egun ez dago halakorik. Bere kabuz inprobisatzen ikasi duten zenbait haur badaude, baina ez ditu mundu horrek erakartzen.

Troberoek sekulako memoria daukate, eta buruz ekartzen dituzte elkarrizketara aspaldi botatako bosteko txikiak. Bilketa lanik ez dute egin, ordea, eta haietako bat hiltzen den bakoitzean beste inork gogoratzen ez dituen milaka kopla galtzen dira berarekin.

Ez sortzaileek eta ez entzuleek, normalean, ez dute goi mailako ikasketarik. Komunikazioari dagokionez, oso zuzeneko mezuak ematen dituzte. Ulergarriak eta lirikotasunetik aparte daudenak. Poetikotasunez kantatzeko gai dira, baina mezu argiak hobesten dituzte. “Nahiago dute ojú, qué lejos está esto esatea me acongoja la lejanía de mi patria esatea baino”, dio Del Campok, adibide moduan.

Saioen antolaketa normalean data seinalatu batekin lotuta dago. Ezkontza, urtebetetzea… ospatzen duenak musikariak gonbidatzen ditu, eta, gutxienez, bi trobero. Otordu baten inguruan biltzen dira eta, giroa berotuta, musikariek hala erabakitzen dutenean revezo bat jaurtitzen dute (jotzen hasten dira). Horrekin batera troberoak kantari hasten dira 10-20 minutuko saioxkak eginez. Arratsaldean, 18:00etan, hasi daitezke saioak eta 03:00ak aldera bukatu. Badira, dena den, hiru egun iraun izan duten saioak ere.

Troberoei normalean ez zaie diruz ordaintzen, espeziatan baizik. Haiei deitzeko nolabaiteko harremana behar du antolatzaileak (laguna edo lagun baten laguna izan behar da) eta, horrenbestez, elkarrekiko zor moduko bat sortzen da. Elkarri laguntzen diote, auzolan bidez, edo janaria oparituz. Gehienera ere, bidaia gastuak ordaintzen zaizkie. Azken urteetan udalak hasi dira troberoei deitzen saioak antolatzeko. Kasu horietan, trobero bakoitzak herri bat ordezkatzen du eta kasu horietan, bai, ordaindu egiten diete.

Troberoak politikoki lerratuak egon ohi dira, baina ez denak alderdi bakarrarekin. Badira inprobisatzaile komunistak eta badira Francoren aldekoak ere. Elkarrekin kantatzen dute inongo arazorik gabe. Hala ere, historikoki boterearen (erlijiosoaren eta politikoaren) aurkako satira egiteko erabili izan da troboa, batez ere. 10.000 pertsonaren aurrean politikari jakin baten aurka sekulakoak bota izan dituzte, baita autoan ihesi joan ere…

 

Candiota, maisu handiena

Miguel Garcia Maldonado 1936an jaio zen. Candiota zen bere jaiotetxearen izena, eta handik hartu zuen ezizena. El niño de Candiota ezizena eman zioten zazpi urterekin inprobisatzen hasi zen haur hari eta, gaur egun, bera dute eredu trobero guztiek. Eztabaidaezina izan zen troberoentzat bere nagusitasuna. Duela bost urte zendu zen. Hil baino bi hilabete lehenago kantatu zuen honako bosteko txikia:

Si mi puerta no está abierta

y el estilo de mi voz

se acabó y no se despierta

perdona hermano por Dios

que no te abre la puerta

Berotegietako langile izan zen bizitza osoan zehar, eta, politikoki, Alderdi Komunistarekin lerratua egon zen. Familia txiroan sortua eta ikasketarik gabea izanik ere, oso gizon azkarra izan zen. Espasako entziklopedia zeukan etxean, erostea majo kosta zitzaiona, eta bere kasa ikasi zuen handik; baina baita literaturako klasiko handietatik ere.

Tradizio histrioniko bat badago troberoen artean eta Paco Mejia izeneko inprobisatzaile batek ordezkatzen du gaur egun. Candiotak tradizio horretatik urruntzeko ahalegina egin zuen. Hark sortutako kanonari begiratzen diote inprobisatzaileek gaur egun.

Hona hemen Candiotak, bosteko txikiak eta hamarrekoak erabiliz, bere buruari jarritako zenbait ale:

Yo soy aquel que no engaña

y a la cultura bendigo

repartiendo a toda España,

y como yo siembro trigo

nunca recojo cizaña.

Nunca tengo en la creencia

el pensar que mucho soy,

en este mundo que estoy

hay algo que me sentencia,

es poca mi resistencia

para esa potente mano

Que más tarde o más temprano

con el oculto misterio

me llevará al cementerio

a ser pasto del gusano.

Todos somos pecadores

en el mundo que vivimos,

no quiero ponerme flores

porque ninguno morimos

sin haber tenido errores.

Nuestro Padre universal

de sus hijos no se aparta,

si a un niño le da el final

es porque le hace falta

en el pueblo celestial.

Bizitzeko aholkuak izeneko sorta hau ere idatzi zuen:

En esta tierra sufrida

y de constante quebranto

no hay verdad más conocida,

y que en sí enseñe tanto,

como el libro de la vida

No vivas nunca envidiando

lo que otro vaya haciendo

que a donde estamos morando

cada cual va recogiendo

lo que en el surco va echando.