Bertso Udalekuak - BARRIA

Uztailaren 1ean hasi zen guretzat abentura, beste behin bertso udalekutara! Beti bezala, ni umeak baino akojonatuago. Nolakoak izango diren, ea arazorik izango dudan… Baina, bueno, gurea bezalako talde bat izateak lasaitasuna ematen zidan. 5 begirale eta zuzendari bat, guztiak arabarrak (nola ez!), eta kriston rollo ona gure artean. Barria leku berezia da berez, beste udalekuekin konpartitzen dugulako aterpetxea. Foru aldundietatik antolatutako udalekuen modelo berezia da. Horrela agertzen da foiletoetan: HIZKUNTZA: BERTSOLARITZA. Bi udaleku batera egoteagatik, lehenengo egunean beti egoten diraa despistatuak (ASKO): gure udalekukoak bestean, eta beste udalekukoak gurean.

Total, behin ume guztiak geneuzkala hasi ziren aurkezpenak, eta beti dago begirale graziositoren bat (kasu honetan Pastor jauna) bere izena esan beharrean beste bat asmatzen duena. Bueno, ba horrela begiraleak Maialen, Oier, Paula, Irati, Uxue (chief) eta LUIGI ginen. Bai, umeek edozer sinesten dutela konturatzen zaren momentuetako bat da hau. Bueno, bestalde, umeen izenak ikasteko zenbat komeria, guztiak (auskalo zergatik) “Garikoitz” deitzen hasi ginen begiraleok eta horrela ba bueno, nolabait kontrolatzen genituen. “Garikoitz” azken egunerako eminentzia bat bihurtu zen, eta bisita eta guzti egin zigun. Garikoitz marrazo urdin puzgarria. Enfin, esplikazio bat ematekotan bakarra okurritzen zait: bertso udalekuak direla.

Bertso udalekuak = bertsoak+tontakeriak+inprobisazioa, eta arabarrak izanda gainera, hori bider bi. Inprobisazioa nagusi beti, eta, nola ez, bertsolaritza tartekatuz. Bi gitarra eskuan eta giro ederra. Umeekin kantatzen saiatu eta errepertorio ederra: “lau teilatu” eta” negua joan da ta”-ren bukle infinitoa.

Agurainera egin genuen irteeratxoan egon zen abenturarentzat lekua. Arabar boloetan nola jolasten den ikasi (arabarrok autoktonoa erakusten, BETI), herri olinpiada bereziak, eta egon zen baten bat herritik patata bat soka bati lotuta paseatu zuena ere. Aguraingo historia ikasteko aukera ezin hobea izan zen, txapa handia ere bai, esan beharra dago. Kasualitatez 7 eguneko abentura honetan hau izan zen egun bakarra (!!) eguzkia egin zuena, beraz, igerilekura joatea derrigorrezkoa. Salto ikuskizun bat protagonizatu ostean, begirale guztiak leher eginda. Nahiko lan egiten dugu begiraleok egunak inprobisatzen, baina indarrak soberan ditugu gauetan umeei txantxa pare bat egiteko!

Kalitateko bertsolari batzuk ere etorri ziren gugana: Iratxe Ibarra, Egoitz Iradier eta Oihane Perea. Umeentzako saio itzela prestatu genuen, aurreko urteko udalekuan ez baikenuen gehiegi asmatu. Umeek bonba pasatu zuten, bertsolariek ez dakit eta aurkezle errusiarrek inork baino hobeto. Umeak haluzinatuta geratu ziren, gehienek bertsolaritzari buruz ezer edo oso gutxi zekitelako. Hori da Barriako arazoetako bat, ez dira bertso udaleku oso bertsolaristikoak, hastapenerako dira gehiago. Hala ere, beti dago ume espabilaturen bat bat-batean eta guzti egiten duena. Egia esanda, aurten nahiko bertso udalekua izan da. Edo udaleku folklorikoa: euskal dantzak, bertsoak, pack konpletoa.

Euskara izaten da askotan arazoa, askok ez dute egunerokotasun baten barruan erabiltzen, baina ahalegina egiten ikusteak bete egiten gaitu begiraleok. Euskaraz gutxien egiten zuenarentzat ere aurrerapen handia zela ikus zitekeen, eta buruz ikasitako bertsoak botatzera ere ausartzen ziren batzuk. Horrelako proiektu baten parte izateak pertsonalki betetzen zaitu, eta gure inguruaz asko ikasten dugu.

Badago momentu bat pertsonalki asko gustatzen zaidana. Lehenengo egunean lagun ezkutua egin behar dugula azaltzen diegu umeei, eta papertxoak banatu. Gauza da bakoitzak beste bati oparitxo bat egitea: eskuz egindakoa, bertso bat… Benetan harrigarria iruditzen zait zein ilusiorekin hartzen duten. Gogoratzen dut haien adinarekin ez zitzaidalako horrelako gauzak egitea gustatzen. Beti daukat, begirale bezala, beldur bat umeren batek tokatu zaionari oparia ez egitearena. Baina ez da inoiz gertatu. Eta benetan pozten nauen zerbait da. Azken egunerako plan ideala da: bakoitza bere etxera doa bere opari/oroitzapenarekin. Opariak ematerakoan gertatzen den momentua magikoa iruditzen zait. Besteari gustatuko zaion duda aurpegiak, guztien aurrean oparia emateak ematen duen lotsa, gustatu zaiola ikustean hartzen den lasaitua… Ikaragarria da.

Udaleku bakoitzak badu bere berezitasuna, baina bertso udalekuak berezitasun horren barruan badauka beste berezitasun magiko bat. Ezin dut hitzez azaldu. Onena bertso udalekuetara etorri eta probatzea!

Paula Amilburu Izargarai