Iturengo arotza. Santuak gurtu... eta santuak urtu?
Adituek diote haurtzaroan barneratzen ditugun jarrera, emozio, jokamolde eta bestelako hamaika faktore gure barnean daramatzagula, hein handi batean, bizi osoan zehar. Kantuekin ere antzeko zerbait gertatzen dela ere esan daiteke, umetan ikasi eta abestutako kantuak garunean iltzatuta geratzen baitzaizkigu. Horietako bat da, ezbairik gabe, Iturengo arotza.
Iturengo arotza –
Sarritan uztartu izan ditugu hemen bertsoak eta krimenak. Kasu honetan “krimena” dela esan genezake, kakotx artean, nahiz eta santuak joareak egiteko urtzea ez zen bekatu txikia izango garai hartako gizartean, are gutxiago elizgizonentzat. Ezagutu dezagun nor zen Iturengo Arotza. Ezagutu dezagun Erramun Joakin Sunbil.

1960ko hamarkadako berpizkundearen baitan eta Ez dok amairu kultur mugimendu abangoardistaren gerizan, zenbait bertso zahar ahanzturatik erreskatatzen aritu zen Mikel Laboa. 1964an kaleratu zuen bere lehen albuma, Lau herri kanta, tartean Goizuetan. Bi urte geroago Ursuako kantak bildumak ikusi zuen argia, eta hemen sartu zuen Ituringo arotza. Goizuetan eta Ituringo arotza abestiek, ezberdintasunak ezberdintasun, gai bera dute hizpide. Lehenengoan Joxe Etxegaraik (Joseph de Etchagarai, a.k.a. Berdabio) eta haren taldekideek elizetatik material baliotsuez eginiko piezak lapurtu eta urtu egiten zituzten, diru faltsua egiteko (Trabukoren kantako misterioak, Patziku Perurena, Bertsolari aldizkariaren 134. alea, 2024ko uda). Erramun Joakinek berdina egin zuen, baina joareak egiteko. Antzekotasun kurioso bat nabarmentze aldera, aipagarria da Erramun Joakin Iturengo Berdabioa etxekoa zela.
Berdabioa etxea, lehen eta orain
Etxe horretan sortu zen gure protagonista 1755eko azaroaren 6an. Bertakoa zen aita, Joaquim Francisco Sunbil, 1741ean Ezkurrako Maria Josepha Tellechearekin ezkondua, eta bost seme-alaba izan zituzten: Maria Antonia, Jose Joaquim, Maria Joaquina, Erramun Joakin eta Maria Fermina. Ama hil egin zen, eta Joaquim Francisco berriz ezkondu zen, beste alargun batekin oraingoan, Iturengo Migelenea etxeko Maria Asencia Labaienekin. Honek bazuen alaba bat, Maria Manuela Goizueta Labaien, amarekin Berdabioara lekualdatu zena. Ezkontza klausuletan, besteak beste, honakoa zehaztu zuten: Joaquim Franciscok oinordeko izendatzen zuena Maria Manuelarekin ezkondu beharko zen. Baina Berdabioako nagusiak, azkenean, ez zuen bere hitza bete, eta Ameriketara ospa egin zuen bere alaba Maria Antonia oinordeko izendatuta. Dirudienez itsasoz bestalde hil zen.
Erramun Joakin 1777an ezkondu zen Joana Mari Ezpondarekin, Donamarian. Sei seme-alaba izan zituzten, guztiak Iturenen: Juan Martin (1778-07-30), Juan Tomas (1780-12-20), Joan Jose (1783-10-02), Maria Micaela (1786-05-07), Maria Joaquina Josepha (1788-10-16) eta Joaquina Antonia (1791-01-21). Joana Mari 1806ko azaroan hil zen, eta bi hilabete eskasen buruan berriz ezkondu zen Erramun Joakin, Iturengo Maria Josefa Ayoroarekin. Honekin ez zuen seme-alabarik izan, eta Joanperitzenea etxean bizi izan ziren.

Agian, honaino iritsi den irakurleak galdetuko du zergatik jaso ditugun seme-alaben, ezkontzen eta etxeen bueltako hainbeste xehetasun. Bada. Erramun Joakin tartean izan zen alimaleko iskanbila bat ulertarazteko. Bertsoak ere tokia izan zuen xextra hartan, baina tamalez bertan abestu ziren koplak ez ziren agirietan jaso. Lehen aipatu dugun gisan, Erramunen aitak bere ezkontza kontratuko klausula bat bertan behera utzi zuen, hain zuzen ere Berdabioako oinordekoa bere bigarren emaztearen alabarekin ezkontzea, Maria Manuelarekin. Horrek, noski, ez zien grazia zipitzik ere egin alargunari eta bere alabari.
Honela jaso zituen ika-mikaren nondik norakoak Andres Iñigo Ariztegik (Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra (CEEN), 95, 2021, 209-226).
“Pentsatzekoa da arotzaren aitak, testamentuaren bidez, bigarren ezkontzako klausula hura baliorik gabe uztea izanen zela, segur aski ere, herriko plazan gertatutako istiluaren motiboa, Erramun Joakinen eta Maria Manuelaren artean gertatutako iskanbilarena, alegia: Maria Manuelak, egun batean, goizeko hamaikak eta hamabiak bitartean, Iturengo plazan jende guziaren aitzinean Joana Mari Ezpondaren kontrako hitz iraingarriak zituen koplak kantatu zituen. Kopla horiek, bertzeak bertze, Joana Mari Ezponda donamariarrak, Erramun Joakinekin ezkondu baino lehenago, bertze gizon batekin sexu harremanak izan zituela omen zioten. Hura entzutean, Erramun Joakinek harri bat bota zion Maria Manuelari eta, aldi berean, aitortu zuen bere emazteak, Joana Marik, izandako harremanak ezagunak zirela, baina Maria Manuelari aurpegiratu zion honek izandakoak isilpean bazeuden ere, aski agerian geratuko zirela Ultzamako Lizaso herriko Antsorenea etxeko lurzoruak hitz egiterik izanen balu. Joana Mari ere erabat mindu zen entzundakoaz eta, istiluan parte hartuz, Maria Manuelari gitana ‘ijitua’ eta morena ‘beltza’ deitu zion. Hori aski ez zela, azken honen amak, Maria Asenciak alegia, iskanbila hura oraindik gehiago harrotu zuen, denen aitzinean erranez Joana Marik Iturendik kanporatzea merezi zuela, Donamariako zenbait pertsona fidagarriri entzuna ziolako herri hartara Iruñetik joandako soldadu guziekin sexu harremanak izan zituela eta, gainera, haietako batengandik dotea ere jaso izan zuela.
Bai Maria Manuelak kantatutako koplengatik, bai Maria Asenciak errandako hitzengatik, Erramun Joakinek eta bere emazteak, erabat erreminduta, ama-alabak auzitara eraman nahi izan zituzten kereila kriminal baten bidez, baina zenbaiten aholkuari kasu eginez, bide hori hartzeari uko egin zioten. Azkenean, elkarri bakea eskatu eta adiskidetasun akordioko agiria onartu zuten. Onartu diogu, ez sinatu, lauretatik bakar batek ere sinatzen ez zekienez gero, haien izenean bertze bi lekukok, Juan Miguel Perochena eta Juan Bauptista Garbiso jaunek, izenpetu behar izan zutelako”.
Erramun Joakin 1812an joan zen Montevideora, bere aitak han zuen etxe bateko errentak iristen ez zitzaizkiola eta. Joan aurretik testamentua egin zuen, eta bertan zehaztuta utzi, bera hilez gero eta etxearen salmentaren ordaina iritsiz gero, nola banatu behar zen. Besteak beste, aitortu zuen bi ezkontzetatik kanpo beste ume bat izan zuela, eta hari 400 peso utzi zizkion. 1.000 peso (5.000 pezeta) Iturengo parrokiari utzi zizkion, lehenik bere senide pobreei eta, ondoren, herriko gainerako behartsuen artean banatzeko. Egunen batean iritsi zen diru hori eta herrian fundazio bat sortu zen donazioa kudeatzeko.
Erramun Joakin Sunbil Montevideon hil zen, Uruguain, 1821eko urriaren 8an.

Bere bizitzako hainbat datu gorde dira, beraz, erregistroetan. Baina ez dago inongo agiririk Erramunek santuak lapurtu eta urtu egin zituela esaten duenik, edo Ariztegik berak ez ditu bere ikerketan zehar topatu ahal izan, bederen (ez Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko Notarioen Protokoloen eta Prozesuen sailetan, ez Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboan, ez Iturengo eta Donamariako udaletxeetako artxiboetan, ez eta Urrozko Parrokiako Artxiboan ere, Eustakio Elizalde bertako erretore jaunak egiaztatu zionez). Garaiari buruz pista bat ematen duen bertso bakarra seigarren ahapaldikoa da, izenez aipatzen baita Joana Mari, hau da, bere lehen emaztea (seigarren bertso hau Fermin Ixurkok jaso zuen Joxe Mari Urrozengandik, eta 1972an argitara eman Principe de Viana aldizkariaren 71. zenbakiko euskarazko osagarrian). Joana Mari eta Erramun 1777an ezkondu ziren, eta Joana Mari 1806an hil zen; beraz, gertaerak, derrigorrez, denbora tarte horretan izan ziren.
Arraroa da eliza edo ermita batean eginiko lapurreta bati buruzko agiririk ez egotea, kontuan izanda askoz ere afera arinagoen berri ematen dela erregistroetan. Ariztegik aipatzen du garai hartako burdindegi garrantzitsuenetako bat Donamarian zela, eta Erramun eta Joana Mari ezkondu zirenean bertan bizi zirela. Beraz, arotz lana (“arotz” hitza nafarreran ez baita zurgin, baizik eta errementari) ziurrenik Donamarian egingo zuen, eta, menturaz, bertan jazo ahal izan ziren bertsoetako gertakizunak. Ariztegik hipotesi interesgarri bat ere jartzen du mahai gainean: Urroz herrian bazen San Kristobal izeneko ermita bat, baina ez du santu horren irudirik, San Antoniorena (egungo izena) eta San Migelena baizik. Zergatik? Bertan al zegoen San Kristobalen kobrezko irudi bat? Adituek diotenez santuak pastaz edo zurez eginak izan ohi ziren, eta arrunt arraroa litzateke kobrezko santuren bat izatea inguru horretan.
Eta guztia arrebaordearen asmakizuna izan balitz, anaiordearen eta haren emaztearen ohorea zikintzeko? Erramuni egotzi zitzaiona egia edo gezurra izan, ziurra dena zera da, egin zituen dohaintzekin bere izena garbitzen saiatu zela.
Galdera asko eta erantzun gutxi, tamalez. Bertsoei dagokienez, eta Ariztegik berak baieztatzen duenez, han-hemenka agertutako letrak “nahiko eklektikoak” dira, eta berak, ustez fidagarrienak jaso ditu, egungo ortografiara egokituz. Asko dira Iturengo Arotzaren kantua abestu dutenak: Mikel Laboa, Oskarbi, Urria taldea, Oskorri…
Agian belarria zorroztuz gero Iturengo inauterietan joareetako baten durunda hotsari santu melodia igarri ahalko diozu.

Iturengo arotza Erramun Joakin,
haserre omen zaude, zeren dugun jakin,
santurik ez daiteke fiatu zurekin,
San Kristobal urtuta joareak egin.
Arotzak erran dio bere andreari:
urtu behar dinagu, ekarran santu hori.
Gizona hago isilik! Bekatu duk hori,
Ez zionagu erranen sekulan inori.
Ittungo joare egile Ramuntxo Joakin,
haserre omen zaude, zeren dudan jakin,
konfesa zaitez ongi erretorarekin,
ez dute zer fidatu santuek zurekin.
Kobrezko santurikan inon bazarete,
egoten ahal zarete hemendik aparte,
baldin arotz horiek jakiten badute,
joareak egiteko urtuko zaituzte.
Elizako serorak, ermitauak ere,
bakoitza zuen tokitan egon zaitez(te) erne,
bertzela arotz horiek jakiten badute,
elizako santuak ihes joanen dire.
Arotzak erran dio bere andreari:
Begira zaion ongi joare multzoari,
soinuan bilatuta denak zeuden ongi,
koinatak ez bagindu saldu, Joana Mari.
*Informazio iturria: Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra (CEEN), 95, 2021, 209-226. Andres Iñigo Ariztegi