[Muatzeko desgrazia II] Juan Mari Zubizarreta, Etxeberritxo

2022-09-22

Juan Mari Zubizarreta, Etxeberritxo –

Testua: Beñat Hach Embarek Irizar

 

Juan Mari Zubizarreta, EtxeberritxoAuspoa argitaletxeak bertsolari azkoitiarraren inguruko liburua publikatu zuen 1969an, Antonio Zavalaren eskutik, eta bertan luze eta zabal hitz egiten da Etxeberritxoren bizitzaz.

Juan Mari Zubizarreta Larrañaga 1855eko maiatzaren 15ean jaio zen Azkoitiko Etxeberritxo baserrian. 24 urterekin ezkondu zen eta bederatzi seme-alabaren aita izan zen.

Udarregi Azkoitira hurbildu zen batean, Etxeberritxorekin jardun zen bertsotan. Aiako bertsolariak esan omen zion Goierri aldean ez zuela bere parekorik, eta hurbiltzeko kostaldera bertsotara, Gipuzkoako onena jarriko zela eta. Baina Etxeberritxok ez zion kasurik egin, eta ez zen kantuan ibili herriz herri; bertsopaperetan zentratu zen, eta ondare handia utzi zuen bertso idatzietan.

 

Juan Mari Zubizarreta, Etxeberritxo

 

Etxeberritxo, ordea, bere garaiko beste asko bezala, eskolatu gabea zen (azkenerako irakurtzen ikasi omen zuen), eta laguntza behar izaten zuen bertsoak idazteko. Azkoitia alpargatagintzaren plaza garrantzitsua izan zen, eta lan horretan jarduten zen bertsolaria etxekoekin. Familia osoa horretan ari zen bitartean bururatzen zitzaizkion bertsoak etxekoei abesten zizkien, haiek ere ikas zitzaten. Hurrena, San Martin deitzen zioten gizon bat etorrarazten zuen etxera, berak bertsoak abestu eta hark paperean idatz zitzan. Paper horrekin, gero, Santa Klarako komentura joaten zen, eta bertako apaizek bertsoei oniritzia eman ondoren, Azpeitiko inprentara eramaten zituen.

Inprentatik bertsopaperak jaso eta inguruetako herrietara joaten zen saltzera: Zumarraga, Elgoibar, Zestoa, Zumaia… baina batez ere, eta lantzen gabiltzan kasu zehatzean gertatu zen bezala, Azpeitira jotzen zuen. Alpargatak egiteak ez zuen etxeko hamaika sabelak asetzeko lain ematen, eta horregatik aritzen zen zeregin hauetan.

Gazterik hil zen, 50 urte gordinekin. 1905eko uztailaren 22an zendu zen, eta horrela idatzi zituen Zavalak bere heriotzaren nondik norakoak:

“Uztaren larunbata batean, ibaiean ondarretan aritu zan, ta eguzkiak burua pasatu zion. Emaztea Zarautz’en zan, ta andik etxera etorri zanean, bere gizona oiean arkitu zuan. Onela esan zion:

—Ai, Etxeberri, Etxeberri! Zu sapatu-illuntzean oiean?

Andreak bereala antzeman zion, beraz, atarramentu onik etzuala. Gisa ontako beste esaera batez ere oroitzen dira semeak. Onela esan omen zion emazteak:

—Etxeberri, zigarro bat erretzeko gogorik bai?

—Ez, Anttoni!

Ta onek orduan:

—Ai, Etxeberri, Etxeberri! Etzaude zu ederki zigarroa ere erre nai ez dezunean!

Oso erre-zalea baitzan. Zoritxarrez, andrearen errezeloak egitazkoak gertatu ziran. Esan degun bezela, larunbata-arratsaldean gaixotu zan, ta asteazkenean gorputzik zegoan…”.

Zavalak Zubizarretaz kaleratutako liburuan azkoitiarraren bertso asko jaso zituen; tartean, jarraian datorrena. 48 urte zituenean idatzi zuela dio, 1903an, beraz. Bertsopapera Ormaiztegiko Etxaburu baserriko Bixente Mujikak Ezkioko baserri batean jasoa dela zehazten du Zavalak. Agerikoa da Etxeberritxo larre motzekoa zela, eta ederra da nola ematen duen bertsopaper honetan bere miserien berri.

 

Juan Mari Zubizarreta, Etxeberritxo

Etxeberritxo baserria 2013an. Arg: Jose Luis Arrieta

 

BERTSO BERRIAK ZUBIZARRETAK BERE BIZIMODUARI JARRIAK

 

1/  Zubizarreta’k kasoak

agertu nai ditu,
gusto dubenik bada
ondo aditu:

berrogei eta zortzi

urtiak kunplitu,

kontaduri ederra

milloiak banitu;

dietak segitu,

bearko sufritu,

mamiak urritu,

indarrez txurritu;

miseriak bajeza

oiek baditu.

 

2/  Ogei ta lau urtetan

nintzan ezkonduba,

pamelia azten ge-

roz egonduba;

ta interesan ere

ez naiz gallenduba,

pobrien artxibuan

nere zimenduba;

ondo mantenduba,

arto lizunduba,

ogi usanduba,

esnia minduba…

orra nolakua dan

nere munduba!

 

3/  Aberatsak jateko

kapoien iztarrak,

eltzietako saldak

ditu izarrak;

legatz eta bixigu,

txuleta ederrak,

neretzako ez dira

mendiko eperrak;

miseriak gerrak,

janariak txarrak,

pobrien negarrak,

lan egin bearrak…

sujetatuak daude

nere indarrak!

 

4/  Pobrien mantenua

ez da asko kostatzen,

gauza bastua merke

gera pasatzen;

sardiña zarrak ere

asi aumentatzen,

diruba pagatuta

ditugu ekartzen;

ezurrak txupatzen,

ezpañak urratzen,

gerade saiatzen,

ez det nik ukatzen;

ondo janda ez gera

asko gizentzen!

 

5/ Zortzi ume ditugu,

familia fiña,

trabajua jateko

sortu eziña;

guzientzako ez da

munduba berdiña;

goizian porru-salda,

gaubian jakiña:

ondo irakegiña,

aparra egiña,

andriak koziña;

postrian sardiña;

ondo izan nai nuke

ezin det baiña!

 

6/  Nere ofiziua

alpargata josten,

saiatutzen gerade

aulki ta ezten;

jornal andirik ere

ez dute ematen:

sei ta erdi ta zazpi

igez eta aurten;

egiak esaten,

gutxi irabazten,

ez degu izaten,

miseria jaten;

aberastuko gera

alakoen baten!

 

7/  Alprajeta jositzen

beti ez lanikan,

bertsuak saldutzera

joan etxetikan;

gauza ona zabalduta

dirubagatikan,

sekula ez det izango

orren damurikan;

ta eskandalorikan
iñun emanikan

ez det oraindikan

nere partetikan;

konzientzia libre
daukat ortikan.

 

8/  Arropa berririkan

ez degu soñetan,

aiziak korritzen du

zarpa-zuluetan;

asko sufritzen degu

guk mundu onetan;

abundantzia gutxi

paper ta kobretan,

urre-zillarretan;

daude auzuetan,

palta sakeletan,

aspaldi onetan;

Zubizarreta dabill
beti zorretan.

 

9/ Ogei urte egiñak

traje bi berriak,

oraiñ estu ez dira

orduko neurriak;

Paris’tikan etziran

oiek ekarriak,

asto-illez egiñak,

zer edergarriak!

kolorez gorriak,

konsolagarriak,

lujuan txurriak,

gaude igarriak;

orra nere prenda es-

timagarriak!

 

10/ Oial pieza eder bat

nabil erosteko,

asko bear familia

ondo jazteko;

andreak ere diyo

ez arren uzteko,

bere poltsa zimurra

ez dala ustuko;

zerbait asteko,

gerade poztuko,

ez gera aztuko,

ain gutxi oztuko;

sastriak ere pozak

daude josteko.

 

11/ Pieza eder orrekin

asi naiz  tratatzen,

andriak kantidadez

ez dala allegatzen;

txit gauza utsarekin

gera konsolatzen,

mudantza izan degu,

asi naiz tristetzen:

oiala Paris’en,

diruba Londres’en

konfiantza Cádiz’en,

gu nola gabiltzen…

ortzak erakutsita

ez da pagatzen!

 

12/ Andriak neretzako

dauka erasua,

kulparikan gabe ez

da gustosua;

errieta egitia

beti prezisua,
pobrien izatia

oso penosua;

ori erosua,

jenio sosua,

itzez garbosua,

mingaiñ aidosua;

iñor utsik jateko

ez dabill gozua.

 

13/ Anaia zarragua

etxian zan jarri,

basarritik “kalea

nintzan etorri;

dote aundirik ere

ez nuan ekarri,

oraiñ nola nabillen

esango det sarri:

estu eta larri,

gose ta egarri,

tximutx eta zorri,

entretenigarri…

Zubizarreta dabill

txit errukarri!

 

14/ Zartzaren bajezak

ditugu jakiñak,

asko ikusten dira

kalbua egiñak,

eta beste batzuek

bizarrak urdiñak;

nik ere falta ditut

ortz eta agiñak,

etziraden fiñak,

ateratzen miñak,

sanuak ezpañak,

maskatu eziñak;

nigandik libre daude

fruta gordiñak!

 

15/  Amaika aldiz juan naiz

bertsuak sa1tzera,

familiak jateko zer-

bait ekartzera;

lapur-bildurrik gabe

sarritan atzera,

diruba ondotxorekin

igual etxera;

deskantsatutzera,

zorrak pagatzera,

kantuz nekatzera,

txarra da zartzera,

oraiñ erretiruba

nua artzera.

 

16/  Disponituba nintzan

bertsuak jartzeko,

bederatzi puntuan

kantatutzeko;

neurtuba izango naiz,

inporta etzako,

azkenengo salida

au da neretzako:

gazte oientzako

broma pasatzeko,

dirua biltzeko,

papera saltzeko,

iñor erostunikan

bada artzeko.

 

Tripazorriak entzuten eta gorriak eta bi ikusten ohituak zeuden Etxeberritxokoak, baina Muatzeko Joxe Frantzisko Tejeriaren heriotzaren ondoren, jango zuten kapoi izterren bat edo beste.

Exekuzioaren lekuko izan zen Etxeberritxo. Bertsoak jarri eta inprentara eraman zituen. Eta hurrena egokitu zen Azpeitiko azoka egunean, hantxe agertu zen Zubizarreta, “sei mila” bertsopaper besazpian hartuta eta bi semeren laguntzarekin: 20 urteko Rikardo, eta 12 urteko Antonio. Azpeitiko kale bazterren batean jarri eta bertsoak abesten hasi ziren: Etxeberritxo baxutik, Rikardo tenor bozean eta Antonio tiplean. Jendeak erruz erosi zituen azkoitiarraren bertsopaperak. Txakur handi batean saltzen zuen bakoitza, eta bakar bat ere gabe itzuli ziren etxera.

Juan Mari Zubizarreta, Etxeberritxo Juan Mari Zubizarreta, Etxeberritxo Juan Mari Zubizarreta, Etxeberritxo Juan Mari Zubizarreta, Etxeberritxo Juan Mari Zubizarreta, Etxeberritxo Juan Mari Zubizarreta, Etxeberritxo Juan Mari Zubizarreta, Etxeberritxo Juan Mari Zubizarreta, Etxeberritxo Juan Mari Zubizarreta, Etxeberritxo Juan Mari Zubizarreta, Etxeberritxo