[Muatzeko desgrazia I] Garia eta odola

Garia eta odola –

1898. urteko uda. Euskal Herriak ez du forurik, eta Sabino Arana eta beste zenbait lagun foruzale izatetik abertzale izatera igaro dira. Euskaldunak ez dira soldaduskatik libratzen, beraz, ez bada Marokoko mendietan Kubako oihanetan hiltzen dituzte ehunka. Milaka dira patu horretatik ihesi kontinente amerikarrera ospa egindakoak. Athletic Klub izeneko talde bat sortu dute Bilbon, baloi bati ostikoak ematean datzan kirol baten bueltan. Baina hori guztia gertatu ala ez, uda garaian gari jotzea tokatzen zen.

 

Garia eta odola
Iturriozko benta. Arg: Antton Gomez

 

Urtebete lehenago hil zuten Canovas “pikaro gaizki eziya”. “Galdu zituen gari zelaiak”, esan zion Txirritak agintariaren alargunari, ez arrazoi gabe. Arestian aipatutako kontuak tarteko beso gutxiago ari ziren lanean Iturriozko bentako gari jotzean. Canovasek gari zelaiak galdu bazituen zilegi bekit gari zelaietan galtzeko lizentzia hartzea paragrafo pare batez.

Toki berezia baita Iturriotz, zinez. Aia, Asteasu, Larraul eta Errezil herriak mugatzen ditu Ernioren magaleko gune honek, eta XVI. mendearen amaieran eraiki zuten bertako benta. Jende askok hartu zuen babesa bere estalpean, garai batean bertatik igarotzen baitzen Donostia eta Hernani lotzen zituen antzinako bidea, eta, gainera, kostaldea eta barrualdea lotzen zituen bidearen bidegurutzean zegoen. Bisitari “ilustre” batek hartu zuen aterpe bertan 1535eko abuztuan, Paristik Loiolarako bidean: Loiolako Inaziok. Tokiko Aiurri hedabideak dioenez “anonimoki eta batere zaratarik egin gabe etorri eta joan omen zen, baina garaiko bizilagunen artean izugarrizko oihartzuna izan zuen gertaera hark eta efemerideak aparteko sona eman zion bentari”. Orduz geroztik jesuiten konpainiaren sortzaileak lo egin zuen gela itxita mantendu dute, eta soilik urtean behin zabaltzen dute garbiketarako. Nafarroa okupatzearekin nahikoa ez eta behin erabili zuen gela betirako okupatu zuen “gure patroi handiak”.

 

Garia eta odola
Aiako Laurgain auzoa XX. mende hasieran. Arg: Indalecio Ojanguren

 

Muatz baserria Iturriozko bentatik oso hurbil dago. Kuriositate gisa aipa daiteke Bernado Atxagaren Obabakoak liburuko Post tenebras spero lucem kapituluan bi pertsonaia nagusi agertzen direla: maistra eta Mugatseko morroi txikia. Nevadako Egunak liburuan ere agertzen da Mugats. Mugats izen hori, aidanez, “toki ilun eta aldrebesa” da Asteasu aldekoentzat.  Hitzek beren zentzua gordetzen dutenik ezin uka.

Banator bueltan gari zelaietatik bidera, Antonio Zavala lagun, berak bildu baitzituen argibideak aitona-amonen ahotik eta garaiko periodikoetatik.

1898ko uda da, eta inguruko baserritar jendea gari jotzen dabil Iturriozko bentan. Ilunabarrean bake santua aldenik alde urratzen du eskopeta tiro batek. Eztanda zetorren ingurura begiratzen jarri eta gizon bat ikusi omen zuten basoan ezkutatzen, baina, iluntzen hasia zenez, ez zuten ezer argirik ikusi izan. Hurbildu ziren hara, bada, eta ez zen txikia izan hartu zuten sorpresa lurrean Muatzeko nagusiarekin topo egin zutenean, odol putzu batean itota. Baina gizonak ez zuen azken hatsa eman oraindik, eta ondo baino hobeto prestatuta zeuzkan bere hondarreko hiru hitzak: “Semeak galdu nau”.

 

Semea, Joxe Frantzisko Tejeria, Donostira alde egina zen, bere krimena zuritzeko aitzakia izate aldera, ziotenez. Sebastopol ostatuan hartu zuen aterpe. Honakoa galdetu zion ostalariari:

—Inor nire galdez baldin badator, esango al diozu nik hemen bi egun pasa ditudala?

Eta etxekoandreak honela erantzun omen zion:

—Inori hortik kalterik ez badatorkio, bai.

 

Garia eta odola
Donostiako San Martin auzoa, 1870. urtean. Irudia garaiko epaitegien orubetik dago hartuta. Lehenengo planoan Sebastopol ostatua; atzealdean, Kursaal (Londres) hotela, eraikuntza lanetan)

 

 

Guardia zibilak heldu ziren nola edo hala ostatu hartara, eta Joxe Frantzisko atxilotu zuten. Hasieran, dena ukatu zuen epaileen aurrean, baina, azkenean, guztia aitortu omen zuen (batek daki txapelokerrek zerikusirik izan zuten iritzi aldaketan). Muatzeko semea Azpeitiko espetxean giltzapetu zuten, eta tarteka etxekoek eramaten zioten jatekoa. Emazteak, behin, erretako artaburu bat eraman zion, burdina dosi handiarekin. Kartzelazainak zarata bat entzun zuen erronda egiten ari zen bitartean… Tejeriaren zelda zabaldu eta han ari zen koitadua, lima batekin barroteak moztu nahian. Familiakoak zain zeuzkan bidegurutze batean, kartzelatik Loiola aldera joanda berrehun metrora. Aita hil, eta hala ere familiak lagundu. Kuriosoa.

Pasadizo horren ondoren Donostiara eraman zuten. Bertan eman zioten epaiaren berri: heriotza zigorra ezarriko ziotela urtebeteren buruan.

1900. urteko urtarrilaren 14an Tejeria kotxe batean sartu eta Donostiatik Azpeitira eraman zuten. Espetxealdian jarrera ona izan zuenez, hatz lodiak besterik ez omen zizkioten lotu. 15eko goizean jakinarazi zioten sententzia hurrengo egunean ezarriko ziotela, goizeko 8etan, baita publiko aurrean ezarri ere.

Hil aurreko eguna kaperan igaro zuen, Loiolako aita Aizpuruaren konpainian. Tejeriak eskatu zuen apaiz horren presentzia, eta harekin konfesatu eta prestatu zen heriotzarako.

 

Garia eta odola
Ramon Casa, 1984, Garrote doilorra

 

Heriotzaren ikuskizuna

Exekuzioaren albistea lau haizetara zabaldu baitzen amen batean. Urtarrilaren 16ko goizean jendez mukuru zeuden inguruak, nahiz eta euri zaparrada itzela izan. Garaiko egunkariek diote sei mila lagun inguru hurbildu zirela Azpeitira, eta bezperatik ostatu guztiak beteta zeudela, eta taberna batzuk gau guztian izan zituztela zabalik. Urkamendia Perdillegin jarri zuten, egun institutua dagoen tontortxoan, eta inguruko zelaiak eta soroak leporaino bete ziren.

Zehaztutako orduan igo zuten Tejeria urkamendira. Via Crucis izeneko kofradiako bi kidek heltzen zioten alde banatatik, eta atzetik hiru apaiz: Beloki (Azpeitiko koadjutorea), eta Loiolako aita Olasagasti eta aita Aizpurua. Urkamendiko eskailerak igotzen zorabiatu egin zen Tejeria.

Eta orduan, Zavalaren ustez  “inork uste ez zuena” gertatu zen: Aizpurua publikoari zuzendu zitzaion. “Inork uste ez zuena”… nola geldituko da ba isilik apaiz bat 6.000 lagun muturraren aurrean izanda? Hori ezinezkoa da, mesedez, izan gaitezen serioak.

Bueno, kontua da krimen horren harira zabaldu zela Tejeriak aita hiltzearen motiboa bere emaztea bortxatu izana zela. Aizpuruak hori gezurtatu egin zuen jendaurrean, eta Tejeriak baieztatu ziola guztia diru kontuengatik izan zela. Hiltzera zihoan lagunarentzat barkazioa eta orazio bat eskatu zituen. Baina hori bai, Tejeriaren emazteak ez zuen epaiketan deklaratzeko eskubiderik izan; denak mintzatu ziren berari buruz, baina inork ez zion ezer galdetu.

Borreroak garrotea emateko erabiltzen den burdinazko uztaia jarri zion Muatzekoari. Inon zehazten ez den arren, ziurrenik Anatole Mayoral burgostarra izango zen, Espainiako estatu osoan hiru besterik ez baitzeuden, eta bera zen gertuenekoa. Belokik hasiera emanda, jendeak kredoa errezatu zuen, eta borreroak bere lana amaitua zuen otoitza bukatu aitzin. Gipuzkoan metodo horren bidez eraildako azken pertsona izan zen.

Gorpua kartzela aurrean zintzilikatu zuten, handik pasa behar zutenen beldurgarri.

 

Garia eta odola

 

Bertsopaperak, urkabe kantak eta exekuzio publikoak

Mendeetan zehar botereak atsegin izan ditu zigor publikoak, eredugarri zirelakoan: monarkia eta aristokrazietatik hasi, inkisizioarekin segi eta estatuarekin amaitu.

Pio Barojak honako gogoeta utzi zuen bere biografian: “Iruñean jaso nuen inpresiorik handienetako bat, etxe aurretik exekutatzera zeramaten preso bat pasatzen ikustean. (…) Arratsaldean, jakin-minez beterik, garrotatua oraindik ere patibuloan zegoela jakinik, hura ikustera joan nintzen, bakarrik, eta gertutik begira egon nintzaion, baina gauean etxera bueltatzean ezin izan nuen lorik egin» (A.I., Heriotza ikuskizun, Berria).

Dena den, momenturen batean boteretik ez zaio jada probetxurik ikusten zigor molde horri eta, pixkanaka, alboratu egiten da. Esaterako, 1915eko ekainaren 8an, Iruñean hau ere, Juan Gaston exekutatu zuten, Donibane Lohizuneko baserri batean bi anaia hil eta andre bat zauritzea egotzita. Garaiko prentsaren arabera exekuzio eguna dolu eguna izan zen, eta, hori kontuan izanda, ikuskizun publikorik gabe kendu zioten bizia.

Aipatzekoa da, baita ere, 1925eko otsailaren 2an Berueteko hiru anaia exekutatu zituztela Iruñeko kartzelan: Bernardo, Juan Martin eta Joxe Goñi. Heriotzaren egunean hiri buruzagian antolatuta zeuden emanaldi guztiak bertan behera geratu ziren. Festa giroko ikuskizun publikoak dolu egun bihurtzen hasiak ziren oroimen kolektiboan.

Joxe Frantzisko Tejeriaren kasuak ere izan zuen dolutik. Lehenik eta behin, etxekoena, agerikoa baitzen kalean eta bizirik nahi zutela, eta senideari ihes egiteko laguntza ematera iritsi zirela, horrek haien bizkar ekar zezakeenaz jakitun. Bestalde, azpimarratzekoa da, halaber, Azpeitiko udalak, Gipuzkoako Aldundiak hala aholkatuta, batzar berezian bildu eta Espainiako Maria Kristina erreginari indultua eskatu ziola Muatzekoarentzat.

 

Garia eta odola
Azpeitiko kartzela zaharra. Imanol Eliasen fondoa

 

Baina izan zen exekuzio publikoa defendatu eta, are gehiago, bertara joateko deialdia zabaldu zuenik ere. Agustin Jauregi sermoilari eta idazleak fermuki aholkatu zien igandeko mezan guraso azpeitiarrei seme-alabak heriotzaren ikuskizuna ikustera eramateko, “zigorraren legea zer den kolpetik ikasiko zutela eta”. (Loiolarik ez balitz, Iñigo Aranberri eta Jose Luis Otamendi)

Indarraren monopolioa noren eskuetan zetzan argi uztea, ordea, ez zen hor amaitzen. Ez zen aski zigorra ezartzearekin: zigorra ikusi egin behar zuten ahalik eta herritar gehienek, bai, baina ondotik horren inguruan hitz egin behar zuten luzaz. Hor rol bat jokatzen zuten murder balads delakoek anglosaxoien kasuan, eta urkabe kantek euskaldunen artean.

Murder baladsek balada tradizionalen azpigenero bat osatzen dute, eta krimenak, horiek zigortzeko ezarritako heriotza zigorrak eta hilketaren ondorioak izan ohi dituzte aipagai. Perspektiba ezberdinetatik lantzen dituzte istorioak: batzuek gaizkilearen ikuspuntutik (Tom Dooley, adibidez); beste batzuk biktimaren azalean jartzen dira (Lord Randall, esaterako). Badira gertakizunak distantzia emozionaletik deskribatzen dituztenak (Lamkin, kasu). Eskandinavian, Ingalaterran eta Eskoziako hegoaldean jaio ziren balada horietako asko, eta jatorri kultural germaniarra dutela pentsatzen da. Balada horietako asko, idatziak izan arren, ahozko kulturaren parte bilakatzen ziren, jendeak buruz ikasi eta abestu egiten zituelako.

Gurean fenomeno honek urkabe kantuen forma hartu zuen, bertsopaperetan zabalduta. Patri Urkizuk luze eta zabal jardun zuen gaiaren inguruan Bertsolari aldizkariaren 112. alean: Urkaberako kantak direla-eta Jean Etchepare Donapaleukoaren konplaintak, 1873-1890.

Bertsopaperek funtzio itzela bete zuten albisteak eta iritziak zabaltzen, garai bateko kronika sozialaren bizkarrezurra bilakatzeraino. Eta, noski, hori horrela izanda, zigor sistemaren baitan rol jakin bat jokatzera iritsi ziren zenbaitetan. Urkabe kantetan ohikoa zen bertsolariak lehen pertsonan hitz egitea, zigortuaren ahotik: Hamalau heriotzak, Estudiante kondenatua… eta hemen hizpide dugun kasuan ere. Bertsoek gogor kritikatzen dute auzipetua, bere zigorra guztientzat eredugarri izan dadila opa dute, damua agertu eta arimaren salbazioagatik erregutu.

 

Garia eta odola

 

Muatzeko desgrazia podcasta

Hasier Etxeberria idazlea gaizkileen inguruko artikulu laburrak argitaratzen hasi zen ZuZeun, krimen horien bueltan sortutako kantuak ekarriz. Hura hil zenean, lan berean segitu nuen, eta horren ondotik etorri zen Euskal Gaizkileak podcasta. Hiru zutabe dauzka proiektu honek: batetik, ZuZeu hedabidea bera, proiektua koordinatu eta gidoiak idazteaz arduratzen dena; bestetik, BIEUSE taldea, bikoiztaile euskaldunen elkartea, ahotsak jartzen dituena Xabier Alkizaren gidaritzapean; eta, amaitzeko, IN estudioa, grabaketak egin eta audioak editatzeko eginkizuna daukana, Iñigo Etxarriren eskutik.

Zortzi atal publikatu genituen, tartean Muatzeko desgraziarena. Fikzioa sortzeak ematen dituen abantailetako bat lizentziak hartzea da, eta hartu genituen batzuk. Pisu handia izan zuen faktoreetako bat Joxe Frantzisko Tejeriaren emaztearen inguruan dagoen hutsunea da. Hau da, bortxaketa salaketa bat dago, eta bortxatuari ez zaio deklaratzeko eskubiderik ematen. Hori aintzat hartuta, eta irakurleari beste ezer aurreratu gabe, podcast serie honetaz gozatzeko gonbita luzatzen dut. Etxeberritxoren bertsoak ez zituen inork musikatu oraindik, eta Rafa Rueda arduratu zen horretaz.

Etzan patxadaz, igo bolumena eta murgildu istorioan.

 

 

Oharra: Mila esker Iñigo Aranbarriri gai honen inguruan emandako azalpenengatik.
Garia eta odola Garia eta odola Garia eta odola Garia eta odola Garia eta odola Garia eta odola Garia eta odola Garia eta odola Garia eta odola Garia eta odola Garia eta odola Garia eta odola Garia eta odola Garia eta odola Garia eta odola Garia eta odola Garia eta odola Garia eta odola Garia eta odola Garia eta odola Garia eta odola Garia eta odola