Ruben Sanchez
Ruben Sanchez

2025-09-04

Bertso-eskolen miraria: Aiaraldea

Bertso-eskolen miraria Aiaraldea –

Aurrekoan, idatzi nuen Arabako I. Bertsolari Txapelketari buruz. Araban bertsolari bat bizi zen, Bizkaitik etorritako Abel Enbeita 1982an. Handik bi urtera Bertsolari Txapelketa antolatu zuten. 1980 hamarkadan hasieran Xabier Amurizak idatzitako liburuak (Hitzaren kirol nazionala (AEK, 1981) eta Hiztegi errimatua (AEK, 1981) eta Zu ere bertsolari (1982, Elkar)) eta UEU-n emandako ikastaroak izan ziren pizgailua eta orduan hasi ziren Euskal Herrian zehar bertso eskolak sortzen. Zein zen lehenagoko egoera?

Bada, herri musika, aho literatura edo ofizioen transmisioan zegoen berdina: bertsolari izateko umetatik entzun behar zenituen bertsoak, zure etxeko norbaitek kantatuak, edo tabernan, edo… Bertsoak modu horretan entzuten zituztenetako batzuk gero hasten ziren bertsoak botatzen bat-batean, eta horri esaten zitzaion “bertsolari jaiotzea”. Alegia, sena edo hazia hor zegoen eta une batean, punba, lorea!

Bertsogintzak horrela bakarrik trasmititzen jarraitu balu, zokoratuko zukeen bertsoa batetik, soilik baserri mundukoa izatera eta, ziurrenik, gero eta etxe/taberna gutxiagotara. Amurizak liburu eta ikastaroen bidez erakutsi zuen bertsolaritza beste modu batera ere ikasi eta zabaldu ahal zela. Mirari bat izan zen eta gaur egun bertsolaritza dena, orduan eta horrela erein zen.

Araban Aiaraldekoak izan ziren bertso-eskola bat sortzen lehenak. 1981ean bertan Ion, Iosu eta Serapio Amurrio aldetik eta Txaber Laudiotik UEUn topatu ziren. Amurrio aldekoak etxeko lanak eginda joan ziren, Amurizaren liburuak irakurrita eta kasetean bertsoak entzunda, beldur zirelako beste guztiek bertsotan jakingo zutela eta eurak euskaldunberriak-eta… Amurizak kopla bat botatzeko eskatu zien, handik aurrera puntuz puntu igotzeko. Bazekiten bederatzi puntuko doinua, baina kopla baten doinurik ez, zer zen kopla? Hori lotsa.

Baina hurrengo urtean 81-82an, era autodidaktan hasi ziren biltzen. 82/83an Abel Enbeitarekin, hurrengo denboraldia Trino Azkoitiarekin, eta handik aurrera eurak bakarrik, berriz, hamar urtez, Aretako Tunel tabernan.

Amurizak berak hainbeste amestu ahal zuen?

Dokumentu eder bat uzten dizuet hemen, nire hitzek baino askoz hobeto orduko giroa trasmititzen duena: zertarako nahi zuten bertso-eskola bat sortu, ikastolara zabalduko ote zen, emakumerik etorriko zen, euskaldunberrien orduko sentimenduak eta kemena… eta Tuneletik ateratako argazki bat. Eta pare bat argazki 😉

Bertso-eskolen miraria Aiaraldea

Bertso-eskolen miraria Aiaraldea

Bertso-eskolen miraria Aiaraldea