Ruben Sanchez
Ruben Sanchez

2025-07-21

Higa: Arabako I. Bertsolari Txapelketa

1984eko ekainaren 10ean jokatu zen finala, gaur egun existitzen ez den Gasteizko Florida antzokian. Zutabe hau idazteko hasi naiz orduko testuak eta gauzak irakurtzen eta beste planeta batekoak dirudite, gaur egungo euskalgintza eta bertsolaritza mugimendu super profesionalizatuekin alderatuta (ondo, e!) (beno, tira). Hainbat datu extralurtar:

Arabako I Bertsolari Txapelketa –

Arabako I Bertsolari Txapelketa
Bertso eskola, Txustarenean
 
Hain zuzen ere, bi urte lehenago bi bertso eskola sortuak ziren Araban: Aretan Tunel tabernan eta Gasteizen Lantzale dantza taldeko lokalean eta gero Txusta tabernan. Gakoa izan zen 1981ean UEU-n Amurizak eman zituen ikastaroak, hortik etorri zen bi bertso-eskolak sortzeko ideia eta kemena. Gasteizen deialdi-paper bat atera zuten idazteko makinaz: “Ondo pasatu nahi dugu (eta bertsoak asko laguntzen du horretarako). Bertsoak, doinuak… ikastea, guk gureak egitea nahi dugu, baina joku bat bezala hartuz” (filosofia honekin ari dira Santutxuko eta beste lekuetako bertso eskolak; gauza bera diosku Amuritzak bere “Bertsolaritza” liburuan).
 
1982ko ekainaren 10erako egin zuten hitzordua, ostiralarekin. iluntzeko 20:30an. Ordurako hitz egin zuten Araban bizi zen bertsolari bakarrarekin, Abel Enbeitarekin.
 
16 lagunek eman zuten izena. kalkulu azkar bat eginez, erdiak euskaldun berriak. Beste erdiak, Arabara bizitzera etorritako euskaldunak eta Aramaioko bat. Partaide haietako bat, txapelketa ofizial batean inoiz kantatu duen lehen emakumea izan zen, Amaia Otsoa. Karmele Madinabeitia bertso eskolako kidearekin batera bertso eskolan geratu ziren emakume bakarrak izan ziren, eta biak euskaldun berriak. Honela gogoratzen zuen Otsoak: “Zuek ez zineten gehiegi kortatzen, baina gogoratzen naiz askotan Karmele eta biok erdi haserre erdi nekaturik esan behar izaten genizuela «hori matxista da» monogaiaz aritzen ginenean eta baten batek erantzuten zuela «bertsotan dena onartzen da» (freskotasunaren izenean). Hemen ere denok tolerantzia ikasi behar! Hala ere, talde ederra osatzen genuen, maitasun handiz gogoratzen ditut ostegun guzti horiek”.
 
Txapelduna Juan Isasi “Txinotxu” izan zen, Bilbotik Gasteizera bizitzera etorritako euskaldun berri bat, Bigarren Gasteizen bizi zen Aramaioko Xabier Ormaetxea “Txerren”. Txinotxuk ezustean irabazi zuen txapela, irabazi eta kantatzeari utzi biak bat. Gehiegizko presioa sumatu zuen, pianoa eta dantzan ari zen, gauza gehiegi… Txinotxuren perla hauek ere ez dute preziorik: bakarkakoan “Araban euskarak bizirik iraungo al du?” gaia tokatu zitzaidan, eta horrek luzitzeko aukera ematen zuen, garai hartan oso gai aproposa zen, aldez aurretik landua geneukan horietakoa. Bertso onak atera zitzaizkidan eta horregatik irabazi nuela uste dut […] Txapelaren kontuarekin hedabideak etorri ziren, plazak ere egin behar nituela, ez dakit zer herritara joan, edo ikastola batera… eta ni ez nengoen prest, lagun artean ondo, baina jendaurrekoa… […] Oso jende gutxik dakien kontu bat esango dizut, pentsa ezazu, finala Florida antzokian igandez jokatu genuen eta hurrengo igandean, antzoki berean, jazz dantza talde batekin joan ginen dantza saioa egitera malla eta guzti, ez dut uste bi saioetan egon zen pertsona bat ere dagoenik, kar, kar…
 
Abel Enbeita izan zen Arabako bertso eskolen gidari eta Txapelketaren bultzatzaile nagusia. Berak borrokatu zituen diru laguntzak, komunikazioa eta abar. Eta txapelketa txapelketa da, noski, baina txapelketa baino gehiago egun hartan “Araban ere bertsotan ari gara” edota “Araba euskalduna” izan ziren kolektiboki plazara atera nahi izan zutena, beren euskarazko jolasa ezagutzera eman eta aldarrikatzea alegia. Beharbada, orduan ohartu ziren bertsoak biak zituela jolasa eta jokoa, eta jolaserako bai baina jokorako prest ez zeudela oraindik.
Arabako I Bertsolari Txapelketa  Arabako I Bertsolari Txapelketa