Aissa Intxausti
Aissa Intxausti

2023-05-16

Urduritasuna eta kontzentrazioa

Urduritasuna eta kontzentrazioa –

Sarritan galdetu izan didate ea oraindik urduri jartzen naizen saioetan. Beste ohiko galdera bat ea nola kontzentratu gaitezkeen hainbeste izaten da. Ziur aski bertsolari haina erantzun egongo dira bi galdera horientzako, baina nik nire esperientzia kontatuko dut. Agian norbaitentzat baliagarria izan daiteke. Spoiler: oso urduria naiz eta kontzentratzea kostatzen zait.

 

Urduritasuna eta kontzentrazioa

 

Urduri nagoenean gorputza eta burua bi ente desberdin direla sentitzen dut. Askotan artega nago eta ez dakit zergatik, baina tripek badakite, eta gerora deskubritzen dut arrazoia nik. Beste batzuetan badakit zergatik, baina lasaitzeko mezuak ez zaizkio heltzen urdailari.

Sabela aipatzen dut, modu horretan identifikatzen dudalako urduritasuna: tripako minak, pintxazoak, gose falta eta kaka biguna. Edozein txikikeriak jartzen nau horrela; beraz, edozein bertso saiok ere bai. Urduritasun maila aldatu egiten da saioaren arabera: batzuetan esnatzen naizenerako hor dago eta beste batzuetan kantatzen hasi aurreko minutuetan azaltzen da ziztada, baina beti dator noizbait. Saiatzen naiz kanpora botatzen, eta tripan masajea ematen dut, arnasketa sakon bi egin, edo komunera joan eta salto arraro erridikulo batzuk egin, joan dadin eta bakean utzi nazan.

Hala ere, kantuan hasi orduko baretzen da. Hasierako agurra eta gero lasaitu egiten naiz, edo ahaztu egiten zait urduritasuna. Agian burua beste nonbait dudalako, bertsoan kontzentratzen naizelako.

Nire yogako irakasleak dio kontzentrazioa orain eta hemen egotea dela, burua hutsik izateko gaitasuna, eta arnasketan soilik pentsatzekoa. Nik ez dakit hori egiten, burua beste edonora joaten zait, eta yogako klaseak iraun bitartean astean zehar egin beharrekoa errepasatzen dut, erosketak planifikatu, momentuan buruan daukadan gatazka horri beste ehun eta bost buelta eman… Zaila da niretzat burua gelditzea, baita gauza batean soilik pentsatzea ere.

Bertso saioetan, ordea, gai naiz bertsoa osatzeko ditudan segundu horietan horretan soilik pentsatzeko. Azterketetan ere nire burua oso azkar doa, baina fokua behar duen lekuan dauka. Presiopean soilik gertatzen zait hori. Bai, lanak azken egunean goizaldean egiten dituen pertsona gorrotagarri horietakoa naiz, azken momentuan soilik ematen dut dena, besterik geratzen ez zaidanean. Uste dut horrelakoa naizelako ez ditudala bertso-paperak idazten. Azkenengo unean egingo nituzke eta ez nuke inprobisatuen kalitatea hobetuko.

Ez dakit, yogako irakasleak agindu bezala, burua zuri jartzen, baina badakit 20 segundutan 50 gauza pentsatzen eta horietatik nahi dudana hautatzen, soilik horretara egoten. Agian kontzentratzeko bi modu ezberdin dira, funtzionatzeko bi modu.. ez dakit.. badago bertsolaririk yoga ongi egiten dakienik?

Esan bezala, ziurrenik bertsolari bakoitzak bere urdaileko korapilo propioa izango du, eta hori kudeatzeko modu ezberdinak, baina horrela bizi ditut nik saioak, eta hemen idatzita uzten dut hurrengo bertso-afari batean nire alboan tokatu zaionak konpromisoz edo gairen bat ateratzearren galdetzen didanerako, benetan interesatua egonez gero kasualitatez.

Urduritasuna eta kontzentrazioa